Elkarrizketak

"Irakurketa oso ekintza bakartia da; esperientzia partekatzen denean gauza harrigarriak irten daitezke!"

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 7a, 14:08

Hilean behin (eguenetan) euskaraz irakurtzeko errazak diren liburuez berba egiteko kluba abiatuko dute Algortan. Lizar Begoñak gidatuta, bertan, liburu zehatz batzuen inguruan iritziak, hausnarketak, ulertu ez diren kontuak eta halakoak elkarbanatuko dituzte. Hiru hilabete iraungo du irakurle klub berri horrek, eta lehenengo saioa apirilaren 15ean izango da, Fadura kiroldegian. Egitasmoaren inguruko zehaztasunak eman dizkigu saiootako gidari-lanak egingo dituenak.

Euskara errazean aritzeko Irakurle Kluba abiatuko duzue apirilean. Zer dela eta sortu duzue mota horretako talde bat Getxon?

Euskal literaturaren inguruan aritzeko, irakurketa sustatu, eta gizarte mailan euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoa da. Pentsamenduak, ideiak eta esperientziak partekatzeko gunea da eta, nola ez, taldearen hartu-emanean gozatzekoa. 

Euskara ikasten dabilen jendeari bideratuta dago taldea, ezta?

Bai, B1 eta B2 maila duten hiztunentzat dago bideratuta. Irakurgaiak ere maila horretara egokitutakoak dira. Euskara ikasten dabilen jendearentzat formatu honetako taldeek ikasten jarraitzeko modu oso atsegina eskaintzen dutela uste dut. Hizkuntza izanik literaturaz aritzeko tresna, eta literatura izanik hizkuntza erabiltzeko aitzakia.

B1 eta B2 euskara-mailako liburuak jorratuko dituzue bertan. Zertan oinarritu zarete liburuok aukeratzeko?

Irakurgai mailakatuen artean arakatzen ibili gara, eta uste dut aukeratutako hiru liburuak erakargarriak direla. Niri ere dinamizatzeko interesgarriak egin zaizkidanak aukeratu ditut, espero dut hala izatea irakurleentzat ere.

Klub horretan parte hartu gura duenak zer egin behar du izena emateko?

Aurtengo egoera dela eta, leku mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea: labur.eus/irakurlekluba estekan, formulario horretan datuak betez. Ohar gisa; nahiz eta lehenengo saioan ez parte hartu bigarren zein hirugarrenera joateko aukera egongo da.

Zenbaterako lekua egongo da?

Edukiera  aretoaren araberakoa izango da. Lehenengo solasaldia Faduran izango da, eta 60 pertsonentzako lekua dago. Beste bi saioak, aldiz, Azebarrin izango dira, eta bertako edukiera 35 pertsonakoa da. Ez dugu leku arazorik izango, baina betiere izena eman beharra dago.

Zeuk gidatuko duzu taldea; zein izango da zure zeregina? Hau da, zertan datza mota honetako irakurle-klub bat?

Nire zeregina taldearen dinamizazioa, gaiak mahai gainean jartzea eta iritziak eta parte-hartzea sustatzea izango da. Saio bakoitzeko haritik tiratzeko gai batzuk eramango ditut, zutarri gisa. Hala ere, politena solasaldia taldeak gidatzea dela uste dut, eta irteten diren ideiek elkarrizketa bidera dezaten utzi nahi nuke. 

Aurretik ere mota horretako lanean ibili izan zara?

Ez, lehenengo aldia da, eta oso gogotsu hartuko dudan lana da. Uste dut giro atsegina sortuko dela eta, horrez gain, taldean literaturaz hitz egiteko aukera benetan ederra dela uste dut, irakurketa oso ekintza bakartia baita, eta esperientzia partekatzen denean gauza harrigarriak irten daitezke!

Informazio gehiago izateko hurrengo webgunean:  www.egizu.eus/irakurle-kluba-euskara-errazean-animatuko-zara/ edo 619 935 541 telefonoaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun