#saninazioak2021

"2022ko herriko jaien handitasunak bete dezala galdu ditugun bi urte hauen hutsunea! Gure hitza duzue!"

Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 08:21

Gaur, uztailaren 28an, Algortako San Inazio jaien hasiera ospatu beharko litzateke, 5 eguneko festa giroari paso emateko. Hala ere, bizi dugun egoera dela eta, aurten ere ezin izango dira saninazioak "normaltasunez" bizi, jai batzordeak gogoratu duenez. Dena dela, iragarri duenez, bihartik aurrera, abuztuaren 1era arte, jaiak gogorarazteko atzera begirako bideoak publikatuko dituzte HIRUKAn, hemen ikusgai egongo dira irudiok.

Algortako jai batzordeak ohar baten bitartez azaldu duenez, duela urtebete, esperantza guztiak zituzten jarrita aurtengo udan ospakizunak berreskuratzeko. Hala ere, deitoratu dutenez, COVID-19ak eragindako pandemia ez dugu atzean utzi, eta ezinezkoa izango da saninazioak berreskuratzea: "Beste urtebete itxaron beharko dugu, zer erremedio! 2022ko herriko jaien handitasunak bete dezala galdu ditugun bi urte hauen hutsunea! Gure hitza duzue!".

Iaz ez bezala, azaldu dutenez, aurtengo jaietako diru-laguntza herri-kultura sustatzeko egitasmoetan inbertituko dute, udagoienean izango bada ere. "Gure hasierako asmoa aurtengo jaiak izango ziren egunetan kultur egitarau herritar eta segurua antolatzea bazen ere, halako ekimenak arautzen dituen legediaren denborek eta borondate politiko faltak ekimen hauek denboraz atzeratzera behartu gaitu". Izan ere, udagoienean zehar, Getxoko auzoetan kultura asteak antolatuko dira, eta urteroko jaiak izango ez badira ere, "udako jaietan guretzako ardatz diren printzipioak mantentzen ahaleginduko gara: kultura herritarraren presentzia eta herritik eta herriarentzat egindako lana", azpimarratu dute.

Datozen aste eta hilabeteetan emango dute aste kultural horien berri; hala ere, Algortakoek aurreratu dute udagoienean zehar kanpaina ezberdinak martxan jarriko dituztela: "herriko banda txapelketa, zapi solidarioen salmenta, etab". "Espero dezagun ekimen hauen bitartez 2022ko jaietarako atzerako kontaketa laburragoa egitea!", diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun