Elkarrizketak

"Umorea oso botika ona da arazoak erlatibizatzeko"

Ander Zarraga 2021ko uzt. 23a, 09:00

© ZUHAITZ GURRUTXAGA

Besteak beste, futbol jokalari ohia, telebista-aurkezlea eta bakarrizketaria izateagatik da ezaguna Zuhaitz Gurrutxaga. Herri Txiki Infernu Handi saioaren hurrengo denboraldia prestatzen ari den bitartean, umorearen argi-ilunetaz aritu gara beragaz; dioenez, umoreak asko lagundu dio bere bizitzan momentu gogorretan, edozein botika baino hobeagoa izan daitekeelako barrea.

Askok Real Sociedad futbol-taldean jokatu duzulako edo telebistatik ezagutzen zaituzte, baina, azkenaldian, FutbolisTOK bakarrizketa egiten ari zara; alde berria al da?

2012an hasi nintzen nire lehendabiziko bakarrizketak edo monologoak egiten, haren izena Futbolisto baten konfesioak zen. Bizpahiru urtetan hainbat emanaldi egin nituen, eta, gero, bost urtez geldi egon naiz, bakarrizketak egin beharrean telebistako lanak egiten ETB1eko Herri Txiki Infernu Handi saiorako. Beraz, orain arte, aparkatuta neukan bakarrizketa-lana. 2020an aurkeztu nuen FutbolisTOK izena duen emanaldia, lehenago egin nuenaren jarraipena dena, eta, horregatik, izena ere hortik hartuta dago: Futbolisto hori lehendabiziko bakarrizketetatik hartu nuen, eta amaierako TOK, nahasmendu obsesibo-konpultsibotik dator, horri buruz ere hitz egiten dudalako; hitz-jokoa da. 

FutbolisTOK
Joan den ekainaren 18an Getxoko Muxikebarri Antzokian taularatutako bakarrizketa honetan, futbol jokalari profesionala zeneko bizipenak eta anekdotak kontatzen ditu Gurrutxagak. Horretaz gain, goi-mailako futbolari izan zenean, lehen pertsonan pairatu zuen nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz ere berba egiten du. 

TOK horren harira, joan den martxoan, Ur Handitan saioan konfesatu zenuen futboleko Lehenengo Mailan debutatu zenuenean bizi izan zenuen esperientzia gogorra. Hortik dator?

Bai, bakarrizketa honetan, batez ere, kontatu nahi ditudan bizipenak dira Lehenengo Mailan jokatu nueneko egunetakoak; hiruzpalau denboraldiz egon nintzen, eta garai hartako bizipen asko ditut: futbol zelai barruan sentitzen nituenak edo aldagelan... Eta, oro har, futbolarekin oso lotuta dauden kontakizunak dira. Horrez gain, nahasmendu obsesibo-konpultsibo deitzen den bizipen, edo, hobeto esanda, gaitz hori pairatzen hasi nintzen, eta horren inguruan ere hitz egiten dut bakarrizketan. Ur Handitan saiorako egin nuen elkarrizketa hartan zehatzago kontatu nuen zelako gauzak gertatzen zitzaizkidan; bakarrizketan gauza batzuk imajinaziorako uzten ditut, eta saiatzen naiz umorearekin kontatzen bizitakoa. Baina, bai, egia da Lehenengo Mailan jokatzen hasi nintzenean arazo hau pairatu nuela. Beti pentsatu izan dut barnean ere izango nuela txikitatik, baina futbol profesionalean hasi nintzean neukan presio horrek eragin zuzena izan zuen gaitz hau azaleratzeko orduan.

Dena den, zuk bizitako momentu gogor horiek umoreagaz ikustarazten dituzu. Horrek laguntzen du gainditzen?

Kontatu dizudan guztia kontatzen dut monologoan, baina nik uste dut umorea jendearengana iristeko modu on bat ere dela. Beste aldetik, niretzako, umorea ere oso lagungarria izan da sufrimendua kudeatzeko orduan; sufrimendua diodanean esan nahi dut horrelako nahasmendu bat izatea oso astuna izan daitekeela, eta horretaz guztiaz barre egiteak, nire burua autorridikulizatuz, lagundu izan dit karga hori arintzen. Horregatik, erakutsi nahi dut eszenatoki gainean zein garrantzitsua izan den nire buruaz barre egitea, eta hori guztia umorez hartzea. Beraz, esango nuke umorea oso botika ona dela arazoak relatibizatzen laguntzeko. 

Herri Txiki Infernu Handi
«Hasieran, hamar saio egiteko helburua genuen eta, dagoeneko, 175etik gora programa eta herri egin ditugu. Telebista munduan hori ez da normalena, baina, zorionez, guri egokitu zaigu, eta pozik gaude»

Beraz, bizitza umore gehiagoz hartu beharko genukela usten dutenetako bat zara?

Uste dut asko lagundu ahal digula, bai. Askotan, gure buruari inportantzia gehiegi ematen diogu zerbaiti, eta, gero, horrek sortzen du antsietatea eta sufrimendua. Uste dut garrantzia gehiegi ematen diegula gure eguneroko drama txiki horiei, eta hori absurdoa dela ikusarazteko modurik onena horietaz barre egitea da. Gero, norbait galtzea bezalako tragediak ere daude bizitzan, eta horiek umorez hartzea ezinezkoa da, baina, azkenean, denborak buelta ematen die kontu horiei ere.

Horren gazte arrakasta izateak prezio bat ekarri zizula esango zenuke?

Bai, futbolean 19 urterekin debutatu nuenean nahiko ospetsua egin nintzen, behintzat Gipuzkoan. Gero, nire gainbehera ere oso denbora laburrean gertatu zen: 24 urterekin Bigarren Mailara jokatzera pasatu nintzen; hortik aurrera, ezezagunagoa izaten joan nintzen, eta esango nuke ez nuela oso ondo eraman bat-batean ezezaguna bilakatu izana, nahiz eta jendeak kalean maitasuna adierazi. Askotan pentsatu dut oholtzara salto egin nuela maitasun horren bila.

Orain, futbola utzi eta 20 urte beranduago, izarren eta fokuen atzetik pertsonak ere daudela gogoratzeko ere egiten duzu bakarrizketa?

Bai, hala da. Lehenengo Mailan nengoen garaian, konturatu nintzen nahiko mundu hermetikoa dela, kanpotik zein barrutik: futbolari profesionalengandik beti esaten da hiruzpalau esaldi bakarrik esaten dituztela, elkarrizketetan ez dutela asko sakontzen eta, askotan, pentsatzen dugu zozoak direla, ez dutela gehiago hitz egiten ez dutelako gaitasunik. Halakoak egongo dira, beste edozein lanbidetan bezala, baina nire sentsazioa da gai nagusietatik ateratzen bazara, litekeena dela hurrengo egunean titular guztietan agertzea. Jendeak pasio eta seriotasun handiarekin bizitzen du futbola, eta jokalariok saiatzen gara ahalik eta gutxien kontatzen, inork ez duelako nahi futbola ez den beste gauza batengatik agertu titularretan. Beraz, horregatik ixten da horrenbeste mundu hori. Orain, hainbeste denbora pasata, nik banuen gogoa benetan zer sentitzen nuen kontatzeko, eta adierazteko hor atzean pertsonak ere daudela beste edonork izan ditzakeen beldur eta sufrimendu berdinekin.

 
Azken urteotan Mikel Pagadizabalegaz batera aritu zara Herri Txiki Infernu Handi saioan, zenbat urte daroazue elkarregaz?

Zazpigarren denboraldia bukatzen gabiltza orain, eta, gauzak ondo badoaz, laster zortzigarrenarekin hasiko gara. Hasi ginean nork esango zigun honaino helduko ginela, ez baita lan erraza, kasu honetan, audientziek agintzen baitute. Hasieran hamar saio egiteko helburua genuen, eta, dagoeneko, 175etik gora programa eta herri egin ditugu. Oraindik ere, zazpi denboraldi egin eta gero, harrigarria da audientziak ikusten jarraitzea; telebistan hori ez da normalena, baina, zorionez, guri egokitu zaigu, eta pozik gaude igandero jendearen maitasuna jasotzen jarraitzen dugulako.

Formatuagaz asmatu duzue?

Danimarkan sortutako formatu honek nahiko arrakasta izan zuen, eta Katalunian ere errepikatu zuten, arrakasta izugarriarekin. Zortzigarren denboraldiari helduta, esan dezakegu guk ere arrakasta puntua lortu dugula. Horren meritu handi bat formatua bera da: herrian egiten ditugu elkarrizketak, eta, gero, denen aurrean ematen ditugunean, herriko plazan edo frontoian, bigarren zati horrek ematen dio plus handi bat saioari, bestela elkarrizketa kromoak izango ziren, beste hainbat programa bezala. 

Umorearen argi-ilunak
"Umoristek ere atzetik badute mundu bat, askotan ez dena horren polita eta barregarria. Mundu horretako jende gehiago ezagutu ahala, konturatu naiz badituztela barregarriak ez diren gauzak ere"

Horrek guztiak Gabonetako bereziak egitera ere eraman zaituzte. Telebistan hasi zinean horretara helduko zinela espero zenuen?

