Elkarrizketak

"Nerabezaroan rap asko entzuten nuen"

Asier Barruetabeña Rivallo 2021ko mai. 21a, 14:14

© JOKIN SAN JOSE

Kupel-usain mindua, potoz betetako bertso eta intxaur-gazta artean jaiotakoa izan arren, Algortako gizaseme honek, Muguruza balitz bezala, AEBetako New Yorkeko Bronx auzoan jaiotako doinuekin nahasten du trikitia. Bere estilo bizia, Berri Txarrak taldeak esan bezala, hiru hitzetan laburtu daiteke: "Jaio, folklorea, hil...". Edo horrelako zerbait.

Nor da Jokin Trikitixa?

Jokin Trikitixa, Jokin San Joseren alter ego musikala da. Beste pertsonai asko badaude Jokinen barruan, baina oraindik ez dira eman ezagutzera. 

Noiz hasi zinen trikitia jotzen? Zelan ikasi zenuen eta zelan animatu zinen horretan?

Ez dut inoiz esaten noiz hasi nintzen trikitia jotzen, ni baino urte gehiago daramaten ikasle asko ditudalako, eta horrek, agian, txarto sentiarazten ditu. Ni orain klaseak ematen nabilen lekuan hasi nintzen ikasten, Algortan. Betidanik gustatu zait trikitia, eta, bat-batean, animatu nintzen ikastera. Horrek duen zailtasunak asko erakartzen nau, baita duen sonoritateak ere; horregatik aukeratu nuen.

Askok Youtuben igo dituzun bideoengatik ezagutu zaitugu. Esan daiteke hori izan dela zure sorrera?

Bai, nire sorrera izan zela esan daiteke, noski. Horrek bideratu ninduen serioski lan egitera; bizitzan galduta nengoen garaia zen hori. Orain, denbora nahiko daramadan arren hara bideorik igo gabe, bideo gehiago grabatzeko asmoa dut. 

Beste proiektu oso ezberdin batzuetan ikusi zaitugu rapean murgilduta. Kontaiguzu apur bat...

Bai, orain pare bat urte nire lehen diskoa kaleratu nuen Durangoko Azokan, trikitia eta hip-hop estiloak nahasteko asmoz. Nik gehien kontsumitzen eta jorratzen ditudan bi estiloak batu nahi nituen, ez delako horrekin askorik egin orain arte. Nerabezaroan rap asko entzuten nuen, eta, gaur egun, aldiz, trikitia gehiago; nire iraganeko eta gaur egungo musikak nahastu nahi nituen. Argi nuen ez nuela egin nahi beste trikiti-disko tipiko bat; horretarako beste guztiak daude eta. Zeozer berezia nahi nuen, temazorik gabekoa, baina desberdina.

Gaztea Maketa Lehiaketako finalean ikusi zintugun. Espero al zenuen?

Ez nuen espero, nire diskoa hara bidali nuelako zeozer egitearren, besterik gabe. Finalera sartzeko botoak jaso behar nituen, eta, ez nionez lanari inolako promoziorik egin, ez nuen espero inora heltzea. Baina, bertan dauden epaileen botoak ere kontatzen zuten, hau da, talde batzuk bozkatuenak izateagatik sartzen ziren finalera, eta beste bat edo bik epaileek hala erabakita. Horrek pilo bat poztu ninduen. Hala ere, edozein txapelketan bezala, tentsio-uneak pasa nituen, denbora asko dagoelako tarteko. Hala ere, oso esperientzia elikagarria izan zen.

Proiektu berriak

"Proiektu batzuk ditut buruan, eta, musikaren munduan ere, baditut beste batzuk. Abesti berriak konposatu ditut, eta, oraingoan, trikitia Dancehall estiloarekin zelan nahasten den ikertzen hari naiz; izan ere, etorkizunean, agian, horrekin lan egiteko asmoa dut"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun