Elkarrizketak

"Benetan existitu daitekeen pertsona bat irudikatzen saiatu naiz"

Ander Zarraga 2021ko abu. 20a, 19:20

"El agua te lo dirá" da Itxaso Muro getxoztarraren lehen eleberria.

Tripetatik ateratako liburua da El agua te lo dirá, Itxaso Muro getxoztarraren lehen eleberria. Istorioetako pertsonaia batzuk sinesgarriak ez zirela sumatuta, bere istorioa sortzeko beharretik sortu zen eleberria da; izan ere, Murok ondo ezagutzen ditu pertsonen kezka eta  arazoak, psikologoa baita bera. Gaur egun, Bruselan bizi den arren, Busturian aurkitu dugu uda pasatzen.

Zure lehenengo eleberria da hau, nondik sortu zen hau idazteko ideia edo beharra?

Ideia baino, beharra izan da kasu honetan. Bizitzak kolpe batzuk eman zizkidan garai batean, eta, nolabait, sorkuntzaren beharra izan nuen. Nire alabarekin pasatu nuen gaupasa batean etorri zitzaidan sorkuntza momentu hori; izan ere, momentu hartan, eleberri beltz bat bukatu berri nuen, eta ez nintzen konforme geratu: iruditu zitzaidan maltzurra ez zela benetakoa eta kutsua falta zitzaiola. Orduan, itzarrita egon nintzen gau hartan burura etorri zitzaidan istorioa, behar baten modukoa sentitu nuen, eta ordenagailua hartu eta idazten hasi nintzen. Hala ere, idazketa luzea izan zen, urtebetez egon nintzelako horrekin.

Aldez aurretik idazteko ohitura zenuen?

Ez. Irakurtzeko ohitura bai, batez ere eleberri beltza gustatzen zait, baina ez hori bakarrik, fantasia eta bestelakoak ere gustuko ditut. Baina idazteko ohitura ez nuen, nahiz eta nire lanean iruzkin asko idazten ditudan; azken finean, ni psikologoa naiz, eta etorkinekin egiten dut lan, beste batzuen artean. Orduan, beraien asilo-eskaera osatzeko nire txostena behar izaten dute, eta, horietan, beraien istorioa kontatu behar dut.

Beraz, ikusten dituzun errealitate horiek eleberria idazteko abiapuntu bat bezalakoa izan dira?

Beste modu batera esango nuke: batzuetan, irakurtzen dudanean, ez zaizkit gustatzen sinesgarriak ez diren pertsonaiak, eta, orduan, liburu hau idaztea bururatu zitzaidanean, nire lehen ardura hori izan zen. Nire eguneroko lanean jendearen sakoneko arazoak eta ardurak entzuten ditut, eta, orduan, horren arabera, benetako pertsonaiak osatzen saiatu naiz. Horretaz gain, nire bizitzako atal askotan dago inspiratuta, baina pertsonaiak ez dira errealak, benetan existitu daitekeen pertsona bat bezala irudikatzen saiatu naizen arren. Hori izan da nire kontua.

"Batzuetan, irakurtzen dudanean, ez zaizkit gustatzen sinesgarriak ez diren pertsonaiak, eta, orduan, liburu hau idaztea bururatu zitzaidanean, nire lehen ardura hori izan zen."

Zer kontatu dezakezu liburuaz?

Ekaitz Bilbon jaiotako gizon gazte bat da, eta  Bruselara joan zen bizitzen. Nire lehen eleberria izanik, hor ikus daiteke nire bizitzako elementuak hartu ditudala girotzeko. Protagonista Bermeon lagun batekin zerbait hartzen dagoela, tipo batek objektu arraro bat eman eta esaten dio urak berba egingo diola. Ekaitz harrituta gelditzen da, ez dio garrantzia gehiagorik ematen, baina hilabete batzuk beranduago, gauza arraroak gertatzen hasten zaizkio. Hori Ekaitzen istorioa da, eta, gero, maltzurraren kontaketa dago. Ez dut bere izena esango, eleberrian zehar kutsu hori dagoelako, eta, momentu batean, pertsonai biak elkartu egiten direlako.

Izenburuari erreparatuz pentsa daiteke naturagaz lotura bat egon daitekeela eleberrian. Hala da? 

Behin baino gehiago galdetu didate ea zein zen nire asmoa, baina nik uste dut irakurle bakoitzak bere irakurketa egin beharko duela. Dena den, hasierako asmoa istorioa kontatzea zen, baina bai badauka puntu fantastiko hori. 

Liburua argitaratzeko crowdfunding bat egin duzu. Nolakoa izan da argitaratzeko prozesua?

Crowfunding bat izan da bai, baina ez da nik editatutako liburua, Distrito 93 argitaletxeak atera zidan. Beraien asmoa idazle berrien liburuak ateratzea da, baina argitaletxe txikia denez, ez dute arrisku handirik hartzen, eta crowfunding bat egin zuten, aurre-salmenta baten modukoa, ikusteko zenbat liburu saldu zitzaketen. Gero, hortik atera zen diruarekin lehen inprimaketaren gastuen zati bat ordaindu zuten. 

Hasiera batean, nik ez nuen ateratzeko asmorik izan; esan dudanez, behar bati erantzuten ziolako. Hala ere, bukatu nuenean, pertsona batzuei eman nien irakurtzeko, eta harrera ona eduki zuen; izan ere, batzuek izugarria zela ere esan zidaten. Intriga duela eta harrapatzen duela esan zidaten. Beraz, lagun baten gomendioa jarraituz, lehiaketetara aurkeztu nuen. Irabazi ez arren, argitaletxe horrek argitaratu nahi zuela esan zidan.

Berez, hasiera batean, liburuaren izenburua euskaraz zen: Urak esangotsu. Eleberriaren gorputza gazteleraz idatzi arren, atal batzuk euskaraz atera zitzaizkidan, izenburua bezala. Gero, pentsatu nuen argitaratzeko ez zela praktikoa, eta gazteleraratu nuen, nahiz eta ez zen erraza izan; azken finean, tripetatik ateratako liburua da, eta hizkuntzak eta tripak horrela doaz. Hala ere, argitaratu baino lehen euskaratzea pentsatu nuen, baina aterako zutela esan zidatenean horrela utzi nuen.

Hasiera batean, liburuaren izenburua euskaraz zen: Urak esangotsu. Eleberriaren gorputza gazteleraz idatzi arren, atal batzuk euskaraz atera zitzaizkidan

Bestalde, lanbidez psikologoa zara, Bruselan bizi zara, eta lan egiten duzu ume autistakaz eta psikotikoakaz, eta, horretaz gain, etorkinakaz ere zabiltza. Nolakoa da zure lana?

Bai, hala da. Ni Bruselara joan nintzen ume autistekin lan egitera hiru hilabeteko beka batekin, baina gero hor gelditu nintzen. Azkenean, hamar urte eman ditut lanean instituzio ezberdinetan. Hemengoarekin alderatuta, hango sistema ezberdina da, eta gizartearekin arazo handiak dituzten haur eta gazteek aukera dute familiarekin bizi beharrean, egoitza edukatibo-terapeutiko batean egoteko. Horrekin batera, nire kontsulta ere garatu nuen, eta, orain, etorkinekin ere egiten dut lan. Belgikan asiloa eskatzen duten pertsonek zentro batean bizitzeko eskubidea dutelako, eta, asilo-eskatzaileak diren bitartean, gainontzeko biztanleen eskubide berak dituzte; orduan, psikologo batengana joateko eskubidea ere dute, eta gobernuak zerbitzu hori ordaintzen die. Nik bi edo hiru zentrorekin egiten dut lan, eta horiek bidaltzen dizkidate pazienteak nire kontsultara.

Gauza gogorrak ikusiko zenituen zure lanean?

Bai, gauza oso gogorrak ikusten ditut, bai.

Liburura bueltatuz, eta, bukatzeko, beste libururen bat idazteko asmoa edo gogoa duzu?

Gogoa bai, eta asmoa ere bai, baina astia ez dakit nondik aterako dudan. Egia da liburu hau atera nuenean lan gutxiago eta asti gehiago nuela; orduan, buruan espazioa nuen, baina orain, lan asko eta hiru ume txiki ditut. Momentuz, egin nahi arren ez daukat astirik ezta buruan espaziorik ere garatu nahi dudan ideia aurrera eraman ahal izateko. 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun