Joan den apirilaren 29an izandako osoko bilkuran, CNT sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten udal-egoitzako terapia okupazionaleko langileak, pentsiodunakaz eta familiakaz batera. "Osoko bilkuran zerbitzuari eusteko mozioa aurkeztu zen, eta alderdi guztiek babestu zuten hori, EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak izan ezik, zerbitzua murrizten jarraitzeko asmoa dute eta", jakinarazi du sindikatuak. Azaldu duenez, erabaki horrek murrizketa berriak ekarriko ditu, "kalitatezko arreta bermatzen duen funtsezko zerbitzu bat ezabatuz, eta eredu berriaren oinarrien aurka eginez (Pertsonarengan Zentratutako Arreta), arreta zuzeneko orduak murrizten baititu, funtsezko profesionalak ezabatuz. Era berean, haren eraginkortasuna eta onura bermatzen duen ebidentzia zientifikoa alde batera uzten ditu”.
“Gauzak beste eredu batetik egiteko, ez dira izenez aldatu behar soilik, zaindu egin behar dira eta beharrezko baliabideak eman behar zaizkie, langileei, senideei eta erabiltzaileei entzun eta haiek kontuan hartuz erabakiak hartzeko orduan. Bitxia da eredu berri horri Pertsonarengan Zentratutako Arreta deitu izana, hori justu alde batera uzten dutenean, hau da, pertsonak”, deitoratu du sindikatuak.
Kaleratzeen harira, zentral anarkosindikalistak salatu duenez, "beraiek ez dutela kaleratzen adierazi dute, azpikontratatutako enpresak egiten duelako, kontuan hartu gabe zerbitzu publikoen pribatizazioaren arduradunak direla, 10 urte baino gehiago daramatzatelako profesional berberekin prekarietate-egoeretan”. Kontuak horrela, ohartarazi dute maiatzaren 31tik aurrera arreta zuzena murriztuko dutela, "denen artean gelditzen ez badugu".