Atzoko sinatze-ekitaldian Amaia Agirre alkateak azpimarratu zuen hitzarmen horien bidez "argi" utzi gura dutela euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko Udalaren konpromisoa, "baita lau entitate horiekin eta gizarte eragileekin elkarlanean aritzeko dugun nahia ere". Gainera, nabarmendu zuen, baita eskertu ere, elkarteok azken urtean beren jarduerakaz jarraitu ahal izateko egindako esfortzua, "pandemiak ez dituelako geldiarazi eta egoerara moldatu direlako, euskararen erabileraren alde lan egiten jarraitze aldera”.
Uribe Kosta eskualdeko informazio orokorra zabaltzen dugun HIRUKA kooperatibakook, COVID-19aren eraginez, azken urtean teknologia berriei eta sare sozialei garrantzi handiagoa emateko ahalegina nabarmendu zuten atzoko ekitaldian, herritarrengana ahalik eta modurik egokienean heldu ahal izateko. Hitzarmen horren bidez, kooperatibak 64.601 euro eskuratuko ditu, aldizkaria eta atari digitala argitaratzeko gastuetan laguntzeko. Ziortza Merino kudeatzaileak agerraldian adierazi zuenez, “euskara hutsean dabilen eskualdeko hedabide bakarrarekiko Udalak duen konpromisoa agerian uzten du hitzarmenak, eta, honi esker, euskarazko beste eragileekin batera, euskaldunen sarea handitzen laguntzen du”. Horrez gainera, nabarmendu gura izan du gaur egungo egoeran eskertzekoa dela Getxoko Udalak euskarari egiten dion bultzada, "inongo aitzakiarik gabe urtero-urtero egindako ekarpenak mantenduz, eta bertoko elkarteoi gure eguneroko zereginetan lagunduz".
“Euskara hutsean dabilen eskualdeko hedabide bakarrarekiko Udalak duen konpromisoa agerian uzten du hitzarmenak, eta, honi esker, euskarazko beste eragileekin batera, euskaldunen sarea handitzen laguntzen du”
Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak, bere aldetik, euskararen erabilera indartzeko euskal giroa berpizten jarraitzen du. Horretarako, euskaraz kultura ekintzak antolatzen eta euskaltzaleen indarrak batzen segituko du, hainbat jardueraren bidez, horien artean, Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola egitasmoak birmoldatzen eta Euskaraldiaren Ariguneakaz lotzen, baita Bapiruke aisialdiko ekimena, Toponimia Ibilbideak edo unean uneko ekitaldiak (esate baterako iazko Euskaraldia) aurrera eramaten ere. Bizarra Lepoan, 1994an sortu zenez geroztik, udalerriko hainbat elkarte, klub eta taldegaz biltzen ari da, aholkularitza eta laguntza bideratzeko. Azken berritasuna Bizkaiera ikastaroa martxan jartzea izan da, datorren ikasturtean errepikatuko dutena. Egindako lana bultzatzen jarraitu ahal izateko, Bizarra Lepoanek 82.800 euroko diru-laguntza jasoko du aurten. Goizane Miruri elkarteko lehendakariaren berbetan, “hitzarmenak elkartearen eta Getxoko Udalaren arteko elkarlana irudikatzen du. Era berean, euskararen alde gauden agente guztiok bat egiten dugu norabide berdinean hitzarmenaren bidez".
ALBE Algortako Bertso Eskolak plazak berreskuratzeko asmoa finkatu du hurrengo hilabeteetarako, segurtasun neurri guztiak hartuta, joan den urtean, 40 urte bete zituen urtean, bere ohiko ekitaldi ugari online egin behar izan ondoren. Horrela, bere ohiko ekitaldiak antolatzeko konpromisoa mantenduko du, besteak beste, Abra Sariketa, Eskolatik Plazara, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Hitzaren Dantza, Bihotza Gazte, Ahobien Gala, bertso saioak eta eskolako ikasleakaz jarduerak. 52.000 euroko diru-laguntza jasoko du bertsolaritza sustatzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko. Miren Loizaga ALBEko lehendakariak nabarmendu zuenez, "itunari esker, gure eskolaren oinarri diren ikasle, irakasle, bertsolari eta bertsozaleek aukera paregabea izango dute proiektu urtetsu bezain osasuntsu baten parte izaten jarraitzeko, eta euren gaitasuna zein zaletasuna Euskal Herriko bertso eskola garrantzitsuenetako batean garatzeko".
Azkenik, Egizu Getxo Euskaldun elkarteak (Bizarra Lepoan elkarteak, Udalak, J.A. Agirre eta Lauaxeta euskaltegiak, eta udal-euskaltegiak osatuta) euskararen erabilera bultzatzen du, gune berriak sortuz, sare harremanak indartuz euskaldunentzat eta euskara ikasten ari direnentzat, eta erdaldunengan euskal kultura ezagutzeko interesa piztuz. Aldi berean, hizkuntzaren kalitatea hobetzeko lan egiten ari da, eta, ildo horretan, azken hilabeteotan, lan handia egiten ari da euskal literatura eta sorkuntzaren inguruan, talde berriak abian jartzen –horien artean literatura modu errazean irakurtzeko edo gazteak irakurtzen eta idazten animatzeko–. Horregaz batera, bere ohiko jarduerak antolatzen jarraituko du, besteak beste, Berbalaguna eta kultur jarduerak, SENDI proiektua, Mintzakuadrillak, Kirola Euskaraz!, Kultura Euskaraz!, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa, Berbodromoa eta Beharsarea. Hala, Udalak 42.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du. Josu Esnaolak Egizuko lehendakariak adierazi zuenez, “Udalarekin sinatzen dugun hitzarmen honek bermea eta babesa suposatzen du. Helburu amankomunetatik abiatuta, Egizu osatzen dugun euskalgintzako eragileok Getxoko udalarekin elkarlanean, eguneroko jarduerak aurrera eramateko ezinbesteko laguntza da hitzarmen hau”.