Getxoko Udalak hiru karpa jarri zituen martxoaren erdian Osakidetzak COVID-19aren aurkako txertaketa masiboa egin zezan. Behin-behineko txertaketa-zentrook Algortako Biotz Alai abesbatza plazan, Areetako Xake plazan eta Andra Mariko kiroldegiaren atzeko aparkalekuan kokatu zituzten, eta, horiek hilabete bian erabili ondoren, iragan maiatzaren 4an desmuntatzen hasi ziren. Horrek ezinegona eragin zuen udalerriko hainbat auzokideren artean, karpok "gutxi" erabili direlakoan, are gehiago jakinda horien muntaketan Udalak 130.000 euro gastatu zituela, EH Bilduk zabaldu zuenez.
Zergatik Osakidetzak BECera deitu ditu getxoztar gehienak herrian bertan karpak egonda?
— EH Bildu Getxo (@GetxokoEHBildu) May 5, 2021
Kontuak eskatuko ditugu erakunde ezberdinetan kudeaketa negargarri honen azalpenak jasotzeko. Ez da zilegi krisi ekonomiko honen testuinguruan denon dirua horrela xahutzea.
Udal-iturriek zehaztu dutenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak laguntza eskatu zien udalei behin-behineko txertaketa-zentroak osatzeko. Horri erantzunez, Getxoko Udalak hiru karpa jarri zituen, eta bere gain hartu zituen kostu denak. Ordutik, Udalak azpimarratu du azkenengo momentura arte erabili direla guneok, eta karpak desmuntatzeari ekin ziotela Osakidetzak estrategiaz aldatu duelako. Hala, Getxoko gainerako bizilagunei txertoa jartzen jarraituko dute orain Urdulizko ospitalean, BECen eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen etxeetan.
Udalerriko karpa horietan jarritako txerto-kopuruari dagokionez, udal-iturriek zehaztu dute datuok Osakidetzak dituela eta ezinezkoa dutela hori zehaztea. Hala, HIRUKA Osasun Sailagaz harremanetan jartzen saiatu da datuok jasotzeko, baina ez du erantzunik jaso.