Elkarrizketak

"Hazi eta hezi dituen herriaren kontakizun eta gertaerak ezagutzeak jendearen bizipenak ere aberastu ditzake"

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 20a, 13:43

© BIZARRA LEPOAN

Aurten ere, Getxoko arlo ezberdinak beren-beregi ezagutzeko toponimia-ibilbideak antolatu ditu Bizarra Lepoan euskara elkarteak, Getxoko Udalagaz elkarlanean. Toponimiatik hasita, historia, kultura eta natura jorratuz, proiektu horren helburua da udalerria hobeto ezagutzeko aukera izatea. Ibilbideok Zuriñe Gonzalezek gidatuko ditu, eta beragaz berba egin dugu egitasmoaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.

Aurten ere udalerriko toponimia ezagutzeko ibilbideak egingo dituzue. Aurreko edizioakaz alderatuta, zeintzuk berritasun egongo dira oraingoan?

Aurten, COVID-19-a dela eta, ezin izan ditugu prestatutako berritasun guztiak aurrera eraman. Hala ere, laster, Getxoko beste gune batzuk ezagutzeko Ibilbide berriak prestatzen gabiltzala aurreratu dezakegu.

Hala, zer ikusi ahalko dute horietakoren batean parte hartuko dutenek?

Toponimiatik hasita, historia, kultura eta naturaren arloak jorratuz, Getxo hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, parte-hartzaileen arteko hartu-emanak euskaraz izanik, euskaraz sortutako harremanak indartzeko aukera paregabea izan daiteke.

"Ibilbide bakoitzak bere izaera eta kutsu berezia du"

Askotariko gauzak ikusi, entzun eta ulertzeko aukera ematen du Getxo udalerriak. Horietatik guztietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Ibilbide bakoitzak bere izaera eta kutsu berezia du. Getxo Barrian, neotoponimiaz gozatzeko aukera dago, Betiko Getxon baserriko bizimoduan zehar barneratzeko aukera dagoen bitartean. Bestalde, Hezeguneetako Ibilbidean, errotak izan duen garrantzia gertutik ezagutu daiteke, eta Kostaldeko Getxon, aldiz, Portu Zaharrak gordetzen dituen txoko eder guztien historiaz jabetu. 

Nondik dator horiek egitearen ideia?

Getxoko ondarea eta toponimia herritarren esku jarri behar zen. Bizarra Lepoan euskara elkarteko bazkide diren lau lagun batu ziren, hainbat gaietan adituak direnak. Hain zuzen ere, Armando Llamosas (Antzineko eta Erdi Aroko historian espezializatua), Josu Larrañaga (euskal filologoa), Victoria Bengoa (Biologian doktorea), Lander Solozabal eta Iratxe Aresti euskara elkarteko kideekin batera. Eurek 4 ibilbide ezberdin landu zituzten hainbat esparru landuz: kultura, natura, historia eta toponimia.

Ibilbideak egiteaz gainera, eskoletan gaiok lantzeko unitateak garatu dituzue. Zer dela eta?

Ibilbideetan lantzen den edukia irakasleek ume eta gazteekin landu ahal izateko. Hortaz, gai eta kontzeptuekin hurbilketa bat egin ahalko dute, modu honetan, Ibilbidea egiterakoan, eskolan ikusitakoa errealitatera eramateko aukera izanik. Unitate didaktikoen egilea Itziar de la Encina Muruaga Bizarra Lepoan euskara elkarteko bazkidea izan zen.

"Parte hartzaileek herriarekiko begirada berri bat gara dezake"

Zelan hartu ohi ditu jendeak horrelako egitasmoak?

Orokorrean, oso harrera ona eman ohi diete. Hazi eta hezi dituen herriaren kontakizun eta gertaerak ezagutzeak jendearen bizipenak ere aberastu ditzake. Azken batean, herriarekiko begirada berri bat gara dezake.

Aurtengo egoera ezohikoa da; zer egingo duzue osasun-neurriak bermatzeko?

Ibilbidean musukoa jantzita egon behar da uneoro. Parte hartzen duten pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da eta ezingo da musukorik gabe ibilbidera etorri.

Noiz izango dira ibilaldiak?

Ibilbideak maiatzean eta ekainean izango dira, Getxoko Udalarekin elkarlanean.

Horietakoren batean parte hartu gura duenak, zer egin beharko du?

Ibilbideetan parte hartzeko, aurretiaz izena eman behar da. Horretarako, getxo.toponimia@gmail.com helbidera idatzi edo 688 635 350 telefonora deitu behar da, eta gustukoen duzun Ibilbidea eskatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun