Elkarrizketak

"Zinema norberaren ikuspegitik gauzak erakusteko baliabide garrantzitsua da"

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 10a, 13:24

Adriana Rolloso getxoztarragaz batera aurkeztu zuen Iker Gonzalezek proiektua Getxo Wanted lehiaketara.

Film labur batek irabazi du Getxo Wanted programaren azken deialdia. Creyente du izena proiektuak, Iker Gonzalez Urresti bilbotarrak zuzendu eta idatzitakoa, eta Adriana Rolloso getxoztarra soinu-buru duena. Proiektuaren nondik norakoez berba egin dugu Gonzalezegaz, baita zinemagintzaren inguruan hausnarketa egin ere.

Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna?

Tipikoena izango litzateke txikitatik pelikulak ikusi izan ditudala esatea, baina egia da txiki-txikitatik argi nuela nire nahia idaztea zela, baina ez nekien nora bideratuta. Batxilergoa egiten ari nintzela, nire nahia azaleratu nuen, eta zuzenean esan zidaten kazetari izan behar nintzela, eta Kazetaritza Gradua hasi nuen. Ikasten ari nintzela, Ikus-entzunezkoekin lotuta zegoen ikasgaietako batean film-labur bat grabatu behar izan genuen, eta orduantxe ikusi nuen neu ere gai nintzela mota horretako gauzak egiteko. Orduan, karrera utzi eta Euskal Herriko Zinema Eskolan hasi nintzen, zinemaren mundura bideratzeko nire bide-profesionala.

Ikasketok amaitu dituzu?

Bai, 2019an amaitu nituen, eta, ordutik, euskal ekoiztetxe askorekin lan egin dut produkzio- eta zuzendaritza-departamentuetan, hala nola Amania, duela gutxi Goya sarietan egon zena Ane filmarekin, edo Pablo Urkijoren Ikusgarri, Errementari filma grabatu zuena. Horrez gainera, ekoizpen ezberdinetan parte hartu dut, Iciar Bollainen Maixabel film berrian, besteak beste. Hala ere, nire kabuz bestelako lanak aurrera eramatea da nire helburua, eta horren adibidea da idatzi dudan eta zuzenduko dudan Creyente film-laburra.

"Produkzio- eta zuzendaritza-lanetan aritzen naizen arren, nire helburua da zine-zuzendaritzan jardun ahal izatea"

Zergatik erabaki duzu orain film-labur bat zuzentzea?

Azkenean, produkzio- eta zuzendaritza-lanetan aritzen naizen arren, nire helburua da zine-zuzendaritzan jardun ahal izatea. Une honetan garatuko dugun lana ez dago irabazi-asmoekin planteatuta; izan ere, film-laburra amaitu eta hura proiektatzen hasten garenean, jaialdiren bat edo beste irabaziz gero, horietatik lortutako dirua ez da nahikoa izango hilean mantentzeko. Orduan, prozesu luzea eta gogorra da hau helburu handiago bat lortzeko, eta, kasu honetan, industria zinematografikoan aritzea da. Nire helburua ez da “bonbazo” bat sortzea edota film ultrapopularrak ekoiztea. Nik, azkenean, zinemara dedikatzea nahi dut, eta horretaz bizi ahal izatea, besterik ez.

Nondik dator Creyente gisako lan bat egitearen ideia?

Bitxia bada ere, hasierako ideia klaseko ariketa baterako sortu zen. Lan bat egiteko agindu zidaten, eta, ohi legez, azken egunerako utzi nuen. Gogoan dut goizeko 03:00ak zirela, eta ideia baten zirriborroak besterik ez nituen. Azkenean, ideia bururatu zitzaidan; erlijioaren gaiak oso gertutik ukitzen du nire familia, nire ideiak eta familiarenak, oro har, kontrakoak baitira. Dena dela, ez zait epaitzea gustatzen, eta gogoeta bideratzea nahi nuen. Hala, 2017ko urte amaiera hartan sortu nuen lan honen abiaburua, eta, ordutik aurrera, apurka-apurka gidoiari forma ematen ibili naiz, orain arte. Ideiak, bere horretan, eboluzionatu du ni pertsona gisa hazi naizen heinean. Izan ere, nire ustez, zinema norberaren ikuspegitik gauzak erakusteko baliabide garrantzitsua da, eta horixe da erakutsi nahi dudana.

