Sortzez Varnakoa da Rumenov, Bulgariako ekialdeko herri batekoa, itsaso Beltzari begira. Herri hura oso ezaguna da Europako urregintzako piezarik zaharrenak aurkitu direlako bertan, k.a. 4.200 urtekoak, hain zuzen ere. Dioenez, bulgariarrak oso adeitsuak dira kanpotarrakaz, "eroso sentitzen bagara pertsona bategaz, familiakoa izango balitz bezala hartuko dugu; oso leialak gara gure artean". Hala, bere herria bisitatzeko gonbita egin dio gura duenari; dena dela, ohar bat egin digu: "Gogoratu, bertan, buruagaz baieztatu edo ezeztatu nahi dugunean, gainontzeko lekuetan egiten denaren kontrakoa egiten dugu; hau da, baiezkoa denean, alde batetik bestera, eta, ezezkoan, goitik behera".
Jan-edanari dagokionez, sarmi eta tarator gomendatzen ditu. Lehenengoa aza- edo mahats-hosto batean sartuta dagoen haragia da, hainbat orduz gisatzen dena; bigarrena, aldiz, jogurt, pepino, aneta eta baratxuriz egindako edaria da. Bisitatzeko, aurretik esandako aztarna arkeologikoez gainera, Rumenoven ustez Europako parkerik politena dena gomendatu digu: Morska Gradina. Dioenez, itsasoko lorategia esan gura du izen horrek; hondartzaren ondoan, hiria inguratzen eta babesten duen basoa da, eta guztiz babestuta dago: "Ezin da bertan eraiki". Parke hartako oso oroitzapen onak ditu Rumenovek, bertan, bere wing chun irakasleagaz entrenatzen ari zela, gaur egun bere emaztea eta semearen ama dena ezagutu zuelako.