Larrañazubiko ingurumen-guneak konposta egiteko instalazioa izango du

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 09:19

Getxoko Udalak eta Garbiker Foru Sozietate Publikoak, Bizkaian hondakin solidoen tratamendua kudeatzen duen erakundeak,  lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute Larrañazubiko udal ingurumen-gunean konposta egiteko planta bat instalatzeko eta ustiatzeko.

Akordioak, bere helburuen artean, jatorri organikoa duten hiri-hondakinen kudeaketa jasangarria lortu gura du, konpostajearen bidez, eta, horrela, zabortegira botatzea saihestuz. Konpostatzea hiri-hondakina biologikoki egonkortzeko tratamendua da, azkenik, lorategietan, parkeetan, jardineretan eta bestelako eremu naturaletan erabiliko den konposta lortzeko. Tratamendu-mota hori martxoaren 1etik aurrera erabiliko da Bizkaian gure hiri-hondakinen materia organiko osoan, hau da, landare- edo animalia-jatorriko hondakin guztietan, haragia eta arraina barne. Gaikako bilketa hori estalki marroia duen edukiontziaren bidez egiten da, eta, horretarako, irekitzeko txartela eduki behar da.

Aurrekariak

“Getxo eta Garbikerrek hainbat ikerketa egin dituzte azken urteetan, hiri-hondakin organikoaren zati horri tratamendu hobea emateko beste teknologia batzuk topatzeko, bai emaitzari bai tratatutako kantitateari dagokionez. Hori dela eta, Garbikerrek erabaki du gure ingurumen-gunean frakzio organikoa tratatzeko plantetako bat ezartzea”, azaldu du Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotzi Joseba Arregik.

Getxon, Garbiker-ek egingo duen instalazioari, “proba pilotu gisa, hondakin organikoaren hezetasuna gutxitzeko airearen tratamendu-prozesua gehituko diogu, tratamendu-ahalmena nabarmen handitzeko, instalazioa edo instalazio berriak handitu gabe”, aurreratu du Arregik.

Horregatik, Getxok eta Garbikerrek iritzi diote aukera estrategiko bat dela “esperientzia partekatu hau” garatu ahal izatea, jatorrian gaika bildutako materia organikoa konposta egiteko instalazioa ustiatzekoa. Larrañazubiko hondakinak tratatu eta kudeatzeko instalazioak dauden eremuan ipiniko da planta. Izan ere, gune horretan instalazio hauek aurkitzen dira: Transferentziagunea, urteko 90.000 tona hartzeko ahalmena duena, itxieraren osteko fasean dagoen zabortegi bat, hondakinak gaika biltzeko Garbigune bat, gas-estazio bat eta Ingurumen Aretoa. Materia organikoa tratatzeko planta berriak, beharrezko duen makineria izango du: konpostatzeko erreaktore bertikala, birringailua eta bahegailua, baita hainbat ekipamendu esperimental ere, hezetasuna kentzeko.

Garbikerrek bere gain hartuko du plantako makineriarako, egokitze-lanetarako eta mantentze-lanetarako egin beharreko inbertsioa. Udalak instalazioa ezartzeko behar diren eremuak utziko ditu, langileak jarriko ditu eta bere gain hartuko du ekipamendu esperimentalen alokairua, bai eta hornidurek eragindako gastuak ere (ura, argia, erregaiak, etab.). Bi erakundeek partekatuko dituzte eskuratzen diren ezagutzak eta tratamenduaren emaitza den produktua (konposta).

Lankidetza hitzarmenak aurtengo abenduaren 31ra arte iraungo du, baina lau urteko epera arte luzatzea erabaki edo adostu daiteke. Udalak eta Garbikerrek lan-batzorde bat sortuko dute, emaitzen jarraipen bateratua egiteko eta aldeen jarduerak koordinatzeko, helburu bateratuak lortzeko esperientziak trukatze aldera

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun