Orain gutxi grappling gi –kimonoagaz– eta grappling –kimonorik gabe– modalitateetan Espainiako txapeldun izendatu ondoren, Varsoviako Poloniako hirian apirilaren 24tik 28ra egindako Europako Txapelketetan arrakasta izan zuen berriro Naiomi Matthews borrokalari getxoztarrak. Izan ere, urrezko domina lortu zuen grappling gi-n, eta brontzezkoa, grapplingean, 53 kiloko kategorian biak. Orain, munduko txapelketan arrakasta horiek errepikatzeko lanari ekingo dio.
Ez da lehenengo aldia getxoztarra orriotan agertzen dena; izan ere, bere ibilbidea arrakastatsua izan da azken urteotan. Orain gutxi Espainiako Txapelketan urrezko domina jantzi zuen, seigarrenez, eta, handik gutxira, Poloniara egin zuen salto, kontinente-mailan gailentzeko borrokatzera. Oraingoa bosgarren aldia izan da Europako grappling borroka-kiroleko txapelketan parte hartzen duena. Izan ere, iaz ere domina bi jantzi zituen, urrezko eta brontzezko bana, eta aurten urrezko bigaz bueltatu gura bazuen ere, pozik dago lortutako emaitzakaz: "Txapelketa ona egin nuen", dio borrokalariak. Aitortzen duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak urduritasuna areagotu dio, berton entrenatzeko gabeziak direla eta ez direla, ez zekielako nazioarteko kirolariek zelan entrenatzen zuten.
Guztira, 12 lehiakidek parte hartu zuten txapelketan, eta launa borrokaldi gainditu behar izan zituen podium bietara igo ahal izateko. "Borrokaldi guztietan ondo sentitu nintzen; horrek erakutsi ahal izan dit egoerak laguntzen ez duen arren entrenamenduak ondo egin ditugula". Hala ere, aitortzen duenez, zaila egin zitzaion final-laurdenetako borroketako bat; horretan, aurrez aurre egin zuen topo berriro Svitlana Skrypnyk ukraniarragaz, hots, faboritoa zen borrokalarietako bat –aurreko urtean ere bere aurka borrokatu behar izan zuen getxoztarrak–.
Orain, garaipenok giltzapean gordeta dituela, urrian egitekoa den Munduko Txapelketara begira dago Matthews. Horretan Europan egindako lana errepikatzeko asmoa du borrokalariak, eta, ahal izatekotan, horiek hobetu: "Gustatuko litzaidake urrezko bi dominak lortzea horretan".