Elkarrizketak

"Ez al da lizunkeria gure bizitzetako adar bat?"

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 25a, 11:52

Besteak beste, Kaixomaitia Lehiaketa I. edizioa irabazi du Karlos Aretxabaletak aurten. © KARLOS ARETXABALETA

Euskara irakaslea izateaz gainera, idaztea biziki maite du Karlos Aretxabaletak (Ruanda, 1990). Hasiera batean poesia-lanak egiteari ekin zion, baita horiek liburu batean batu ere –Hitz margotuak–; ondoren, kontakizun erotikoak idazten hasi zen, eta, orain, eskribitutako bost istorio kitzikagarri bilduma batean batu ditu, Larru bero izenekoa. Autoreak iragarri digunez, apirilaren 5ean jarri gura du eskuragarri lan hori, doan, Internetetik deskargatzeko. Adi ibili!

Bost kontakizun kitzikagarri batuko dituen liburua argitaratuko duzu laster. Zer aurkituko du irakurleak bertan?

Aspaldion idatzitako bost errelatu erotikoen bilduma. Errelatu laburrak dira, arin irakurtzekoa, beraz. Testuinguru errealak aurki daitezke kontakizun hauetan, irakurleak arazo handirik gabe irudika ditzakeenak; hori bai, pasarte lizunek jantzi eta dotoretu egiten dute testua.

Ez da lehenengo aldia mota horretako errelatuak idazten duzuna: Kaixomaitia.eus Kontakizun Erotikoen Lehiaketan ere aritutakoa zara, baita hori irabazi ere. Zer dela eta murgildu zinen mundu horretan?

Badira urteak Gaztezulo aldizkarian argitaratzen dituzten errelatu erotikoak irakurtzen hasi nintzela. Bada, bertan kolaboratu zein kolaboratzen duten idazleen freskotasunak eta ausardiak gai horrekiko harritu ninduen. Orduantxe hasi zen dena. Poesiaren “mundutik” nentorrenez, aspaldi idatzitako poema bat hartu nuen,–Lady´s farm izenekoa– eta hari horretatik tiraka nire lehenengo errelatu erotikoa idatzi nuen. Horiexek izan ziren hastapenak.

Pasarte laburretatik liburu batera egingo duzu salto. Zer dela eta?

Esan bezala, orain arte idatzitakoaren bildumatxoa da. Baliteke nire inguruko jendeak Gaztezulorentzat idatzitako kontakizunen bat irakurri izana, baina denak? Horrelako argitalpen bat lagungarria gerta dakidake hedapenari dagokionez. Bestalde, etorkizunean beste bildumatxo bat egitea gustatuko litzaidake. Produkzio luzeagorik buruan? Liburu erotikoa, alegia? Momentuz ez. Gehienez jota 10 orrialdetako kontakizunak idazten ditut, horietan moldatzen naiz ondoen.

"Zelan elikatu sormena? Irakurtzen, noski, baina bizitzari, begiei eta irudimenari oztoporik jarri gabe"

Nondik edaten duzu kontakizun horiek idazteko?

Bi iturri desberdinetatik. Batetik, hiztegiari dagokionez, aitortu behar dut Gaztezulo aldizkariak dakartzan pasadizoak irakurtzea oso lagungarria egin zaidala. Esaterik ez dago euskal literatura kontsumitzeak ere asko lagundu didala; izan ere, eleberri askotan, gutxien espero duzun horietan bada ere, pasarte erotiko ugari aurki daitezke. Bestetik, sormenaren iturritik edatea ezinbestekoa da. Bada, zelan elikatu sormena? Irakurtzen, noski, baina bizitzari, begiei eta irudimenari oztoporik jarri gabe.

Zeintzuk gai jorratzen dituzu liburuan? Eta idatzitako kontakizunetan orokorrean?

Errelatu errealak, gordinak, kar kar kar. Ez al da lizunkeria gure bizitzetako adar bat? Liburuan jorratzen diren gaietan nik neuk edo lagunek  bizi izandako esperientziei –edo ez– keinu egiten diet; eskalada, mendizaletasuna, Pragan Erasmusean dagoen gazte bat, 60 urteko andra baten urte amaiera... Badiotsut, testuinguruak pisu nabaria du nire errelatuetan, pasarte lizunak bezain beste.

Gai heteroarautietatik ihes egin duzu inoiz, ezta? Zer dela eta?

Sarritan. Idazle moduan ez zait gustatzen konbentzionala izatea, poesian zein prosan, askotan konbentzionalismoetan erori naizen arren. Edozelan ere, gai heteroarautietatik baino, pertsonaia kanonikoetatik aldentzen naiz. Ez naiz kanon zalea, alegia. Betidanik erreparatu diet kaletarren aurpegiei, trazari, eiteari, eta aspaldi konturatu nintzen milaka istorio daudela kontatzeke. Pertsona horiek guztiek euren baitan gorde dituzten pasadizoak, istorioak, berdinak al dira? Ez ba! Heteroarauetatik ihes egitea orain arte ezagututako pertsonaien homogeneotasunaren ondorioa da, beraz. Ez dut zinikoa izan nahi, baina... Peru Abarka eta maisu Juan maitaleak izan balira? Kar kar. 

"Jendeak, oro har, ozenki esaten du biziki gozatzen duela erotismoarekin? Errelatu erotikoekin? Nire inguruan ez, behintzat"

Sexuari lotutako pasarteak irakurtzea eta idaztea tabua da oraindik gaur egun?

Ez nuke esango tabua denik, izan ere, euskal idazle askok euren eleberrietan horrelako pasarteak jaso dituzte, eta jasotzen dituzte. Gogoan dut 2006. urtean Xabier Montoiaren Non dago Estalin liburua irakurri nuenean, pasarte fetixista batek asaldatuta utzi ninduela. Hortaz, ez, ez dut uste sexuari buruz idaztea tabua denik. Agian horretara mugatzea, errelatu erotikoetara, ez da oso ohikoa. Hala ere, jendeak, oro har, ozenki esaten du biziki gozatzen duela erotismoarekin? Errelatu erotikoekin? Nire inguruan ez, behintzat. Asko eta asko gorritu ohi da aitortze hutsarekin. Bada, batzuetan, sexuari mugak jartzen dizkiogula esan daiteke.

Noiz, non eta nola jaso ahal izango dugu liburu hori?

Momentuz “marketin” kanpainarekin ari gara. Kar kar. Baina apirilaren 5erako argitaratzen saiatuko naiz. Hasiera batean Internetetik musu-truk deskargatu ahal izango da, eta aurrerago ordainpekoa izango da. Egia esan, paper zalea naiz, baina aitortu behar dut mugikorrean deskargatuta eta irakurgai izatea ere oso praktikoa dela. Nork jakin, agian hurrengo bilduma egiten dudanean euskarri bietan jasotzea daukat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun