Elkarrizketak

"Heldu eta gazteen ezintasun eta aseezintasunak taularatu nahi izan ditugu"

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 27a, 15:01

Patricia Urrutiak idatzi du antzezlana.

Ikusle gazte eta ez horren gazte, heldu eta oraindino heltzear daudenentzat sortu du Benetan Be teatro-konpainiak Porno vs Afrodita (edo I ♥#gorkaurbizu) antzezlana. Barikuan, apirilaren 30ean, ikusgai egongo da Algortako Muxikebari Antzokian, eta, horretan, hainbat zalantza, grina, ezintasun aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeri sexual eta afektiboez barre egiteko aukera egongo dela diote sortzaileek. Horren inguruan eta beste hainbat kontuez berba egiteko aukera izan dugu Patricia Urrutia laneko aktore eta zuzendariagaz.

Heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, gazteei eta helduei zuzendutako umorezko antzezlana da hau. Nondik dator horrelako lan bat egitearen ideia?

Edozein sorkuntza-lanean gertatzen den bezala, pizgarri ezberdinak egon dira. Guztia hasi zen heziketa sexualaren inguruko eskola-programa batek sortu zuen zalapartarekin; orduan hasi nintzen hainbat irakurketa egiten, nolabaiteko informazioa batzen. Pornoaren harira, gertatzen dena da, edo programa horretan planteatzen zena zen, gazteek eskolan heziketa-sexual eta afektiborik jaso ezean Internetera jotzen dutela erantzun bila. Eta zer aurkitzen dute bertan? Zer eta pornoa. Horrek, askotan, arazoak sor ditzake, fikzio hori errealitatera eramanda desfase edo ondorio larriak eragiten dituelako. Gainera, gero eta gazteago hasten dira edukiok kontsumitzen, eta horiek gero eta bortitzagoak dira. Horren aurrean, hausnarketa izan zen askatasun edo aukera gehiago dauden garai honetan ondorioak gero eta atzerakoiagoak direla, neurri batean: beldurrak, ezintasunak, elkar ez aurkitzea... Horri aurre egiteko, gu, artetik edo antzerkitik, zerbait egin behar genuela uste genuen, eta horren ondorioa da antzezlan hau.

Zaila egin zaizue horri guztiari forma ematea?

Lehenengo zalantza izan zen ea nortzuk ginen gu edozer gauza esateko; gure ezintasun guztiekin, eta ergelkeria sexual eta afektiboekin, gu ez gara inor inori eskolak emateko. Orduan, nolabaiteko gabezia horietatik tiraka, esan genuen gureak eta jendearenak ez direla oso urrunekoak ezin aurkitze horiek. Hala, erabaki genuen ezintasun horiek guztiak oholtzara eramatea, eta umorearen bitartez elkarrekin barre egitea. Eta abiapuntua hori da, hausnarketarako bidea zabaltzea gaia mahaigaineratuta. Dramatik heltzerik ere badago horri, baina, arinkeriarik eta mina ukatu gabe, erabaki genuen umorea erabiltzea, gure lengoaia ere badelako hori.

Zer ikusiko du ikusleak horretan?

Zehatz-mehatz, antzerki-egoera soinu proba bat da, gaztetxe edo kultur elkarteko bateko gaueko kontzertuaren aurrean ematen dena. Garai batean kide askokoa zen musika-taldea dago oholtza gainean, baina, orain, hiru kide baino ez dituena, 40-45 urte ingurukoak. Hala, gaztetako bizitzak ez dauka lekurik jada euren heldu-bizitzan: familia, seme-alabak, lana, nekea... Gain hartu dute, eta ezin diote horri eutsi. Orduan, hiru pertsona horiek harrapatuko ditugu muturreko egoera horretan euren azken arnasa hartzen. Askotariko egoerak emango dira, hainbat baliabideren bitartez, hala nola bideo-deien laguntzaz. Hortik aurrera, bestelako pertsonai batzuk ere agertuko dira, eta baita bi mamu beste plano batean. Plano gorenean, aldiz, Porno eta Afrodita jainko-jainkosak ikusi ahalko dira, hilkorrei begira, eta hilkorrok debekatuta ditugun bultzada eta pasioez gozatzen modu neurrigabean. Antzerki-hizkuntza ezberdinak erabili ditugu maila bakoitzean, eta horrek baimendu digu gauzak oholtza gainera eramatea umorearen bitartez.

Porno berba deigarria da antzezlan batean...

Bai; gai horren inguruan aritzen gara horretan, baina ez da porno-ikuskizuna, inondik inora, ezta epaiketa bat ere. Gaia mahaigaineratu dugu, horren inguruan hausnarketa bat bideratzeko. Horretarako, esan bezala, antzerki-lengoai ezberdinak baliatu ditugu. Bestalde, nolabait, Afrodita maitasuna eta edertasunaren jainkosa basati eta absolutuaren maila berean jarri dugu Porno jainko berria, guk jainkotu duguna edo jainkotuta dagoen hori.

Pornoa, erotismoa... Eros jainkoa datorkit burura, sexu-erakarpenaren eta sexuaren isla gisa; Afrodita, aldiz, maitasun erotikoari. Hitz joko bat da?

Bai, izan ere, ikerketa garaian irakurritako Byung-Chul Han-en La agonía del Eros lanak horren inguruan egiten du hausnarketa: norbanako isolatuek osatutako depresioa eta nekearen gizartean, Eros hilzorian dagoela adierazten du. Kapitalismoak "bestea" deuseztatzen du, eta dena kontsumoaren menpe ezarri. Kapitalismoak, dena merkantzia bezala erakustean, pornoa areagotzen du, ez baitu sexuaren beste erabilpenik ezagutzen eta, ondorioz, esperientzia erotikoa desagertzen da. Orduan, horren harira, guk Eros beharrean Afrodita hartu genuen, emakumezkoa delako eta mitologian polemikoagoa delako, basatiagoa. Pornoak, aldiz, disoziazioa egiten du fisikoaren eta sentimenduen artean. Hala, borroka bat dago hor, eta konfrontazio hori eraman dugu oholtza gainera; ikusiko dugu zer gertatzen den... ez dugu spoilerrik egingo, kar kar.

"Musikak leku handia du antzezlan honetan; ez da musikala, baina presentzia handia du emozioen konektore gisa"

Musikak ere garrantzi handia du obran...

Bai, hasiera-hasieratik, oso modu musikalean egituratzen hasi nintzen testua. Hori dela eta, antzerkia musikaz blai dagoela diogu. Musikak leku handia du antzezlan honetan; ez da musikala, baina presentzia handia du emozioen konektore gisa: pertsonaien artean, helduen artean, gazteen artean... Azkenean, horixe da elkartzen gaituena, eta konexio horiek bilatu ditugu ikusleen eta antzezleon artean. Musikak duen indar hori inbokatzen dugu, eta zuzenean jotzen dugu baita ere. Espresuki sortutako abesti batzuk jotzen ditugu, eta bertsioren bat edo beste baita ere. Gainera, Asier Ituartek sortutako soinu banda originala ere sartzen dugu pistatik. Zoragarria da.

Eta... Zergatik txertatu duzue Gorka Urbizuren izena berton?

Lotura emozionala du horrek. Oso garrantzitsua da izenburuan #gorkaurbizu traola hori, gazte eta helduen artean ematen den beste gai indartsu bat dakarrelako harreman sexual eta afektiboetan: sare sozialen gaia, identitate likidoak eta mamutzeak, besteak beste. Sare sozialek sortarazten duten ustezko gertutasun horren ondorioak eta errealitateak ekarri nahi izan ditugu. Eta, horretarako, idealizazio edo kontu erromantiko horren isla gorena rock-starra da. Izan zitekeen Kurt Cobain edo Jim Morrison, baina gaur egunean gurera ekarrita, erreferentea Berri Txarrak zela uste genuen; joan den urteetan talde horren agurraren harira sortu zen zalapartarekin Gorka Urbizu leku guztietan zegoen. Hala, musikaren inguruan sortzen den lilura hori islatzeko Urbizu erabili nahi izan dugu; baina ez du parodikoa izan nahi, inondik inora.

Hiru aktorek osatzen duzue antzezlana, baina, horren atzean, lantalde handia egon da, ezta?

Bai, hiru aktore gara, musikariak ere bagarenak, eta hiruron artean 9 pertsonai osatzen ditugu. Horrez gainera, urritik gurekin biran dagoen teknikari bat dago. Baina, bai, aurretik sorkuntza-garaian lantalde zabalagoa izan dugu bidelagun. Oso garrantzitsua izan da talde hori. Izan ere, nik idatzi dut testua, baina prozesuan talde osoaren ekarpenek antzezlana bera aberastu dute.

Porno vs Afrodita da Benetan Be konpainiaren bigarren lana. Zein ezberdintasun dago lehenengoarekin alderatuta?

Lehenengo proposamena haurrentzako antzezlana izan zen, eta, oraingoa, aldiz, gazte-helduentzakoa. Horrek erronka bat suposatu digu, haurrentzako ikuskizunak errez betetzen direlako; errazagoa publikoarengana heltzea. Hortaz, alde handia igarri dugu horretan, hau da, lanaren ikusgarritasuna lortzeko eta publikoa deitzeko lanean. Guretzat garrantzitsua da jende gaztea mugitzea, erakartzea, eta horretan dihardugu. Izan ere, gazteak normalean ez dira teatrora joaten; hala ere, erantzun ona jasotzen ari gara, eta normalean antzerkietara joaten ez den jendea mugitzen hasi da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun