San Nikolas ikastolatik baserrira

Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 09:51

Baserriko abereak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera dute ikastolako ikasleak. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Algortako San Nikolas ikastolak bere ikasleak naturan murgiltzeko proiektu pedagogiko praktikoa eta berritzailea jarri du martxan. Yauri etxaldeagaz batera, ikasleei aukera eskaini diete naturan eta animaliakaz esperientziak bizitzeko eta biodibertsitateaz ikasteko, besteak beste.

Ikasketa esanguratsua lortzeko bidea askotariko esperientziez osatuta egon behar duela uste du San Nikolas ikastolak; hori dela eta, emozioak bizitzea eta zentzumen guztien bidez errealitatean kokatzeak garrantzia berezia hartzen duela uste dute eskola horretako arduradunek. Hala, Getxoko ikastola horrek akordio bat itxi zuen 2019an Yauri etxaldeagaz elkarlanean aritzeko, eta, ikasturte honetan zehar, proiektuari ekin diote. Egitasmo berezi horren helburua da ikasleentzako baserriko bizitzan oinarritutako ibilbide pedagogiko osoa eraikitzea. Horregaz, gainera, arduradunek azpimarratu dute ikastolaren “laborategi pedagogikoa” praktikara eramatea lortu dutela.

Yauri etxaldeko proiektua

Ikastolatik hurbil dagoen baserri bat da Yauri etxaldea; bertan, produktu ekologikoak ekoizten dira, eta baserriko askotariko animaliak daude. Gainera, natura erdian aurkitzen denez, inguruko biodibertsitatea askotarikoa eta zabala da.

Ekimen horren protagonistak, beraz, San Nikolas ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleak dira, baserriaren berezitasunak errealitatean esperimentatzen dituztenak. Ikasleek Yauri etxaldea bisitatzen duten bakoitzean askotariko ekintzak egiten dituzte, hala nola lurra prestatu, goldatu eta haziak erein. Horrela, arduradunek nabarmendu dutenez, ikastolaren baloreakaz bat eginez, ikasleen artean auzolana sustatzea eta garatzea lortu du hezkuntza zentro horrek.

Yauri etxaldeko proiektuagaz, ikasleek esperientzia berrien bitartez ikasten dute, eta naturarekiko duten konpromisoa sendotzea lortzen dela diote arduradunek.

Horrez gainera, azpimarratu dute umeen artean elikadura osasungarria sustatzeko baliagarria dela proiektua, etxaldean landatzen diren elikagaiak barazkiak eta fruituak baitira nagusiki. Ikasleek, hortaz, haziak landatu eta prozesu osoa ulertzeaz gainera, elikagai horien inguruko informazio osoa jasotzen dute zuzenean, dituzten abantailak eta onurak ikasita. Gainera, elikadura ekologikoaz eta jasangarritasunaz ere hausnartzeko aukera dute bertan. Izan ere, denboraldiko produktuak zeintzuk diren eta bakoitzaren tratamendua nolakoa izan behar den identifikatzen ikasi ahal izango dute ikasleok. Horren adibidea da ikastolak martxan jarri duen “Artaro” egitasmoa: "Horrekin, ikasleek ekainean ereindako uzta urrian bildu ondoren, taloak egiteko arto irina lortzeko prozesu osoa jarraitzen dute. Bestetik, etxaldeko animalien jaiotzak eta bizitzak zuzenean jarraitzeko aukera ere badute".

Horrek guztiak naturaren erritmoa begirunez onartzea eta errespetatzea dakar. Izan ere, Josu Elortegi San Nikolas ikastolako zuzendari pedagogikoak dioenez, “ikasleak emozioz beterik bizitzen dituzte esperientzia berri hauek, eta, aldi berean, naturarekiko duten konpromisoa sendotzea lortzen dugu”. Horregaz batera, bertoko euskararen bilketa eta azterketa ere sustatzen da. “Gelan euskara batua ikasten eta lantzen duten bitartean, bizkaiera eta Getxokoa bereziki ikasteko aukera dute umeek, Yaurin oraindik altxor hori gordetzen baita”, Elortegik gogoratu duenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun