Zer da Zura eta ura proiektua?
Erakusketa bat baino gehiago da; bi dimentsio dituen proiektua da: alde batetik, fotografikoa, eta, bestetik, literarioa. Osagarriak dira biak.
Emaitza gogoeta koral bat dela diozu. Zein da hausnarketa hori?
Proiektuan parte hartu dugunon artean egindako gogoeta bat da. Zeren inguruan? Bada, azkenengo hamarkadetan gure arrantza-portuetan emandako transformazioaren ingurukoa; zuraren ordez material sintetikoak agertu dira, hala nola beira-zuntza, poliesterra eta plastikoak. Eta, horiek sartu diren neurrian, eraldaketa nabaria da paisaian, kolorean batez ere. Kolorea galdu dute gure arrantza-portuek, baita testurak ere. Gaur egungo arrantza-portuak ikusita atzemango dugu den-denak kirol-portuen antzekoak direla: eremu-zuri bihurtu dira.
Zer esan gura du egurraren galera horrek?
Arrantza-portuen deforestazio bat egon dela diogu, egurra galdu ahala aniztasunaren galera etorri delako. Zuritasuna da nagusi orain, desertifikazio kromatikoa dago.
Gogoeta, baina, ez da horretara mugatzen bakarrik, ezta?
Ez; gure gogoeta apur bat harago doa. Galera bat dago, identitatearena, eta, zer esanik ez, ofizio baten galera baita ere. Azken finean, itsas arotzeria edo zurgintza galdu dira; itsas zurginak gaur egun, praktikan, ez dira existitzen.
"Bilboko Itsasmuseum-en eta bere zuzendariaren lankidetzari eta laguntzari esker lortu dugu proiektua aurrera ateratzea"
Gogoeta hori eragiteko zeintzuk baliabide erabili dituzue?
Alde batetik, argazkiak, gure arrantza-portuek zer ziren erakusteko; gehienak duela 20-25 urtekoak dira. Eta, bestetik, poemak, narrazio laburrak, saiakerak... Idazleek berariaz idatzitakoak. Gainera, itsas arotz ohi batek ere parte hartu du proiektuan, baita pintore eta paisajismoan aditu bana ere.
Zeren arabera parte hartu dute ondoko zutabean daudenek proiektu horretan?
Aspalditik buruan jira eta bira nuen proiektua da; nire aldetik, horrelako gogoeta txiki bat ekartzen nuen, eta argazkiak hori dira. Baina horri guztiari orain duen dimentsioa emateko, eta gauzak mamitzen hasi nintzenean pentsatu nuen bilatu behar nuela itsasoarekin eta arrantzarekin loturaren bat duten idazleak. Horiek, horrela, euren bizipenak, sentsazioak eta esperientziak kontatu dituzte, besteak beste.
Abenduan abiatu zen erakusketa Bilboko Itsasmuseum-ean, baina ibiltaria izango da, ezta?
Bai, abenduaren 28an aurkeztu genuen, eta, momentuz, irail-urrira arte egongo da bertan. Gero, asmoa da Donostiako Aquarium-era eramatea, eta, ondoren, Baionako Euskal museora. Ameriketara ere eraman nahiko genuke, baita herrietan zerbait egitea ere. Bitartean, beste helburuetako bat liburua egitea zen, eta egin dugu. Dotorea da, hortxe dago denen eskura, testigantzak jasota, salgai
Proiektuan parte hartu duten egileak:
Konrado Mugertza
Humberto Astibia
Leire Bilbao
Itxaro Borda
Unai Elorriaga
Jesus Mari Lazkano
Anjel Lertxundi
Miren Agur Meabe
Felipe Murelaga
Jokin de Pedro
Jon Ruigomez
Kirmen Uribe
Arantxa Urretabizkaia