"Ez dut inor epaitu nahi, ez naizelako inor horretarako, baina interesgarria iruditzen zait jendea gogoeta horretara erakartzea"

Zer da, beraz, lan horretan ikusi ahal izango duguna?

Orokorrean, hausnarketa sustatu nahi dut. Erlijioa erabiltzen dut film-laburraren hasierako puntu gisa, baina gure bizitzan hartzen ditugun erabakiei buruzko gogoeta bat da, batez ere gure inguruan ditugun pertsonei begirakoa. Kasu honetan, protagonistak bere familiarengandik urruntzeko erabakia hartuko du erlijio katolikoaren inguruko bere ideiei jarraitzeagatik. Honekin bilatzen dudana da ikusleak erreflexionatzea nola batzuetan ideiak lehenetsi egiten ditugun maite dugun jendearen aurretik. Ez dut inor epaitu nahi, ez naizelako inor horretarako, baina interesgarria iruditzen zait jendea gogoeta horretara erakartzea.

Noiz hasiko zarete hori grabatzen?

Ideia da aurtengo azaroan filmatzen hastea. Estreinaldiari dagokionez, oraingoz ez dugu datarik aurreikusi, baina gure helburua da ekoizpena amaitu ondoren 2022ko hasieran proiektatzen hastea.

Zenbat pertsonek parte hartuko duzue horretan?

Adriana Rolloso soinu-arduraduna da, eta berarekin batera aurkeztu naiz Getxo Wanted lehiaketara. Baina, lana ahalik eta modu profesionalean egin nahi dugunez, 25-30 pertsona inguruko lan-taldea osatuko dugu, sail ezberdinekin: zuzendaritza, ekoizpena, jantziak, makillajea, ile-apainketa, argazkilaritza, argiztapena eta soinua.

Horrek guztiak kostu bat dauka, eta diru-iturri bat Wanted Lehiaketa izan da, ezta?

Gaur egun, zoritxarrez, dirurik gabe ezinezkoa da ikus-entzunezko proiektu bat aurrera ateratzea; taldeari alta eman behar zaio, materiala ordaindu, bidaiak, otorduak eta abar. Azkenean, kostua handia da; ez da merkea. Hala, proiektua ahalik eta modurik profesionalenean egin nahi dugunez, Getxo Wanted-era hurbildu ginen 10.000 euroko diru-laguntza hori jaso ahal izateko. Horrez gain, aholkularitzarako eta prestakuntzarako aukera ere eman ziguten, Borja Cresporekin denbora partekatu ahal izan nuen, eta eduki nituen zalantza guztietan lagundu ninduten. Eskerrak baino ez ditut Getxoko taldea osatu duten guztientzako, Unai Amezagarentzako batez ere.

"Gure kasuan, 10.000 euro oso kopuru interesgarria da proiektu hau garatzeko, baina, beste obra batzuen kasuan, ez da ezer"

Etorkizunera begira, zer anbizio dituzue?

Adriana eta bion nahia da profesionalki honetan jardun ahal izatea. Nik ez dut sabaia altuegi jarri nahi, nire helburua honetan aritzea baita; independizatu eta lasai bizi ahal izatea honetan profesionalki aritzeko. Baina, zoritxarrez, nire ustez, gaur egun oso zaila da arteetan aritzea. Zaila da, gogorra, baina, uste dut posible izan daitekeela lan gogorra eginez gero.

Zailtasunak aipatu dituzu, zeintzuk aurreikusten dituzu?

Dirurik gabe ezin duzu, edo oso zaila da, ezer egitea. Gure kasuan, 10.000 euro oso kopuru interesgarria da proiektu hau garatzeko, baina, beste obra batzuen kasuan, ez da ezer. Orduan, edo aurrezkiekin edo ekoiztetxe baten laguntzarekin egiten duzu, edo oso konplikatua da. Ikus-entzunezko lanen %90ak diru-laguntzaren batetik lortzen du dirua, eta horiek lortzea oso zaila izaten da izenik ez duen norbaitentzat, nire kasuan bezala.

Azken finean, hauxe izango da nire lehenengo lana, eta oso zaila izan da diru-iturri sendo bat topatzea. Pentsa, proiektua duela 4 urte sortu zen, eta orain hasiko gara egikaritzen. Dena erraza balitz, ez nuke horrenbeste itxarongo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun