Egunotan agerian gelditu diren totemak berrerabilitako egurrezko paletakaz egin dira. Horietan, informazio-panelak daude, hondakin errealen erakustaldia konbinatuta, batez ere ontziak (latak, plastikoak...) eta botilak, "gure kaleak gehien zikintzen dituztenak, bereziki asteburuetan", adierazi dute udal-arduradunek.
Besteak beste, egitasmo horregaz gogorarazi gura da, herritar eta merkatari askoren banakako erabakiari esker, Getxon 44,35 kg/biztanle/urteko bildu direla edukiontzi urdinean (kartoia eta papera); 25 edukiontzi berdean (beira) eta 21,54 edukiontzi horian (latak, plastikozko ontziak eta brikak). Eta edukiontzi grisera (errefusa) joaten diren 250 kg/biztanle/urteko gehienak edukiontzi marroira eramateko erronka geratzen dela. Alde horretatik, hondakin bakoitza behar bezala gorde behar dela azpimarratzen da.
Azken edukiontzi horren harira, EH Bilduk deitoratu du egitasmo horretan organikoaren bilketa eta edukiontzi marroia ez dela aipatu kasik. "EH Bildutik 'lagundu' egin diegu euren kanpaina osatzen, konpostari eta organikoaren bilketari buruzko informazioa paneletan jarriz, eta gogoraraziz PNVk eta PSEk 2018an EH Bildurekin sinatutako akordioa urratzen ari direla", salatu du ohar bidez koalizio abertzaleak. Era berean, gogoratu du, lortutako akordioak, besteak beste, organikoaren bilketa bultzatzeko komunikazio-kanpaina bat jasotzen zuela: "Hau da, Udalak hasitako kanpainaren guztiz kontrakoa".
“Gure etxea garbi eduki dezagun, birziklatu!” izeneko kanpaina ibiltaria, Ecovidriok eta Ecoembesek finantzatuta, aipatutako tokian izango da otsailaren 1era arte (astelehena). Handik, Algortako Telletxe plazara eramango da.
Totemak
Bi egitura-eredu ikus daitezke; totem horiak (2 unitate) edukiontzi horian biltzen diren hiru hondakin-motak erakusten ditu, hau da, alde bakoitzean hondakin-mota bat: latak, brikak eta plastikozko ontziak; guztira, 215 hondakin inguru. Ontziaren laugarren aldea edukiontzi horiarekin zerikusia duten edukiak txertatzeko erabiltzen da: bota beharreko hondakinak eta Getxon jasotako datuak.
Beste totem-ereduan (2 unitate), ontzien laginean, beirazko ontzien bilketa bereizia da nagusi, eta alde oso bat hartzen du hondakin-mota horregaz (botilak, poteak eta beirazko flaskoak). Beste aldeetan hiru panel daude, gainerako bilketei buruzko informazioa bereizita dutela: urdina, marroia eta errefusa (edukiontzi grisa).
Egitura horiek herritarrei lagundu gura diete hondakin batzuen xedeagaz izan ditzaketen zalantzak argitzen eta kalitatezko bereizketa bultzatzen.