Bi porrot, garaipen bat eta bi berdinketaren ondoren, belar hockeyko Espainiako selekzioak final-laurdenetarako txartela lortu zuen, Australiaren aurka 1-1 bukatu zuen, eta gaur ere sano sufritu du Belgikaren kontrako partidan. David Alegreren golak aurretik jarri ditu, baina Hendrickxek eta Tom Alain Boomek sartutako puntuek garaipena eman diete belgikarrei.
“Burua gora, txapelketa ona jokatu dugulako. Arantzarekin geratzen zara partida honengatik, baina onenak dira eta barkatzen baduzu, azkenean irabazten dizute. Kanporaketa oso zaila zen. Dena eman dugu, baina edozein partidek kanpoan uzten zaitu, eta ez dago besterik”, adierazi dio Basterrak Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.
Basterraren selekzioak dominak lortzeko borrokan sartu gura zuen Rioko Jokoetan bosgarren postua eta diploma poltsikoratu eta gero. Basterra, ordea, ez zen hitzordu hartan izan. Tokiokoak izan dira bere lehen jokoak.
“Pozik nago, esperientzia gozatzera etorri naizela uste dut. Zaila da, urte asko daramatzan jendearekin. Modu positiboan baloratzen dut, asko ikasi dut eta esperientzia hau etorkizunean errepikatzea espero dut", adierazi du Basterrak.
David Alegre jokalariak esan duenez, gaurko partidak elitean 20 urte eman dituzten jokalarien belaunaldi baten amaiera ekarri du, “Bada garaia pauso bat alde batera emateko eta besteek esperientzia hartzeko”. Etapa berri bat hasiko dela onartu dute, eta Basterrak horretan zeresan handia izango duela ematen du. Getxokoak 2024ko Parisko Jokoak ditu buruan.