Nahiko anekdotikoa da, baina azken bost urteetan kanpaikadak eman ditugu gabon zahar gauean, eta egia da denok sumatu dugula telebistan kanpaiak emateak bere garrantzia duela. Gainera, badirudi telebista-kate horretan ondo aritu diren aurkezleei opari bat ematea bezalako dela hori. Telebistan egonda, gauza bitxia gertatu da: EITBk, lehen, grabatuta ematen zituen kanpaiak, baina guri proposamena heldu zitzaigunean, geuk zuzenean egiteko aukera planteatu genuen. Zorionez, baietz esan ziguten, eta Sara Gandara, Mikel eta hirurok aritu gara. Asteetako lana da 15 minutuko saioa egiteko, baina, bai, saioa errekonozimendu bat bezala hartzen dugu. 

Horretaz guztiaz gainera, Vanpopel taldearen sortzaileetako bat zara. Jarraitzen duzue?

Ez, jada ez dugu jotzen, baina honen guztiaren hasiera, agertoki batera igo nintzen lehen aldia, hain zuzen ere, Vanpopel taldeari esker izan zen. Pop taldea sortu nuen, eta orain baino lotsagabeagoa nintzen: lau akorde besterik ez nekizkien, eta kontzertuak ematen hasi nintzen. Hortik etorri zen bakarrizketa eta antzerkia. Hala ere, bizitzan gaitasun kontuagatik zerbait utzi behar izan badut, hori musika izan da; ez neukan bizimodua aurrera ateratzeko moduko gaitasunik.

Futbola, musika, telebista, bakarrizketak... Ligatzeko tresna baino gehiago, ikuskizuna bizimodu bilakatu duzu, ezta?

Beti erdi brometan eta erdi serio esan dut fokuek ligatzen laguntzen dutela. Hala ere, beti galdetu izan diot nire buruari ez ote dudan fokuen beharra; futbola utzi eta berriro ere publikoaren aurrean jartzeko beharra izan nuen. Ondo pentsatuta, ez dakit hain ideia erromantikoa ote den erantzuna, seguruenik maitasun behar horrek bultzatu ninduelako berriro oholtzara igotzera, eta ondo analizatuz gero, seguru nago erantzuna ez dela hain erromantikoa. Baina, zorionez, bide horretan nire burua ezagutzeko aukera izan dut, eta neure benetako lekua aurkitzeko zortea izan dut. Orain, eroso sentitzen naiz, bai telebistan baita oholtza gainean ere. 

Umorista izateko, gogoeta nahiko serioak egin dituzu, ez ahal zaizu iruditzen?

Umorista bat elkarrizketatzen dutenean badirudi rol horretan jarraitu behar duela, elkarrizketa eta dioen guztia umorezkoa izaten jarraitu behar duela, alegia; barre egitea bakarrik dela bere lana. Baina umoristek ere badute mundu bat atzetik, askotan ez dena horren polita eta barregarria. Garai batean esaten zen pailazo tristearekin gogoratzen naiz kasuotan; izan ere, umorearen munduan dagoen jende gehiago ezagututa, konturatzen naiz badituztela horren barregarriak ez diren gauzak, eta askotan depresioak eta nahasmendu arazoak egoten dira atzetik. Hau da, umorea botika moduan erabiltzen dute aukera bezala, beste alde ilun batzuetatik salbatzeko. Horregatik uste dut umoretik harago, elkarrizketa sakona ere egin daitekeela. Esango nuke atzetik ezkutatuta dauden gauza ez hain argitsuei buelta emateko erabiltzen dugula umorea. Gainera, zure porrot bat modu dramatikoan kontatzen baduzu, badirudi geroz eta pisu gehiago bereganatzen duela. Hori bera umorez kontatuz gero, aldiz, nahiz eta sufritzen egon, zure buruari barre eginez erlatibizatu eta pisua galtzen du. Ez diot gure kontuez barre egin behar dugunik, baina giltza edo mekanismo hori izatea ondo dator.

Bizitako gorabeherek heldutasun emozional batera eraman zaituztela uste duzu?

Bai, hala da. Eta  trastorno psikologiko batengatik psikologoetan-eta ibili eta gero, gertatzen zaidana ikertzen jarrita, konturatu naiz niri gertatu zaidana ez dela gauza subjektibo bat, objektiboa baizik. Beraz, nire burua ere zaindu beharra daukat, eta horrek orain arte egindako ibilbide guztiaren hausnarketa kontziente bat egitera ere narama. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun