2021eko udako kultur egitarauak

Amaia Agirre: “Getxok beste urtebetez itxaron beharko du bere jaiak formatu tradizionalean ospatzeko”

Erredakzioa 2021ko uzt. 15a, 17:47

Jaiak ez dira ospatuko ohi bezala, baina alkateak gogoratu du Udala jai-batzordeakaz elkarlanean aritu dela udaldian bestelako ekitaldi batzuk egin daitezen. Horien berri emango dituzte datak heldu ahala.

Amaia Agirre Getxoko alkateak gogoratu du gaur “Getxok beste urtebetez itxaron beharko du jaiak bere formatu tradizionalean ospatzeko. COVID-19aren azken datuak eta espazio publikoetan edukiera mugatzeari lotutako osasun publikoko irizpideak ebaluatu ostean hartu dugu erabaki hori”.

Positiboen kopurua gora egiten ari da, eta ez dirudi joera hori aldatuko denik uda-garaian. “Asko baloratu dugu, eta uste dugu erabaki hori zentzuzkoena eta zuhurrena dela, argi baitugu osasuna funtsezkoa dela eta birusa eta haren aldaera berriak geldiarazteko beharrezko neurriak betetzen jarraitu behar dugula”, zehaztu du Agirrek.

Alkateak gogora ekarri du Getxoko Udala eta udalerriko auzoetako jai-batzordeak elkarlanean aritu direla jaiak eta Paellen Nazioarteko Lehiaketa antolatu ez daitezen. “Beraz, aurten, ez da ospakizunik izango. Mesedez, getxoztar guztien lankidetza behar dugu. Elkarte, erakunde, gazte eta adineko guztiena. Pilaketak ekidin eta muxukoa erabili”.

Uztailean, abuztuan eta irailean, gozatzeko beste ekitaldi batzuk izango dira Getxon. “Eta, jakina, beste aukera batzuk lantzen jarraituko dugu, alaitasuna, umore ona eta dibertsioa gure kaleetara eta bizitzetara itzultzea lortzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun