Ostalaritzari, lokal berriei eta taxiei hainbat tasa murrizteko ordenantzak aldatzea onetsi du Udalbatzak

Erredakzioa 2021ko api. 30a, 09:05

Talde guztien adostasuna batuta, Getxoko Udalbatzak onartu zuen atzo, behin-behinean, COVID-19ak ostalaritzan, lokal berrietan eta taxietan izan dituen, eta izango dituen, ondorioei aurre egiteko asmoz hainbat ordenantza fiskal aldatzea. Iturriek gogoratu dutenez, hala dago jasota Getxo Ekinez 2021 planean, eta, horri esker, aurten ostalaritzak ez du ordainduko terrazak jartzeagatik tasa, eta % 95eko hobaria izango du zaborren tasan. Taxiek ere ez dute geralekuen tasa ordainduko, eta % 50 murriztuko da jarduera eta instalazioen zerbitzuak jasotzeko eta establezimendua irekitzeko tasa.

Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) azpimarratu duenez, mugikortasunari ezarritako mugek eta itxiera sektorialek gehien kaltetu dituzten sektore ekonomikoei zergak arintzeko neurriak onartu dituzte. "Gainera, Getxo Ekinez 2021 programan jasotako neurri hauen eta beste batzuen bidez, Getxon jarduera ekonomikora bideratutako lokal berriak ireki eta ezartzea erraztu nahi dugu. Zergei lotutako neurri hauez gain, lehenago onetsitakoak ere hor daude", azaldu dute arduradunek. Hala, denera, 2021 urterako 285.000 euro dira, ekonomia sustatzera bideratutako 27 ekintzen 5 milioi euro (gutxi gora-behera) horiei batu behar zaizkienak.

Alderdi guztiek nabarmendu dute Getxo Ekinez 2021 planean jasotako konpromisoak eta akordioa, guztien adostasunez sinatu zena, oposizioko taldeak kritiko ere agertu diren arren. PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk aipatu dute neurriak berandu iritsi direla eta ez direla nahikoa oraingo egoera konpontzeko. Adierazi dute, gainera, neurri horietako asko hilabete batzuk direla eskatu zituela oposizioak, eta beharrezkoa dela ekoizpen sektoreak, beharrizan gehien dituztenak eta pandemiak gehien kaltetutakoak laguntzeko lanean jarraitzea eta neurri gehiago eskatzea. Udal-gobernuak, aldiz, azpimarratu du pandemia hasi eta lehenengo egunetik lan egin duela, eta hala egiten jarraituko duela, Getxon kalte gehien pairatu dituzten sektoreak babesteko. Nabarmendu du, halaber, Getxo Ekinez planean jasotako 13 milioiko zenbatekoa hasieran aurreikusiaren bikoitza dela.

TAO eta ordainsariak

Bestalde, atzo egindako osoko bilkuran onetsi da espedientea abiatzea lurgainean ibilgailuak araututa aparkatzeko zerbitzuaren (TAO) emakida adjudikatzeko, lau urtez. Oraingo kontratua irailaren 30ean amaituko da, eta araututako eremuak 2022an hasiko dira funtzionatzen (1. eremua - Algorta, 2. eremua - Areeta, 3. eremua - Santa Ana, eta 4. eremua - Romo); izan ere, hiru hilabeteko egokitze aldia egongo da parkimetroak jartzeko, seinaleztatzeko, margotzeko, etab.

Moldaketa horregaz, 1.400 aparkaleku izatetik, urte guztirako 3.875 aparkaleku izatera pasako da (gehi 521 5. eremuan). Ordutegia honako hau izango da: 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura (zapatuetan, soilik goizez), salbu eta Ereaga-Portu Zaharra eremuan. Leku horretan ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da, astelehenetik barikura.

Nobedade gisa, ibilgailu elektrikoak jarriko dira zaintzarako eta kontrolerako, eta langileek patinete elektrikoagaz egin ahal izango dute ikuskapena.

Eztabaidan, PPk aurkako botoa eman eta soilik dirua batzeko helburua egotzi dio udal-gobernuari, "izan ere, aparkatzeko baldintzak hobetzeari baino garrantzia handiagoa ematen zaio zaintzeko eta zigortzeko bitartekoak jartzeari”. EH Bilduk ere aurka bozkatu du, besteak beste, honako arrazoi honengatik: “Kontratuak ez du bermatzen TAOko langileek euskaraz jakitea, eta soldata masaren areagotzea ez da Udaleko langileenaren antzekoa, horiek ere udal-langileak diren arren”. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, eta onartu du euren iradokizun batzuk aintzat hartu direla; dena den, nabarmendu du “aparkalekuen arazoari buruzko azterketa sakonagoa” espero zuela: “Esate baterako, San Nikolas aparkalekurako irtenbideak jasoko zituena. Espero dugu hiriko erdiguneetan ibilgailu kopurua gutxitzea eta merkataritzarentzako onuragarria izatea”. Udal-gobernuak, bere aldetik, gogoratu du TAOren proposamen berria planteamendu tekniko baten eta prozedura baten emaitza izan dela: "Alderdiekin partekatu zen, hiru eszenariotan erakutsi zen eta herritarren ekarpenak jaso ziren”.

Bestalde, osoko bilkuran, talde guztiek bat eginda, onetsi da urte honetarako udaleko langileen ordainsariak % 0,9 igotzea.

Mozioak

Mozioen kapituluan, testigantza izaeragaz, lau onetsi dira.

Autokarabanen turismoa bultzatzeko (aparkatzeko gune bat gaituta) proposamena aurrera atera du PPk. Dena den, udal-gobernuak gogoratu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusten ari direla, eta, bada, plan horretan neurriak artikulatu behar direla jarduera hori ahalik eta modu antolatuenean eta egokienean gauza dadin.

Bestalde, jai herrikoien ereduari aitortza eman eta horien balioa nabarmentzeko EH Bilduren mozio bati ere oniritzia eman zaio. Helburua da auzoetako jai batzordeen lana eta konpromisoa ikusaraztea eta horien independentzia eta identitatea azpimarratzea. Horrez gain, festen antolaketari laguntzeko 2019. urtean zegoen aurrekontua berreskuratuko da 2022an, eta aipatutako jai batzordeei ez zaie eskumen bat bera ere kenduko. Udal gobernuak adierazi du beti aritu izan dela lankidetzan jai batzordeakaz, eta hala egiten jarraituko duela. Bada, nahiz eta aurten ez den egongo jairik ohiko estiloan, “Aste Kulturala” antolatuko da aurrez aipatutako Getxo Ekinez programaren baitan.

Halaber, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen mozio bateratua onartu da, Etxerat elkartearen eskaera bere eginez, Antxoni Hernandez dispertsioaren biktima izaera aitortzeko. Hala, hurrengoa onartu dute: "Udalak aitortu egiten du Antxoni Hernandezen familiak jasandako sufrimendua, duela 23 urte trafiko-istripu batean hil baitzen, urruntze-politikaren testuinguruan, Alcalako espetxean zegoen preso bat bisitatzera zihoanean". Gainera, urruntze-politika deitoratu eta espetxe-politika berri baten alde daudela agertu dute.

Azkenik, Elkarrekin Podemosen proposamen bat onartu da, karbono dioxidoa neurtzeko gailuak eskuratzeko eta, beharrezkoa balitz, aireztatzeko edo airea garbitzeko ekipoak ere bai, eraikin publikoetan erabiltzeko (bereziki Getxoko ikastetxe publikoetako ikasgeletan). Airearen bidez COVID-19a kutsatzeko aukerak murrizteko tresna osagarriak izango lirateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun