Ipar Euskal Herriko kultura Getxora hurbiltzeko xedez, datorren maiatzaren 16 abian jarriko da pandemiaren eraginez iaz atzeratu behar izan zen Iparra Galdu Gabe Jardunaldien IX. edizioko jardueren programazioa. "Hirurak maisuak! Biba zuek!" lelopean, oraingoan Iparraldeko hiru kulturgile handiri –Xalbador bertsolariari, Mixel Labéguerie abeslariari eta Mattin bertsolari eta idazleari– omenaldia eskainiko zaie, adin guztientzako hainbat ekitaldiren bitartez.
Beti bezala, Euskal Kultur Erakundeagaz egitaraua elkarlanean jarriko da martxan, udalerriko hainbat eragileren laguntzagaz (Egizu, ALBE, Azebarri…). “Beti bezala, ekimen honen helburua da Ipar Euskal Herriaren errealitatea Getxora hurbiltzea, eta oraingoan Iparraldeko kulturan garrantzitsuak diren hiru kulturgile handiri egongo da dedikatuta. Getxotarrak animatu eta gonbidatu nahi ditugu ekitaldietara hurbiltzera, publiko mota eta adin guztientzako ekitaldiak izango baitira hurrengo egunotan, esateko baterako, musikari, literaturari lotutakoak….”, nabarmendu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak. Jarduera segurtasun neurri guztiak bermatuta egingo dira, eta, horregatik, gonbidapenak eta sarrerak aldez aurretik eskatu beharko dira, edukiera zaintze aldera.
Euskal Kultur Erakundeko zuzendari berri Johañe Etchebestek adierazi du beste behin ere Getxora hurbilduko dela Iparraldeko kultura, duela 20 urte, Pantxoa Etchegoienen eskutik hasitako ibilbideari jarraipena ematen. “Guretzat oso garrantzitsua da harremanak mantendu ahal izatea, are gehiago bizi dugun egoera zail honetan. Beste behin ere gure musika, literatura eta izaera eramango ditugu Getxora, denon artean gozatu ahal izateko”, azpimarratu du Etchebestek.
Egitaraua
Maiatzak 16, domeka
- Familia osoarentzat jostaldi musikatua: "GuraShow". Romo Kultur Etxean, 12:00etan.
Maiatzak 20, eguena
- Literatura: "Iparraldeko eleak", Azebarrin, 19:30ean.
Maiatzak 21, barikua
- Kontzertua: "Biba kantua!" Getxoko Andrés Isasi Elektrik Konexioa + Phillippe De Ezcurra + Thierry Biscary. Muxikebarrin, 19:00etan.
Maiatzak 22, zapatua
- Kontzertua: "Aire Ahizpak", Azebarrin, 20:00etan.
Maiatzak 23, domeka
- Kontzertua: Erramun Martikorena, Muxikebarrin, 19:00etan.
Ekainak 27, domeka
- Kontzertua: Kalakan, Muxikebarrin, 19:00etan.
Ekitaldien atariko gisa, Algortako Bertsolari Eskolako kideek Fernando Aire "Xalbado"en, Mixel Labérguerieren eta Mattin Treku "Mattin"en hitzak kantatuko dituzte. Biba ALBEko bertsolariak!