Polizi batzuen aldetik jasotako hizkuntza eskubideen urraketek konponbiderik gabe jarraitzen dutela deitoratu dute

Iker Rincon Moreno · Hodei Torres 2021ko mai. 7a, 15:11

Getxoko euskaltzale batek pairatutako hizkuntza eskubideen urraketa eta erasoa salatzeko asmoz, agerraldia egin dute gaur Algortan Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Bertan, besteak beste, deitoratu dute euskarak bigarren mailako egoera bizi duela, eta horren isla dela joan den astean jazotako erasoa.

Euskaraz artatzea eskatutakoan, Getxoko udaltzain bik eta epaitegietako sarrerako zinpekoak bere hizkuntza eskubidea urratu diotela deitoratu zuen joan den astean Gabi Basañez getxoztarrak. Gainera, gertatutakoaren inguruko salaketa jarri gura izan zuenean, inprimakiak gaztelaniaz jaso zituen. Hori horrela, bere hizkuntza eskubideak urratu egin dizkietela salatzeko agerraldia egin du gaur eguerdian, Algortan. Beragaz batera egon dira Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Euskal Herrian Euskaraz taldea, gertakaria dimentsio gero eta orokorragoa hartzen ari den arazo baten baitan kokatzeko.

Prentsaurrekoan deitoratu dutenez, getxoztarrak jasandakoa ez da kasu isolatua. Izan ere, edozein erakunde edo entitategaz harremanak euskaraz izateko eskubidea dagoen arren, gogoratu dute herritarrek, askotan, babes eta bermerik gabe sentitzen direla Ertzaintzako zein udaltzaingoetako agenteakaz euskara erabiltzerakoan. Izan ere, Behatokiko kide Agurne Gaubekak azpimarratu du urtero-urtero jasotzen dituztela mota horretako bizipenak herritarren partetik: "Arau, neurri, kontrol zein tentsioa areagotu egin diren heinean, azken urtean egoera eta salaketa hauek ugaritu egin dira, eta azaleratu egin dute muinean dagoen arazo nagusia: oraindik orain, herritarrei ez zaiela behar bezala bermatzen segurtasun indarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea edo euskarazko zerbitzua jasotzea, eta administrazioan ezartzen diren irizpide berriek ez diete behar bezala aurre egiten muinean dauden arazoei".

Egoera horren aurrean, Behatokikoak nabarmendu du bereziki kezkagarriak direla arduradunen erantzun eta jarrerek horrelako salaketekiko. Era berean, deitoratu du zerbitzuak euskaraz bermatzeko ezintasunak onartu arren, hizkuntza eskakizunetan derrigortasun datarik gabeko lan postuen deialdiak ateratzen jarraitzen dutela. Adibide gisa jarri du Gaubekak joan den urtarrilean udaltzain edota ertzain izateko lan eskaintzetako deialdi bateratua; izan ere, horretan "atea zabalik geratu zen euskaraz ez zekiten edo zerbitzua euskaraz emateko maila egokia ez zuten pertsonak administrazio publikoan sartzeko".

Arazo "estrukturala"

Bere aldetik, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide Koldo Zaratek azpimarratu du Basañezek jasandako erasoa auzi puntuala dirudien arren, arazo estruktural orokor baten isla dela: "Ez da soilik hizkuntza eskubideen urraketa, sistema osoan euskarak oraindik ere bizi duen egoera ez normalizatuaren adierazle da".

Basañezen kasuaren harira, baina, Getxoko Udalaren eta Justizia Sailaren erantzukizuna azpimarratu dute agerraldikoek, lan jardunerako protokoloak ongi bete ez dituztelakoan. "Erabaki politiko batzuen emaitza krudela da", deitoratu du Zaratek. Are gehiago, mota horretako kasuen ondorioz Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela salatu du: "Eta ez da euskaldunok nahi ez dugulako edo egiten ez dugulako. Instituzioetatik gure lepoan ardura jartzen dute etengabe lotsa gabe, bitartean euskararen legeak 40 urte egingo dituen honetan, arlo ezberdinetan egunero hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigu eta administrazioak ez ditu bere betebeharrak zuzentzen, berari dagokionean euskarazko arreta eta zerbitzua ematea".

Hori guztia dela eta, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak aldarrikatu du euskaldunak diren langile publikoak beharrezkoak direla euskararen normalizazioa lortzeko. "Instituzioei exijitzen diegu euskalgintzak aho batez egiten duen aldarrikapen honi kasu egin diezaiotela behingoz: euskarak administrazio publikoan duen egoeraren balantze zintzoa egin eta horren ondorio logiko gisa, langile guztien euskalduntzea ziurtatuko duen kontratazio eta funtzionamendu eredua ezar dezatela", eskatu du.

Horrez gainera, egunerokoan pairatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketak sala ditzaten eskatu diete agerraldikoek euskaltzale guztiei, "beraien eskubidea delako euskaraz artatua izatea, eta baita euskaraz egin ahal izatea ere esparru guztietan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun