Iñaki Saitua Getxoko Udaleko kultura programatzaileak eta Getxo Jazzeko zuzendariak azaldu du izurriteak ezarritako osasun-neurrietara egokitu behar izan dutela aurtengo programa, iazko jaialdia bertan behera geratu ondoren; hala ere, nabarmendu du oro har pozik daudela emaitzagaz: "Balantze baikorra egiten dugu publikoak ondo erantzun duelako eta kritikak ere oso onak izan direlako". Bestalde, azpimarratu du aurtengo jaialdian musikari-gazteen eta emakumeen presentzia ere nabarmena izateko helburua bete dutela.
«Balantze positiboa egiten dugu, garrantzitsuena jaialdia aurrera ateratzea zen, eta lortu dugu»
Iñaki Saitua, Getxo Jazzeko zuzendaria
Mugikortasun-murrizketak direla eta, aurten ez da AEBtako talde ospetsurik egon, hala ere, inguruko musikari esanguratsuak ekartzeko ahalegina egin dute, "jaialdiaren kalitatea mantenduz". Horien artean egon dira Maria João - Carlos Bica Quartet portugaldarrak, eta The Cuban Jazz Syndicate, Espainian bizi diren musikari kubatar onenetakoek osatutako boskotea. Besteak beste, Chano Domínguez eta Martiriok kopla klasikoen jazz-moldaketakaz ikusleak liluratu zituzten.
Saituak dio formatua ere moldatu behar izan dutela aurten: "Talde Lehiaketako emanaldiak goizeko ordutegian egin dira; ondorioz, jende gutxiago bertaratu den arren, garrantzitsuena aurrera ateratzea zen". Bestalde Bihotz Alai plazan egindako emanaldiek oso harrera ona izan dute, eta Muxikebarrin egin diren emanaldi nagusietarako sarrera guztiak saldu dituztela dio Saituak.
Talde Lehiaketari dagokionez, Michelangelo Scandroglio Quintet talde italiarrak bereganatu du aurtengo epaimahaiaren saria. Bigarrenak izan dira Víctor Jiménez & Friends, eta talde bereko Andreu Pitarch bateria-jolea izendatu dute instrumentista onena.
Emanaldiak bukatuta, Jorge Lopez de Guereñu margolariaren erakusketak ikusgai jarraituko du Romo Kultur Etxean, uztailaren 23ra arte. No Silence, No End izenburupean, hainbat urtetan jazzaren inguruan egindako margolanak bildu ditu bertan