Birgaitze-proiektuaren eta obraren bidez, nabarmen hobetu gura dira lurpeko komun horiek. Horretarako, udal-iturriek adierazi dutenez, ahalik eta funtzionaltasun handieneko diseinua egin gura da, "herritarren erabilera erosoagoa izan dadin, kalitate arkitektonikoa izan dezaten, iraunkortasun handia izan dezaten, garbitzeko eta mantentze-lanak egiteko erraztasuna izan dezaten, eta eraikina osatzen duten materialak eta elementuak erraz berritu daitezen".
Bestalde, proposatu den soluzioak, komunen erreforma integralaz gain, kanpoko jarduketa bat proposatzen du, haien barnealderainoko irisgarritasuna konponduz, plazari eta Bizkaia Zubiaren inguruari ahalik eta kalterik txikiena eginez. Halaber, proiektuak aurreikusten du komunen barruko altuera librea handitzea.
Ekipamendu berriak, bere garaian aurreratu bezala, bi sexuetarako komun bereiziak izango ditu, eta horiei ezgaitasuna dutenentzako komun misto bat gehituko zaie, haurtxoentzako aldagailu bat izango duena.
Lanek dirauten bitartean eragozpenak arintzeko, behin-behineko komun-ontzien modulu bat jarri da plazaren albo batean, herritarrek erabil dezaten.