Ekainaren 30etik uztailaren 4ra

Bueltan da Getxo Jazz!

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 15:49
Maria João - Carlos Bica Quartet izango da jaialdiaren hirugarren egunean.

Urtebeteko geldialdiaren ondoren, Getxok Jazzaldiari ekingo dio berriro, 44. edizioa martxan jarrita. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean, jaialdi getxoztarrak Euskadiko Jazzaldiaren zirkuitua irekiko du izurrite-egoerara egokitutako programagaz. Hala, espainiar Estatuko jazzaren izen handiko artistak izango dira protagonistak, Talde Lehiaketako banda gazteak edo euskal jazzaren aldeko apustua alde batera utzi gabe.

Ohi legez, Muxikebarri zentroak jaialdiko kontzertu nagusiak hartuko ditu 19:00etan, baita Talde Lehiaketa ere, aurten goizeko ordutegira pasako dena. Horrela, lehian jardungo diren lau talde europarrek emanaldia eskainiko dute 13:00etan. Arratsaldean, 17:00etan, Biotz Alai plazan, "Hirugarren milurtekoa" atala izango da, eta euskal jazza eta banda gazteak uztartzen dituen doako eskaintza gerturatuko dio publikoari. Uztailaren 3an eta 4an, leku berean, 12:30etik aurrera, egingo diren familientzako bi emanaldiek osatuko dute aurtengo programazioa.

Jazzaldia aurkezteko gaurko prentsaurrekoan, Amaia Agirre Getxoko alkatea pozik agertu da jaialdiaren itzuleragaz, eta azpimarratu du kultura gure nortasunaren ezaugarrietako bat dela, "eta horregatik, poz handia da jazz erritmoak publikoari berriz ere hurbiltzea". Halaber, nabarmendu du jazzaldiak Getxo Euskadiko abangoardia kulturalera eramaten duela.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, "40 urte baino gehiagoz, Getxok munduko leku askotatik ekarri du jazza, eta edizio bakoitzean onena erakutsi du, bai nazioarte mailan, bai Euskadin", eta musika hitzordu horrek "gure lurraldeko kultur agenda aberasten du". Bestalde, Iñaki Saitua ekitaldiaren arduradunak jazzaldia egungo egoerara egokitzeko egindako ahalegina azpimarratu du, "hori bai, kalitatea, musika aniztasuna eta gaztetxoentzako babesa mantendu dira jaialdiaren ezaugarri nagusi gisa".

Aurtengo Getxo Jazzeko kontzertu nagusiei dagokienez, Javier Colinak irekiko du jaialdia. Colina Europako egungo kontrabaxu-jotzailerik ospetsuenetariko bat da, eta ezinbesteko pieza erritmiko bilakatu da fusio latinoetatik gertu dagoen edozein talderentzat. Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldeak joko du, Espainian bizi diren musikari kubatar onenetakoek osatutako boskotea, talde ezberdinetatik etorriak eta musika ezagutza handia dutenak: Pepe Rivero, Miryam Latrece, Carlitos Sarduy, Ariel Brínguez eta Michael Olivera.

Maria João - Carlos Bica Quartet izango da jaialdiaren hirugarren egunean. Portugalgo jazzaren bi izen handi horien arteko lankidetza 80ko hamarkadan hasi zen eta Conversa (1986) eta Sol (1991) diskoetan erregistratu zen. Hamarkada biren ondoren, bere bideak banandu egin ziren, eta, orain, 25 urte beranduago, André Santos (gitarra) eta João Farinha (teklatuak) musikarien konplizitateagaz topo egin dute.

Laugarren egunean, Chano Domínguez eta Martirioren saioa hartuko du jaialdiak. Duela 20 urte mundua liluratu zuten kopla klasikoen berrinterpretazioagaz jazz moldaketakaz, eta lankidetza hori ezinbesteko Coplas de la madrugá (1996) diskoan islatu zen. Orain, Ignacio Villa Bola de Nieve Kubako piano-jotzaile handia gogoratzeko elkartuko dira berriro, hispaniar hizkuntzako herrialdeetako ikonoa. Carles Benaventek, Tino di Geraldok eta Jorge Pardok osatutako hirukoteak emango dio amaiera Getxo Jazzari, ibilbide luzeko estilo ezberdinetako hiru musikari, Niño Josele gitarra-jotzaileagaz batera.

Proposamen horri gehitu behar zaizkio Taldeen Lehiaketaren finalera iritsi diren lau taldeak, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango dute ikusleek, nazioarteko partaideen eskutik, bai eta Malu Garay Quintet, Baleen Lobak, Horda eta Los Aurora elkartuko diren Hirugarren Milurtekoa saileko kontzertuak ere. Capitán Corchea eta Hollywood Kids Band musikariek familientzako ikuskizunak eskainiko dituzte. Gainera, Jorge Lopez de Guereñuren margolan erakusketa izango da ikusgai ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean, "No Silence, No End" izenburupean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun