"Kultura gizarte baten baloreen transmisioa da, komunitatearen kohesiorako tresna indartsuenetarikoa"

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 22a, 10:06
Torrene aretoaren itxiera egiteko protesta egin zuen ere Artibistak eragileak iaz.

Udalerriko kultura babesgabetuta dagoela eta horrekiko Udalaren utzikeria salatu dute Getxoko hainbat elkartek. Kulturaren garrantzia azpimarratu dute, komunitatearen kohesiorako tresna "indartsuenetarikoa" delakoan; baina, horri babesa eta sostengua eman beharrean, kontrakoa jaso dutela deitoratu dute. Horren adibide jarri dute Torreneko aretoaren itxiera, jai batzordeekiko zein beste elkarteekiko elkarrizketa falta eta eremu publikoak erabiltzeko debekuak, besteak beste. Dena dela, oztopoak oztopo, herri-kultura sortzen jarraituko dutela iragarri dute.

Aste gutxi barru urtebete beteko da COVID-19aren pandemiak gure bizitzak errotik eraldatu zituela. Gaitz horrek gogor kolpatu du gure herria, eta, kaltetuen artean, kulturaren sektorea mahai-gaineratu dute orain udalerriko hainbat elkartek. "Pertsonon arteko interakzioak, mugikortasuna, espazio itxiak eta aglomerazio handiak mugatzea ekarri duen pandemia honen ondorioz, kultura egin, kontsumitu eta gozatzeko zirkuitu nagusiak eten dira azken urtean. Egoera honek oso egoera zailean utzi du ezinbestekoa den eremu kulturala", ondorioztatu dute.

Getxoko esparru kulturalaren egoera "oso zaila" dela azpimarratu dute elkarteok, herriko kultura babesgabetuta eta horrekiko utzikeria dagoelakoan. Deitoratu dute ez dutela inolako babesik ezta sostengurik jaso Getxoko Udalaren partetik: "Kontrako sentsazioa dugu: Torreneko aretoaren itxiera, jai batzordeekiko zein beste kultur elkarteekiko elkarrizketa falta, espazio publikoa erabiltzeko debekua, baliabide publikoak erraztu ez izana...". Horren harira, uste dute euren sektoreak "konpromiso argia" erakutsi duela pandemiak eragin dituen murrizketa eta neurriak hartzerako orduan, baina egoera horrek kulturarekiko eragin duen larritasuna kontutan hartzen ez dela uste dute. Izan ere, udalerriko kultura modu seguruan egin eta jasotzeko baliabideak jarri beharrean, kontrakoa jaso dutela deitoratu dute. Era berean, salatu dute ez dutela parte hartzeko aukerarik izan udalerriko kultur planifikazio, programazio eta kudeaketan.

Dena dela, arazoak arazo, eta egoera samurra ez den arren, udalerriko kultur eragile eta norbanakoek argi adierazi gura izan dute, "oztopo guztien gainetik ere", herri-kultura sortzen jarraituko dutela.

Udalerriko kultur eragileek sinatutako oharra, osorik:

HERRI KULTURA BABESTU

Oztopoen gainetik, aurrera!

Hilabete eskas barru, urtebete beteko da covid19aren osasun pandemia gure bizitzetan geratzeko etorri zenetik. Pandemia honek gogor kolpatu du gure herria, eta larrialdi sanitarioaz gain, sektore asko eta asko oso kaltetuak izan dira egoera honetan.

Kulturaren esparrua sektore horietako bat da, zalantzarik gabe. Pertsonon arteko interakzioak, mugikortasuna, espazio itxiak eta aglomerazio handiak mugatzea ekarri duen pandemia honen ondorioz, kultura egin, kontsumitu eta gozatzeko zirkuitu nagusiak eten dira azken urtean. Egoera honek oso egoera zailean utzi du ezinbestekoa den eremu kulturala.

Izan ere, irakurketa hau sinatzen dugun eragileok kulturak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, orain inoiz baino gehiago. Kultura ez baita ekoizpen artistiko, audiobisual edo folklore hutsa, leihatila batean erositako tiket baten truke kontsumitzen dena. Kultura gizarte baten baloreen transmisioa da, komunitatearen kohesiorako tresna indartsuenetarikoa. Eta nola ez, sektore honetan lanean dauden hainbat pertsona eta familien sostengua ere bai. Hori guztia kontutan hartu behar da eremu honetaz ari garenean.

Beste toki askotan bezala, Getxon ere esparru kulturalaren egoera oso zaila da. Gure herrian, eremu honetan lan egiten dugun elkarte, eragile zein norbanako asko gaude: sortzaileak, musikariak, kultur elkarteak, dantza taldeak, jai batzordeak, teknikariak eta abar luzea. Eta gehienok iritzi berdina konpartitzen dugu: herriko kulturaren babesgabetasuna eta honekiko utzikeria.

Sektorearekiko babesa eta sostengua jaso beharrean, kontrako sentsazioa daukagu: Torreneko aretoaren itxiera, jai batzordeekiko zein beste kultur elkarteekiko interlokuzio falta, espazio publikoa erabiltzeko debekua, baliabide publikoak erraztu ez izana... Gure ustez, gure sektoreak konpromiso argia erakutsi du osasun pandemiak suposatu izan dituen murrizketa eta neurriekin, baina egoera honek kulturarekiko eragin duen larritasuna kontutan hartzen ez dela uste dugu. Herriko kultura modu seguruan egin eta jasotzeko baliabideak jarri beharrean, kontrakoa egiten ari dela deritzogu.

Gure herria kulturalki oso aberatsa da. Eragile anitzak gara eta gure herriaren bizitza sozialerako oso garrantzitsuak. Hala ere, gure ustez sektorea ez da behar eta merezi duen errespetuz eta begirunez tratatzen. Osasun pandemiarekin gertatzen ari dena horren adibide argia da, baina hortik haratago ere, ez dugu herriko kultur planifikazio, programazio eta kudeaketan beharko genukeen espazio eta parte hartzea.

Egoera ez da samurra, baina idatzi hau sinatzen dugun kultur eragile eta norbanakook argi adierazi nahi dugu oztopo guztien gainetik ere, herri kultura sortzen jarraituko dugula!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun