Espainiako grappling txapelketa irabazi duzu. Zelan joan da lehia?
Aurtengo maila oso altu dago; gero eta lehiakide gehiago daude, baita prestatuagoak ere. Dena dela, oso ondo sentitu naiz; ondo entrenatzen ibili naiz azkenaldian, eta hori nabaritu egin da tatami gainean.
COVID-19aren izurritearen eraginez, zelakoak izan dira zure entrenamenduak? Egokitu behar izan duzu zerbait?
Azarora arte gogorra izan zen. Izan ere, bakarrik entrenatu behar nuen, baina, gero, apurka-apurka, betiko eredura bueltatzeko aukera izan dugu, gutxi gora behera. Hala ere, ordutegiak moldatu behar izan ditut klaseko eta laneko ordutegiak aldatu egin direlako, etxeratze-aginduaren ondorioz.
Zelan hartu duzu garaipena?
Oso pozik nago. Eguneroko lanak saria lortu du, eta, beraz, horrek esan nahi du gimnasioan lan ona egiten ari garela.
Aurrera begira zeintzuk helburu jarri dizkiozu zure buruari?
Datorren astean, apirilaren 26an eta 27an, Europako Txapelketan parte hartuko dut, Polonian, eta espero dut emaitza onak lortzea bertan ere. Gustatuko litzaidake, behintzat, joan den urteko emaitzak errepikatzea, baina ziur nago gogorra izango dela, beste herrialde batzuetan normal entrenatzen segitu dutelako denbora tarte honetan.
Grappling, jiu jitsu brasildarra, borroka olinpikoa... zein modalitatetan sentitzen zara erosoen?
Grappling eta jiu jitsu oso bertsuak dira; arauak aldatzen dira horietan, eta, ondorioz, baita estrategia ere. Baina, dudarik gabe, jiu jitsu brasildarra aukeratuko nuke nik.
Zergatik? Zer nabarmenduko zenuke modalitate bakoitzetik?
Jiu jitsuan askeago sentitzen naiz; joko bat da niretzat, eta, egunero, ikusten eta ikasten ditudan teknika berriek beti harritzen naute. Grappling egiterakoan, aldiz, lana leherkariagoa eta arinagoa da, eta, borroka olinpikoan erresistentzia handiagoa beharrezkoa da.