Hegatsa galdu nuenekoa liburua argitaratu duzu. Zer topa daiteke horretan?
Liburu honetan, ipuin bitxi bat topatuko du irakurleak, euskal mitologian oinarritutako pertsonaia baten istorio asmatua. Jakinaren gainean ez daudenentzat, esan beharra dago Xixili Bermeoko lamina dela aspalditik. Gure herriko kondairetan maiz agertzen dira lamina eta gizon arrunten arteko amodiozko istorioak, eta hemen ere mota horretako istorio bat idatzi nahi izan dut. Baina guztiz asmatua da, ez dago inongo kondaira ezagunean oinarritua.
Xixili Bermeoko pertsonai mitologiko ezaguna da beraz. Zergatik aukeratu duzu hori protagonista moduan?
Bai, pertsonaia nahiko ezaguna izan da azken urteetan, baina ez pentsa lehen hain ezaguna zenik Bermeotik kanpo. Nire aita bermeotarra da, eta horrek asko lagundu dit, bai pertsonaia ezagutzerakoan, eta baita Xixilirekiko nolabaiteko lotura izaterako orduan ere. Horretaz gain, euskal mitologiaren barruan laminek badute halako erakargarritasun bitxi bat: berdin da itsasokoak zein errekakoak izan, berdin da hegatsa izan zein ahateen hankak izan. Edertasunaren eta amodioaren adierazpide onak dira nire ustez. Eta amodioari buruz idatzi nahi nuenez, horratx!
Nor da, bada, zehazki Xixili?
Esan bezala, Xixili Bermeoko lamina da. Herri hartan oso ezaguna izan da beti, baina nik dakidala, ez dago pertsonaia horren inguruan kontakizun zehatzik. Nik hegatsa jarri diot, ile distiratsua, bularrak eta ezkatak, eta, horretaz gain, erresuma urdin bat asmatu diot. Hortik hasita, bizitza lurtarra ere eman diot, amodiozko istorioa, eta agian espero ez den amaiera bat.
"Bihotzetik pentsamendura doanari kasu eginez, hor gauzak ateratzen dira"
Fikziora eraman duzu pertsonai horren historia. Zertan oinarritu zara fikiozko istorio hau idazteko orduan?
Ez naiz ezer berezian oinarritu kontakizun hau idazteko orduan. Bihotzarekin idazten eta egiten dut ahal dudan guztia. Bestela, zertarako egin ezer? Eta bihotzetik pentsamendura doanari kasu eginez, hor gauzak ateratzen dira. Gauza bat argi nuen: Xixilik lehentasuna izan zezan, lehenengo pertsonan edestua izango zen ipuina, eta ez nuen denbora edo sasoi zehatz batean kokatu nahi izan.
Getxoztar bat Bermeoko tradizioez idazten... Zaila egin zaizu hori?
Esan bezala, Bermeoko herriarekin lotura handia dut aitaren aldetik. Amaren aldetik ere, bada hor birramama bermeotarren bat ere! Ez zait zaila egin, ez. Bermeotarrak asko maite ditut. Izaera aldetik, batzuentzat bitxiak izan daitezkeen arren, zabalak eta gardenak dira, ez dute tolesdurarik. Eta umorea ez zaie falta.
2019an argitaratutako liburua dugu hau. Denbora tarte honetan zelako harrera izan du horrek?
Orokorrean, oso harrera ona izan du liburuak. Kontuan hartu behar da ipuin hau ondo sailkatzea edo nori zuzendua dagoen esatea ez dela erraza izan. Ipuina den arren, baina, ez da umeentzat idatzia izan. Heldu askok irakurri dute liburua, eta asko gustatu zaie. Orain dela gutxi, Algortako euskaltegi batetan liburuaren aurkezpen bat egiteko eskatu zidaten, eta hau sorpresa! 60-70 urte bitartean zeuden ikasleak ziren denak. Askok liburua irakurria zuten, eta istorioaz maiteminduta zeudela esaten zidaten denek. Oso eskertuta nago izan dudan harreragatik, orokorrean.
Zure lehenengo liburua izan da hori. Zelakoa izan da idaztearen esperientzia?
Ezin hobea. Beti izan dut irakurtzeko eta idazteko zaletasuna, nahiz eta bigarren hau, ikastolako sasoietatik kanpo, ez dudan inoiz landu. Irakurtzerakoan ere, nire sasoiak ditut: batzuetan ez dut ezer irakurtzen, beste batzuetan eleberriekin ezin… saltoka nabil. Heldutasun sasoi honetan idaztea esperientzia ederra izan da, barnean dudan bizitza nolabait barrutik kanpora atera ahal izateko biderik politena da.
"Heldutasun sasoi honetan idaztea esperientzia ederra izan da, barnean dudan bizitza nolabait barrutik kanpora atera ahal izateko biderik politena da"
Zergatik erabaki zenuen liburu bat idaztea?
Betidanik izan naiz irakurzalea, eta txikitan ipuin politak idazten nituela esaten didate. Ni horretaz ez naiz gomutatzen, baina ikastolako lagunek esan ohi didate. Arte Ederrak egin nituen bere sasoian, eta barne-bizia nolabait ateratzeko behar bat dudala uste dut, baina azkenean nire bizitza ez da arte plastikoen ildotik joan. Horregatik, idazte prozesu horretan aurkitu dut bidexka bat, non gustura sentitzen naizen.
Errepikatzea aurreikusten duzu?
Bai, hori da asmoa. Oraintxe bertan banabil beste liburu batekin, aspaldi dudan obsesio bati jarraituz. Ez dut esango zeri buruzkoa den, baina Nafarroan kokatzen da, gertaera historiko batean oinarritua. Ez da ipuina izango, noski, eleberria baizik. Datu asko bildu behar izan ditut, eta hor nabil, liburuaren bigarren zatiari aurre eginez, lehenengoa idatzia dut-eta.
Horretaz gain, Xixiliren antzeko ipuin bat ere badut buruan, beste pertsonaia mitologiko baten inguruan. Liburuaren diseinua, idazteko tonua eta neurriak berdinak izanik, pertsonaiak aldatuko lirateke, eta maitasuna ardatza izan beharrean, adiskidetasunean oinarrituko nintzateke. Hori da asmoa.