Harrera, gizarte inklusibo eta anitzak eraikitzeko oinarriak zehaztu dituzte Getxon

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 13:00

Diagnostikoa aurkeztu zuten joan den barikuan. © GETXOKO UDALA

Migratutako eta errefuxiatutako pertsonen harrerari buruzko diagnostikoa aurkeztu dute Getxon. "Hiri abegikor eta anitza eraikitzeko beste urrats bat da hori", azaldu dute udal-iturriek.

"Harrera, gizarte inklusibo eta anitzak eraikitzeko oinarria: Getxoko hiriaren ikuspegiak eta proposamenak" da egindako harrera diagnostikoaren izenburua, Diversiteko Gloria Elena Rendón migratutako politiketan adituarekin elkarlanean azken hilabeteetan egindakoa. Ekimenaren helburua da elkartasuna eta kultura-aniztasunaren onarpena sustatzea, abantaila gisa ulertuta, 2020-2023 Udal Legegintzaldiko Planaren erronken artean jasotzen den bezala, bere ardatz estrategikoetako bat aniztasuna eta berdintasunean eta kultur arteko bizikidetzan oinarritutako Getxo hiri abegikorra delako. “Getxo Kulturarteko Hiri gisa kokatu da mapan, Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak sustatutako RECI Kulturarteko Hirien Sarean parte hartzeari esker. Ibilbide luzea daramagu harrerari buruzko hainbat ekintza planteatzen eta Diagnostikoa beste urrats bat da etorkizunean harrera-plan komunitario bat egiteko. Azken batean, uste dugu migratzaileen eta errefuxiatuen harrera gizarte anitzak eta inklusiboak eraikitzeko prozesuaren lehen fasea dela, eta horregatik lan egingo dugu aniztasunaren alde eta Getxo harrera-hiri baten alde”, nabarmendu du diagnosiaren aurkezpenean Amaia Agirre alkateak.

Jatorri ezberdinetako gizon-emakumeak daude gaur egun Getxon, gero eta gehiago; 100 bizilagunetatik 11 munduko beste leku batean jaio dira, eta Harrera Diagnostikoa egiteko, kultura arteko perspektiba duen harrera gidatu behar duten RECI sarearen printzipioakaz lan egin da.

Udal-iturriek zehaztu dutenaren arabera, diagnostikoak jarduteko irizpide batzuk ezartzen lagunduko du, eta egiaztatu du Getxoko gizarteak harrera ona egiten diela pertsona migratuei eta errefuxiatuei, bai administrazio publikoaren aldetik, bai gizarte-erakundeen aldetik, zein herritarren aldetik, eta harrera egokitu egin behar dela iristen diren profil eta proiektu migratzaileen aniztasunera. Horiei Administrazio Publikoaren zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea erraztea garrantzitsua da, baita aholkularitza juridikoa eta lan orientazioa, gune abegikorrak eta ahalduntze-elementuak ere.

Oro har, bizikidetza ona da, eta diskriminazioaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko erronka partekatu bat dago. Era berean, nabarmentzekoa da atzerriko jatorriko biztanleriaren hazkundeak ez duela erabat konpentsatzen udalerriaren biztanleriaren murrizketa, baina biztanleria aktiboa ematen du, zahartze-tasa murrizten duena. Bestalde, kulturarteko ikuspegia eta genero-ikuspegia modu esanguratsuan uztartu behar dira Getxoko harreraren erronkei globalki aurre egin ahal izateko; izan ere, pertsona migratuak erakartzen ditu, batez ere laneko nitxo jakin batean kokatuak, hain zuzen ere, zainketen sektorean. Beharrezkoa da zaintza-lanak egiten eta bizitzari eusten ari diren emakumeak ikusaraztea eta balioan jartzea, eta kontuan izatea pandemiaren inpaktuak kalte handiagoak eragiten dizkiela.

Ondorioz, diagnostikoak definitu dituen gaikako ardatzak hurrengoak dira: harrera eta Mugikortasun Zerbitzuaren definizioa eta zehaztapena, migrazio-profilen informazioa eta laguntza bultzatzea, aniztasuna ikusaraztea eta gu bat sortzea, eta egindako ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egitea. “Ardatz horiek gidatuko dituzten jarduera-irizpideak izango dira: errespetua eta duintasuna, pertsonak erdian kokatzea, gune harreragileak sortzea, Getxoko gizartearen aniztasuna eta harreran hartutako pertsonen eta familien aniztasuna onartzea, eta desberdintasunak sortzen dituzten diskriminazio-sistemak jorratzen dituen ikuspegi intersekzionala sartzea (generoa, sexu-identitateak eta -orientazioak, erlijioa, jatorria, aniztasun funtzionalak, besteak beste). Lan guztiak aniztasuna eta askotariko gu kontzeptua eraikitzeko prozesua aurrera eramatera lagunduko du, pertsona eta talde desberdinek jasan dezaketen ikusgarritasun eza, diskriminazio eta bazterketari aurre eginez”.

Askotarikoen partaidetza

Diagnostikoa parte hartzeko ikerketa-teknikakaz (IAP) egindako dokumentua da. Diagnostikoak Udalak kultur artekotasunaren, berdintasunaren eta garapenerako lankidetzaren arloan ari diren eragile, alderdi politiko, erakunde laguntzaile (besteak beste, Perualde, Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioa Amekadi, Unesco Etxea, Zabalketa, Aisibizia, Moviltik), pertsona harreragile eta abegitsu askoren ahotsa jaso du.

Erabilitako teknikak askotarikoak izan dira, hala nola dokumentuen analisia; tailer tematiko bat, talde eragileko erakundeen, harrera egin duten pertsonen eta Getxon harrera egin zaien pertsonen parte-hartzeagaz; 30 elkarrizketa indibidual eta taldeka hainbat eragileri, ahalik eta ahots gehien sartzeko; online bidezko inkesta bat talde eragileko zazpi erakundeei, eta informazioa biltzea hainbat bidetatik, hala nola eztabaidarako guneak, deiak edo galderak e-mailez egitea parte hartu zuten gizarte-eragileei. "Aniztasunaren kudeaketa erantzukizun publikoko gaia dela uste dugu. Diagnostiko honen bidez, hiriak migratzaileei eta errefuxiatuei egiten dien harrera eguneratzeko lan bateratua egin dugu, prozesuaren ikuspegiarekin, harrera gizarte inklusiboak jatorrizko aniztasunekin eraikitzeko lehen fasetzat hartuta. Diagnosia eztabaidarako eta eztabaidarako lan-tresna jarraitua da, egiten diren ekarpenetatik abiatuta hobetu, aberastu eta berrikusi behar delako ", azaldu du Gloria Elena Rendón adituak.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun