Nondik dator arabiar hizkuntza irakasteko klaseak eskaintzearen ideia?
Kalean bizitzen ari nintzenean, Barakaldoko Agharas elkartea ezagutu nuen. Horiek laguntza eman zidaten bertakotze-prozesuan, eta erakundean boluntario gisa hasi nintzen lan egiten, ni bezala kalean bizi diren beste gazte batzuei laguntza emateko. Horrela, Eskutik Eskura egitasmoan parte hartzen hasi nintzen; eskoletan etorkinen esperientzia kontatzen, hain zuzen ere. Horren harira, Getxora etorri ginen bertako boluntarioakaz hitzaldi bat ematera, eta, bertan, zinegotziagaz elkartu ondoren, Gaztelekuan arabiar klaseak emateko proposamena egin zidan. Niretzako esperientzia ederra izan zitekeela pentsatu nuen; bizitza berri bat hasteko aukera nuela ikusi nuen.
Nolakoak dira ematen dituzun klaseak?
Eguaztenetan egiten ditugu, arratsaldeetan, eta bederatzi ikaslek osatzen dute taldea. Horien artean denetarik dago, etorkinak ere bai; horrek asko aberasten ditu klaseak, bakoitzaren bizipenak kontatzen ditugulako. Arabiera ikasteaz gain, Marokoko kultura ezberdinak, gastronomia edo etorkinen errealitatea ere aztertzen ditugu. Gainera, klaseak aspergarriak ez izateko, egunero gauza ezberdinak egiten saiatzen naiz, tailerrak eta horrelakoak, besteak beste.
Coach profesionala ere bazara. Baina, zer da hori?
Coaching-a motibazio pertsonalagaz lotuta dago, eta horren helburua da jendearengan eragitea, hau da: motibazioa sortzea. Nik hori klaseetan erabiltzen dut ere, ikuspegi positibo batetik abiatzeko. Adibidez, jende asko dago bizitzan inolako helbururik ez duena, gaur gaurkoz bizitzen dena, etorkizunerako planik gabe dagoena. Bada, coaching-aren bitartez horri irtenbide bat ematen saiatzen gara. Etorkinak diren gazte asko dago galduta, eta Marokon ikasi nituen Coaching baliabideak erabiltzen ditut motibazio hori ematen saiatzeko, gazteek euren helburuak finka ditzaten. Azken finean, kalean dauden gazte horiek aukera bat bakarrik behar dute motibazioa lortzeko. Batez ere ikasi dut hori nola transmititu behar den, eta, hori baliatuta, etorkin gazteakaz berba egiten dut, horiek ere motibatzeko.
Agharas erakundeagaz egiten duzu lan, zein da bere helburua?
Barakaldoko Imazhigen edo bereberren kultur elkartea da. Hainbat ekintza antolatzen dituzte, besteak beste, kalean bizi diren etorkin gazteei laguntza ematen diete; adibidez, egunero prestatzen ditugun afarien arduraduna naiz ni. Etorkin gazteei denboraldi baterako geratzeko toki bat ere eskaintzen die elkarteak. Horretaz gain, arabiar, gaztelera eta euskara ikasteko klaseak ere eskaintzen dituzte, eta ni bertan nago euskaran trebatzen.