Getxoko Harrera Plana hobetzeko 12 proposamen egin ditu Elkarrekin Podemos taldeak

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 15:37

© ELKARREKIN PODEMOS GETXO

Getxoko Harrera Planaren harira, Elkarrekin Podemos taldeak eskertu du mota horretako prozesu bat egitea, baina deitoratu du diagnostikoa egiterako momentuan hainbat eragileren parte hartze falta, hala nola Helduen Hezkuntzarako Eskola (HHE).

Migrazioetan adituak diren pertsonek osatutako Harrera Planaren aurkezpena egin zuen Getxoko Udalak joan den barikuan, hilaren 5ean, Romo Kultur Etxean. Elkarrekin Podemos taldeak prozesu hori egitea eskartu du, baita baloratu ere diagnostikoa modu zorrotzean eta hainbat gizarte-eragileren parte-hartzeagaz egin izana ere. Dena dela, Carolina Uribe zinegotziak deitoratu du Getxoko Helduen Hezkuntzarako Eskolaren (HHE) parte-hartzearen falta, erabiltzaileen eta profesionalen agente aktibo delakoan –ikus HIRUKA 172. zenbakia–. Era berean, koalizio ezkertiarrak salatu du Udalak abandonatuta duela zerbitzu hori, egoera ahulenean dauden migratzaileakaz zuzenean lan egiten den lekua izan arren.

Podemosek, Ezker Anitza-IUk eta Equo-Berdeakek osatutako koalizioak 12 proposamen zabal jaso ditu, eta etorkizuneko plan horrek "pertsona migratuak eskubide osoko herritarrak izan beharko liratekeela" kontuan hartzea espero du. Horregatik, beren proposamenakaz iradoki gura izan dute erakundeetatik informazioa nola ematen den baino haratago joan beharra dagoela, eta kontuan hartu behar dela, halaber, "Udaleko herritarrentzako arreta-egitura eta zerbitzu guztiek migrazioen zeharkako ikuspegi bat hartzea, pentsatua. Haien espezifikotasuna aitortuz, ahaztu gabe askotariko kolektiboak direla eta herritar gisa tratatu behar direla ".

Horrez gainera, egindako lana asko baloratzen duten arren, Uribek esan du zain daudela diagnostikoan adierazitako jarduera-ildoak "migratuak gizarteratzeko politika publiko eraginkor eta zehatzez betetzea eta kontsigna hutsetan ez geratzea, haien egoera administratiboa oztopo izan ez dadin eskubideak eskuratzeko orduan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun