COVID-arauak ez betetzea egotzita, 262 zigor-proposamen egin dituzte aste-akabuan

Erredakzioa 2021ko ots. 15a, 12:09

Artxiboko irudia.

Getxoko Udaltzaingoak 262 zigor-proposamen bideratu ditu aste-akabuan COVID-19ari aurre egiteko araudia ez betetzeagatik. Iturriek azaldu dutenez, arau-hausterik ohikoenak izan dira kalean edari alkoholikodunak kontsumitzea, gehienezko lau pertsonako taldeak gainditzea eta 22:00etatik aurrerako zirkulazioa eta udalerri konfinatura sartzeko murrizketa ez errespetatzea.

Asteburuan burututako jarduketen artean, Galea aldean 37 zigor proposamen jarri dira, eta beste 22 pertsona identifikatu dira, lau pertsona baino gehiagoko taldeetan kalean edaten egoteagatik, baten bat ez zelako Getxokoa edo ez zuelako maskararik. Bestalde, Azkorri hondartzatik gertu, 13 pertsona salatu dituzte lau laguneko taldeen muga ez errespetatzeagatik. Era berean, bost establezimendu salatu dituzte ezarritako osasun-neurriak ez betetzeagatik, baina nabarmendu behar da, oro har, ostalaritza ireki ondoren osasun-gomendioak errespetatu direla.

Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea eta gogoratu du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara) eta burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez), besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun