Gaztetan Algortako Hezetasuna auzoan ortutxo bat lantzen ibili zen Beñat Bilbao, lagun-taldeagaz. Pixkanaka-pixkanaka nekazaritzaren sekretuez jabetzen hasi eta, lorezain modura lanean zebilela, horretaz bizi gura zuela erabaki zuen. “Beti izaten nuen buruan ea lur-zati bat aurki nezakeen soloa egiteko”, dio Bilbaok. Hala ibili zen, han eta hemen, lursailaren bila, Yauri Etxaldeko Juanan aurkitu zuen arte: “Urte luzez ibili naiz beragaz lanean, ahal nuen guztian laguntzen, bera jubilatu den arte. Joan den abendutik ofizialki bertoko soloaz eta abereez arduratzen naiz”.
Aitortzen duenez, “zortekoa” da bera, Getxoko Bolue hezegunearen atzealdeko lur-eremu horretan behar egiteko aukera izan duelako; izan ere, dioenez, lurra lortzea da zailena nekazaritzaren bizimoduari ekiteko: “Soloa serio hartuta bizitza aurrera atera daiteke, lurretan gastu handi-handirik ez baduzu; bestela, oso zaila da, ezinezkoa ez esatearren”. Hala ere, bestelako aukerak ere badaudela dio, berbarako Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen landa-lurzoruaren funtsa: “Gaur egun lur-eremu handi bi daude Loiun, 6.000 metro koadrokoak, alokairu oso duin baten truke, baina ez ditu inork hartzen. Egia da baldintza zehatz batzuk bete beharra dagoela horiek eskuratzeko: profesionalizatzea, proiektu bat garatzea eta aldi bateko segimendua egitea, besteak beste”.
“Soloa serio hartuta bizi daiteke, lurretan gastu handiegirik ez baduzu; bestela oso zaila da, ezinezkoa ez esatearren”
Produktu ekologikoak edo kilometro zeroko elikagaiak modan jarri diren arren, gaur egun baserritarrek dituzten beste zailtasunetako bat eurek ekoiztutako produktuak erregulartasunez saltzeko leku aproposak ez daudela dio Bilbaok. Era berean, bezero gazteak lortzea erronka handia dela azpimarratzen du: “Neska-mutil gazteak denda handietara joaten dira erosketak egitera, erosotasunagatik edo. Nik hemen etxaldean dugun txokoan saltzen ditudan gauza denak adinean aurrera egindako jendeak erosten ditu batez ere. Interes handiagoa dute helduagoek baserrikoak diren produktuak erosteko”. Ortuak emandako produktuak Yauri Etxaldean saltzen ditu Beñatek, baina baita norbanako askori ere. “Zorte handia dut kasu honetan ere, Juananen bezero-poltsa jaso dudalako. Bestela, oso zaila izaten da produktua merkaturatzea”. Horrez gainera, produktuak kalean saltzeko plaza edo bendeja egiteko lekuen beharra azpimarratu du baserritar getxoztarrak, “baina leku horiei garrantzia eman behar zaie; ezin dira aspaldiko huts berdinak egin. Beharrezkoa iruditzen zait profesionalizatzea, bestelako edozein lanbidegaz berdindu ahal izateko”.
Uribe Kostako azken abeltzainak
Ortua lantzeaz gainera, abeltzaina ere bada Bilbao. Gaur egun 30 behi, astoak, untziak, oiloak eta txerriak ditu, besteak beste. Hala ere, abeltzaintzaz lortutakoa oso murritza dela aitortzen du: “Animalien gaiak ez dauka irtenbiderik. Oso garestia a mantentzea eta horietatik lortzen ditudan produktuak oso merke saldu behar ditut. Animaliakaz bizimodua ateratzea zaila da”. Getxoztarrak uste du horregatik ez dagoela abeltzain askorik eskualdean.