Elkarrizketak

"Dirua jarriz gero hogei urte barru Marten egongo gara, ziur"

Unai Brea / Argia.eus 2021ko api. 27a, 12:25

“Nik ere ez daukat argi zertarako joan behar dugun Martera, baina horrelakoak gara, esploratzaileak gara berez”. (Argazkia: Hodei Torres)

Alboko orrialdean EHUren Ingeniaritza Eskolako teleskopioaren ondoan ageri da Naiara Barrado (Getxo, 1981), astronomoa eta Zientzia Planetarioen Ikerkuntza Taldeko kidea. Eguneroko lanean, ordea, ordenagailuko pantailari beha egon ohi da, Hubble teleskopioak espaziotik bidalitako Jupiterreko datuekin lanean. Planeta kontuen dibulgazioa ere egiten du, eta Martera bidalitako Perseveranceren misioa izan dugu harekin hitz egiteko aitzakia.   

Aurrez ere misio gehiago egin dira Martera gailuak bidaltzeko. Oraingo honek sona handiagoa izan du hedabideetan edo nire irudipena da?

Askotan galdetzen duzue, eta nik uste dut sentsazio hutsa dela. Momentukoak handiagoa dirudi beti. Batek baino gehiagok galdetu dit: “Zergatik da garrantzitsuagoa oraingo hau?”. Eta esango nuke Opportunity eta Spirit heldu zirenean ere kristorena izan zela. Bai, oraingoak gauza berriak ditu, teknologia hobea da, orain arteko handiena, noski. Adibidez, MOXIE izeneko gailu bat darama, Marteko karbono dioxidoa oxigeno bihurtzen saiatuko dena. Funtzionatzen badu, aukera izango dugu Marten oxigenoa sortu eta hemendik eraman behar ez izateko, gizakia hara iritsiz gero.

Galdera honen erantzuna elkarrizketetarako gida-liburuxkan idatzita edukiko duzue honezkero: benetan merezi du hainbesteko gastua egitea?

Niri ez zait “hainbestekoa” iruditzen. Beti esaten da “diru hori beste gauza batzuetarako erabiliko bagenu…”. Mars Express misio osoak 200 milioi euro balio izan zuen. Curiosityk, oraingoaren antzeko batek, 2.000 milioi euro. Eta Perseveranceren misioak antzera. Misio osoa: proiektua egitea, gailuak eraikitzea, bidaltzea… Dena. ESAren aurrekontua 7.000 milioi eurokoa da urtean. Eta NASArena, are  handiagoa. Baina ESA Europa osokoa da, eta Espainiako armadak, Espainiakoak besterik ez, 10.000 milioiko aurrekontua du urte baterako. “Armada gu babesteko sortua da ordea”, argudiatzen dute batzuek. Babestu, zeretik? Guk geuk eragindako gerretatik… Adibide gehiago: bankuak erreskatatzea 60.000 milioi kostatu zitzaigun. Eta beste neurri batean, begira diezaiogun futbolari: Athleticen urtebeteko aurrekontua 120 milioikoa da. Tira, ez da hainbeste. Baina Bartzelonarena, aurten, 1.000 milioira heldu da. Real Madridena, antzera. Bi horien urte bateko aurrekontuarekin, misio bat antola daiteke Martera gailuak bidaltzeko.

Argazkia: Hodei Torres

Ontzat emanda oraingo misio hauen helburuetako bat etorkizunean gu geu joateko bidea prestatzea dela, hurrengo galdera dator: zertarako demontre joan behar dugu Martera?

Nik ere ez daukat argi. Baina horrelakoak gara, esploratzaileak gara berez.

Haatik, ez dirudi asmoa denik hara heldu, “zer ederra!” esan eta argazki batzuk eginda etxera itzultzea. Kolonizatu, han bizi ahal izateko baldintzak sortu… Lurra izorratuko dugula eta hemen bizitzerik egongo ez dela aurreikusita.

Bai, hori guztiz absurdua da. Ahalmena badugu hango giroa eraldatzeko, Lurrekoaren antzekoa izan dadin, zergatik ez dugu hemengoa zaintzen? Errazagoa da han oxigenoa sortzea baino. Baina egia esan, ez dut uste hori denik hara joan nahi izatearen arrazoi nagusia. Ilargira joan ginen eta ez gara itzuli, beraz...

Alderdi etikoa albo batera utzita, ez gara oso baikorrak Martera heltzeko aukerez? Benetan joan gaitezke? Hogei urte barru, diotenez.

Hogei urteko epea ezartzea baikorregia dela uste dut, baina dirua jarrita lortuko genuke. Armstrong eta abar Ilargira joan zirenean, NASAren aurrekontua oraingoa baino askoz handiagoa zen. AEBetako presidenteak aurrekontua igotzea erabakitzen badu, hogei urte barru Marten egongo gara. Ziur.

Zer iritzi duzu Martera jendea bidaltzeko egitasmo pribatuez?    

Beldurra ematen didate horrelakoek, ustiapen handiegia dakartelako: ez gara nahikoa kalte egiten ari Lurrean, eta beste bat hondatzera joan behar dugu? Batzuen buruan badago asmoa behar den teknologia garatu, Marte eta Jupiter arteko asteroideetara joan eta hango mineralak ustiatzeko (platino ugari omen dago, besteak beste). Baina norenak dira asteroideak? Gai konplexua da. Izan daitezela halako bidaiak apur bat esklusiboak, kontrolatuak eta merezi duten gauzetarako. Baina nork erabakiko du horri buruz? Etxe Zurian dagoenak? Trump batek? Publikoa izateak ez badu gauzak ondo egitea bermatzen, libre uzteak are gutxiago.

Eguneroko jardunean, Marteri ez, Jupiterri begiratzen diozu zuk.  

Kanpoko hodeiei bakarrik.

Galdera bera berriro: zertarako?

“Zertarako aztertzen ditugu beste planeten atmosferak?” galderaren erantzun tipikoa hau da: “Gure laborategi naturalak dira”. Adibidez, Marten hondar eta hauts ekaitzak gertatzen dira. Lurrean ere bai, baina Martekoak askoz ikusgarriagoak dira, eta hangoei buruz gauzak ikasiz gero, agian, Lurrekoekin konparatuz, hemengoen mekanismoak ikasiko ditugu. Artizarrean berotegi-efektu ikaragarria dago. Hemen ere badugu, txikiagoa. Hangoa aztertuz ere hemengo gauzak uler ditzakegu. Eta abar. Jupiterri dagokionez, hango  ekaitz handiak behatzen ditugu. Guk egiten duguna oinarrizko zientzia da, eta horretan gabiltzan guztioi galdetzen digute “zertarako”.

Elkarrizketa hau Argia.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun