Getxoko TAO zerbitzua egokituko dute, herritarren ekarpenak jaso ondoren

Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 11:27

Algortako Aretxondo, Caridad eta Satistegi kaleak; Areetako Embarcadero kalea; Algortako geltokiaren gaineko zabalgunean planteatutako Express eremua kentzea; eta Itzubaltzeta/Romon Express eremua sortzea (merkataritza-sektoreak eskatuta) dira Aparkatze Arautuaren Zerbitzurako (TAO) behin betiko proposamenean jasotako herritarren ekarpen batzuk. Eremu berriak 2022aren hasieran hasiko dira martxan.

Azaroaren 19tik abenduaren 3ra Itzubaltzeta/Romon, Algortan eta Areetan egindako erakusketetan guztira 190 ekarpen jaso ziren (horietako 6 baliogabeak eta 15 Getxon erroldatu gabeko pertsonenak). Udal-iturriek azaldu dutenez, parte-hartzaileen %40 inguruk TAO Getxoko beste eremu batzuetara zabaltzeko eskatzen zuten. Ekarpen batzuk balioztatzeko eta beste batzuk ezesteko, aztertu da zer ondorio izango lituzkeen bai egoiliarrentzat, bai zerbitzuarentzat berarentzat, eta aztertu da ea aparkatzeko aukera izango luketen, ez bakarrik sartu gura zen eremuan, baita inguruetan ere.

Balioztatutako ekarpenak

Azterketaren ondorioz, aldaketa hauek onartu dira:

  • Algorta - 1 eremuan Aretxondo, Caridad eta Satistegi kaleak sartuko dira TAOn, baita kale horietatik bizilagunen txartela eska dezaketen etxebizitzak ere. Bertan bizi direnek eskatu ondoren eta beren berezitasuna ikusita sartu da, TAO gunez inguratuta baitaude eta inguruan zerbitzu arauturik gabeko aparkalekua bilatzeko aukerarik ez baitute.  
  • Algortako metro-geltokiaren gaineko zabalgunean planteatutako Express eremua kendu egin da, herritarren iradokizunen ondoren eta Manuel Gainzaren txandakako aparkalekua dagoela ikusita. Aparkaleku horrek inguruko merkataritza erabili gura duten pertsonek aparkatzeko duten beharra beteko luke.
  • Areeta - 2 eremuan Embarcadero kalea sartzen da TAOren barruan. Auzokoek egindako iradokizun horren arabera, kale horretako bizilagunak aparkatzeko aukerarik gabe gelditzen ziren eta, horregatik, aintzat hartu da auzokideen eskaera hori.
  • Mesedeetako kaleko Express-eremua era koherenteagoan mugatuko da, sarbidea Pinueta kalean kokatuz.
  • Ibaiondo kalea, Gobelaurre kalea (2, 4 eta 6 zenbakiak) eta Aurrezki Kutxa (1, 2, 4, 6 eta 8 zenbakiak) Areeta - 2 eremutik kendu eta Romo - 4 eremuan sartzen dira; izan ere, fisikoki eraikin horiek auzo horretan daude, eta errazagoa da eremu horretan aparkatzeko plaza aurkitzea egoiliarrentzat.
  • Express-eremu bat sortuko da Itzubaltzeta/Romoko Kresaltzu kalean, inguruko merkatariek eskatuta.
  • Ez da onartzen udaletxearen atzean aparkaleku kontrolatua egiteko aukera.

Epeak

Araututako eremu berriak 2022aren hasieran hasiko dira funtzionatzen, ziurrenik, TAOren egungo kontratua 2021eko irailaren 30ean bukatuko baita, eta hiru hilabeteko egokitze-aldia egongo baita parkimetroak jartzeko, seinaleztatzeko, pintatzeko eta abarrerako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun