Gaurtik, astelehenetik, apirilaren 19tik, maiatzaren 2ra bitartean, Getxoko Udalak merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko antolatutako "Kaishop!, zer gura dozu? Erosi euskaraz Getxon" kanpainaren hurrengo jarduera jarriko da martxan euskaraz arreta eman dezaketen establezimenduetan. Hori dela eta, oraingoan, Erosi euskaraz, erosi Getxon! lelopean, Euskararen Laguna Saltokien Sareko kide diren dendei Euskaraldiaren txapa janzteko eta rolak berriz betetzeko eskatu die Udalak. Aldi berean, establezimendu horietan erosketak euskaraz egiten dituzten bezeroei kanpainaren oihalezko poltsa bat opatuko diete, agortu arte. 2.400 bat poltsa banatuko dira. Ekimenaren helburua da herritarrak euskaraz erostera animatzea eta herriko establezimenduei bultzada ematea, euskarak tokiko jardueran duen garrantzia aitortuz eta euskara kalitatezko gehigarri gisa ulertuz, tratu pertsonal hurbilean, kalitatezko produktuak udalerrian erosi ahal izatearekin batera.
Une honetan, Getxon, 235 establezimendu baino gehiago dira Euskararen Laguna Saltokien sareko kide, herritarrei bere egunerokotasunean euskara erabiltzeko gonbidatzen dituena. Horiek udal-webgunean dagoen mapan ikus daitezke: www.getxo.eus/euskararenlaguna.