Tik tok, Snapchat eta Instagramen garaian, badira oraindino sastraken artean olgetan ibiltzea gustuko duten umeak. Getxoko Malakate inguruan topatu ditugu batzuk, eurentzat guarida izeneko txokoan: "Hau da aske izateko dugun leku basati bakarra". 8 eta 9 urte bitarteko haur hauek mundu berezi eta irudimentsua sortu dute bertan, eurek bakarrik ulertzen duten hizkuntzan: objektu galduen zuhaitza, ipurdi forma duen harria... Zabuak dituen parke bat gertu duten arren, ez dute zalantzarik egiten: "Nahiago dugu hemen egon mila parke edo zabuetan baino".
Baina guarida honek agian ez du luzaroan iraungo, bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusita dagoelako. "Triste" agertu dira, euren gotorlekua galtzeko aukera izan dezaketelako: "Hau da ondo pasatzeko topatu dugun lekua, guretzat garrantzitsua da". Obretako langile eta hondeatzaileak bertara heldu zirenean, bihurrikeriaren bat egin zieten euren lurra defendatzeko: "Gaur bertan, ikastolan ikasi dugu nolakoak diren ekosistemak, eta hemen egingo dutena ekosistemari erasoa da". Hala ere, alde egitera behartzen badituzte, beste lekuren bat topatu dute jada, "baina ez dizuegu kontatuko non dagoen, badaezpada".
Txorizo eta txokolate bokatak eskuan, han-hemenka ibiltzen dira umeak landa honetan. Baina zer egiten dute bertan? "Jolastu!" diote ahobatez. "Harrapatzera, ezkutatzera, animaliak topatzera...". Helduak ez dituzte onartzen euren guarida-n, guk ez dugulako euren mundu berezia guztiz ulertzen. Baina salbuespenak egiten dituzte: "Umeak bakarrik onartzen ditugu hemen. Beno, zuek berriro etortzen bazarete, zuek bai".
Eskerrik asko zuen leku sekretua gurekin partekatzeagatik, Arane, Lier, Lucas, Aiala, Ekain, Mikel, Iñigo, Eñaut, Aiur eta Alain!