"Aretoa lapurtu diote herriari" esanez hasi dute ekitaldia, bertan bildutako jendearen aurrean, horietatik dozena bat inguru Artibisten deialdiari erantzun eta beltzez jantzita joandakoak. Azpimarratu dutenez, askoz gehiago izan dira aldarrikapenaz bat egin duten baina gaur bertara joan ezin izan direnak. Areto duinak lortzeko borroka egiten jarraituko dutela iragarri dute, eta besteak beste sinadura-bilketa egiten hasteko asmoa dutela adierazi diote HIRUKAri.
Hasierako berbaldi laburraren ondoren, Gorkripta kantariak rap bat abestu du euskaraz, Getxoko Udalak hartutako erabakia eta kulturari ematen zaion laguntza eskasa kritikatuz. Haren ostean, Oier Garamendik eta Madera Ilegalek Mikel Laboaren Baga Biga Higa kantatu dute. Abestiagaz batera, Ainhoa Ortellesek Jorge Oteizak Quosque tandem liburuan idatzitako poema bat irakurri du, Ortellsek berak sortutako lerro batzuk gehituta hasieran: "Badirudi ez duzuela ulertzen / Edo agian ez zarete ulertzera iristen / Herria kultura dela".
Joan den uztailean Amaia Agirre Getxoko alkateari idatzi bat bidali zion Artibistak kolektiboak, Torrenen egindako aldaketaren arrazoiez galdetuz eta bertakoren ordez Romoko Kultur Etxean ipini duten erakusketa-areto berriak behar bezalako kondiziorik ez duela adieraziz. Kolektiboa kexatu egin da alkateak emandako erantzuna "laburra" eta "ez oso landua" izan zelako.