Getxoartek bertoko zortzi artistaren lanak erakutsiko ditu "Artista bat auzoan" ekimenaren barruan

Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 09:36

"Artista bat auzoan" izeneko ekimenaren lehen fasea martxan da. Getxoarteko Bitartekaritza Programaren barruan dagoen proiektu hau 2021ean sortu zen, pandemia betean, tokiko arte-sorkuntzari laguntzeko eta publikoaren eta sortzaileen arteko topaketa sustatzeko. Maiatzaren 28ra arte, aurten hautatutako zortzi artistek beste horrenbeste bideo egingo dituzte euren lana eta esperientziak erakusteko eta Getxo Kultura sare sozialen bitartez zabalduko dira.

Ekimenerako sortutako 10-15 minutuko iraupena duten ikus-entzunezko pieza horietan, Olatz Otalora, Juan de la Rica, Eriz Moreno, Igor Sarralde, Marta Iraurgi, Albar Cirarda, Esti Amo eta Raquel Asensi artista getxoztarrek, prozesuan dauden edo daborduko eginda dauden lanak erakutsiko dituzte, baita diziplina anitzeko artea, pintura, komikia, argazkiak, arte dramatikoa eta ilustrazioa bezalako modalitateetako sorkuntza-prozesuak ere. Artisten eta ikusleen arteko trukeari jarraipena emateko, bideoak erakutsi ondoren, bigarren faseari ekingo zaio, eta interesdunek artistek antolatuko dituzten topaketetan izena emateko aukera emango da. Horietan, parte-hartzaileek zuzenean erakutsi ahal izango dute beren lana, edo, besterik gabe, beren proiektuez edo sorkuntza garaikideaz hitz egin ahal izango dute.

Olatz Otalora (1990) artista plastikoaren bideoak emango dio hasiera telesailari. Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, eta Bartzelonako Unibertsitatean eta Kalostra artistentzako artisten eskola esperimentalean ikasi du. Marrazki, audio grabazio eta bideoakaz lan egiten du, eta Interpretazioaren aurka proiektua amaitu berri du, Artaza-Romo BHIko Batxilergo Artistikoko lehen mailako ikasleakaz batera.

Barikuan, hilak 14, Juan de la Rica (1979) margolariaren txanda izango da. EHUko lizentziaduna da, Pintura espezialitatean, eta hainbat erakusketatan parte hartu du, bakarka zein taldeka. Bere bideoan, marrazkiak eta konposizioak bere obran duten garrantzia eta bere lan-prozesuak azkenaldian jasan dituen aldaketak erakutsiko ditu. Umore ukitu eta Pop estetikaz baliatuta, kolorezko eremu lauetako pinturak egiten ditu, inguratzen duen gizartearen isla protagonista dela.

Eriz Moreno (1982) EHUko Arte Ederretan doktoreak bere praktika artistikoa erakutsiko du maiatzaren 17an. Hori, batez ere, testuinguru historiko-politikoakaz eta populazio edo paisaia espezifiko batean duen eraginagaz lotzen da, baita artxiboen sorkuntzan oinarritutako lan-formatuagaz ere. 2021ean nazioarteko hainbat egoitza-beka emango ditu.

Igor Sarralde (1988) komikigileak hilaren 19an argitaratuko du bere bideoa. EHUn Arte Ederretako ikasketak amaitu ondoren, Escola Joso: Centre de Cómic i Arts Visuals de Barcelona ikasten jarraitu zuen. 2020an Erein argitaletxeagaz Euskal Herriko Animaliak argitaratu zuen eta Noble Villa de Portugalete komiki lehiaketa irabazi zuen, euskarazko lanik onena.

Bigarren astea hilaren 21ean amaituko da, Marta Iraurgiren eskutik (1970). Ikus-entzunezkoen espezialitatean Arte Ederretan lizentziatua, paisaien argazkigintza da bere lanaren ardatza. Bere azken proiektuetan zehatzetik abstraktura esploratzen du lurraldea. Gaur egun, Zerikusi - Andra Mari: konexioak eta Mapak proiektua garatzen ari da, paisaia natural, hiriko eta abstraktuari begira.

Azken astea

Azken astean, Albar Cirarda (maiatzak 24), Esti Amo (maiatzak 26) eta Raquel Asensiren (maiatzak 28) bideoak izango dira ikusgai. Cirardak (1997) 2020an amaitu zituen Dantzertin Arte Dramatikoko goi-mailako ikasketak, RKEn ikusi ahal izan zen Yo mismo proiektuagaz, Garrobiko Garranblada konfitadan, 2021eko urtarrilean.

Bestalde, Esti Amo (1985) haurtzarotik hasi zen ilustrazioaren eta marrazketaren munduan. Bere ikasketen zati bat Gasteizko Arte Diseinuko Goi Eskolan egin zuen, eta, aldi berean, diseinu grafikoko ikasketak ere egin zituen, betiere marrazketa artistikoan oinarrituta. 2015ean, arkatz bati berrekin zion, sare sozialetan ospe handia lortu zuten erretratuen zirriborro azkarrak eginez.

Azkenik, Raquel Asensiren (1989) praktika artistikoak zeramikaren eta haren prozesuen, ekintza-artearen, argazkigintzaren eta eskulturaren eragina du. Artefactos izenagaz bildutako diziplinarteko proiektuak gorputzaren muga materialak zabaltzeko eta elkarlaneko prozesuak hasteko modu gisa erabiltzen ditu. Egun, Getxoarteko Bitartekaritza Programaren barruan, La Recolecta proiektua garatzen ari da, Zubileta Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako taldeagaz batera.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun