Elkarrizketak

Fernando Tellez: "Ur irekietan igeri egiten gabiltzanok gaixotasun arraroak gizarteratu gura ditugu"

Cristina De la Peña 2021ko abu. 25a, 19:43

Fernando Tellez, Fadurako igerilekuetan.

Fernando Tellez getxoztarrak hiru hamarkada baino gehiago daramatza igeriketa irakasle gisa Algortako Fadura kiroldegian. Umetan erabaki zuen bide hori hartzea, igeri egitea bere pasioa baitzen txiki-txikitatik. Aitak zerikusi handia izan zuen horregaz, igerilekura eta hondartzara eramaten baitzuen sarri. Irakasteaz gainera, ur irekietan zeharkaldiak egiten ditu Tellezek, eta, urrian, Kanariar Uharteetara joango da Andy Ortega igerilari ospetsuaren laguntza-taldeagaz bat egiteko; Tenerifetik Kanaria Handirako zeharkaldiagaz bat egingo du, hain zuzen ere.

Zurea bokazioa da igeriketa.

Bueno, jendeak igeri nola egiten zuen ikustea gustatzen zitzaidan txikitan. Hortaz, ikasteko gogoa izan nuen. Hamar urtegaz, lehiaketak tentatu ninduen, eta Portugaleteko taldean sartu nintzen. Udan, igeriketa eskolak ematen genituen, sos batzuk irabazteko. Horrela, klubari laguntzen genion, eta, aldi berean, gehigarri bat irabazten genuen. Horrek guztiak harrapatu ninduen, gogor prestatzen hasi nintzen, eta tituluak atera nituen, igeriketako irakasle gisa aritzeko. 

Horrela, Portugaletetik Algortako Portu Zaharreko igerilekuetara joan nintzen, eta han antolatu genituen haurrentzako eta helduentzako ikastaroak, igerilekuok itxi zituzten arte. Orduan, Fadurara etorri nintzen, eta ordutik nago hemen.

Zein da zure espezialitatea?

Distantzia ertaineko crawl eta bizkarra, 200 metrokoa. Baina, igeriketan, edozein kiroletan bezala, eboluzionatzen zara urteetan zehar, eta, orain, iraupen-igerian baino ez naiz aritzen.

"Lehen, umeak igerilekuaren erdira botatzen zituen, horiek handik irteteko modua bila zezaten. Oso traumatikoa zen!"

Irakatsi eta ikasteko teknikei dagokienez, aldatu egin dira denboraren poderioz?

Bai; ez du zerikusirik nola irakasten zen ni umea nintzenean eta orain nola egiten den. Nire entrenatzaileak hastapen eskolak ematen zituen, eta umeak igerilekuaren erdira botatzen zituen, horiek handik irteteko modua bila zezaten. Oso traumatikoa zen! Orduan ez zegoen irakaskuntza arautuaren metodo ofizialik, eta monitore bakoitzak berea asmatzen zuen.

Faduran hasi nintzen metodo bat erabiltzen, eta protokolo-araudi bat jarraitzen. Hemen, irakatsi eta ikasteko prozesua metodikoki zaintzen zen, eta zorrotz eramaten genuen. Objektiboa zen. 

Urteen poderioz, ordea, metodologia aldatzen joan da, eta irakasle bakoitzak, bere esperientzia teoriko-praktikoan oinarrituta, malgutu egin du. Lehen mugatuago geunden. Gaur egun, irakasleak jarrera lasaiagoa hartzen du, eta jolasak erabiltzen ditu ikaskuntza atseginagoa eta dibertigarriagoa izan dadin. 

Adinaren kontuak ere eragina du. Txikiak, adibidez, lau edo bost urterekin hasten dira ikasten, eta ia beldurrik gabe etortzen dira. Beraz, erraz ikasten dute.

"Nire ustez, ikasteko adinik onena lau eta sei urte bitartekoa da"

Ba al dago igeri egiten ikasteko adin egokirik?

Nire ustez, ikasteko adinik onena lau eta sei urte bitartekoa da. Hori baino lehen, urarekin harremanetan jartzea eta ohitzea izango litzateke helburua, beldurrak kentzeko eta haurrek jolastzat har dezaten. 

Kontua da, lau urtetik beherakoak gurasoakaz joaten direla ohitze-prozesuan hasteko. Horregatik, haiekin sartzen dira piletan. Lau urtetik aurrera, ordea, bakarrik joaten dira igerilekura. Egia esan, gogorra gerta daiteke, gurasoen besoetatik kentzea zaila delako hasieran.

Nola lortzen duzue hori?

Ikastetxeetan eta ikastoletan egiten den bezala, lehenengo egunetan egokitzapen txiki bat egiten dugu, eta, gero, saiatzen gara gurasoak gehiago urruntzen, edo, ahal dela, haurrak ez ikusten, nahiz eta gurasoak gertu egon.

Egia esan, ulergarria egiten zaigu, uneoro gurasoei lotuta egon diren haur txikiak direlako. Baina uste dugu garrantzitsua dela lan hori ez oztopatzea irakasleak haurren konfiantza bereganatu ahal izateko. Eta, kontu guztietan bezala, batzuei gehiago kostatuko zaie. 

Eta, helduen kasuan?

Normalean, helduakaz umeakaz baino errazago egiten zaigu. Ikasteko gogo biziz datoz, edozein arrazoirengatik txikiak zirenean ikasteko aukera galdu zutelako, erabat ikasi gabe geratu zirelako edo igerilekura joateko aukerarik izan ez zutelako.

Igeriketa inpaktu txikiko kirola da, eta asko datoz ikastera edo estiloa hobetzera, baita errehabilitaziora ere.  Azken finean, adinekoak egiten garenean, inpaktu handirik eragingo ez digun jarduera bat behar dugu, eta, horretarako, igeriketa da kirolik onena. 

"Adinekoak egiten garenean, inpaktu handirik eragingo ez digun jarduera bat behar dugu, eta, horretarako, igeriketa da kirolik onena"

Denok igeriketa eskolatik pasatu beharko ginatekeela uste duzu?

Uste dut oso beharrezkoa dela jende guztiak igeri egiten ikastea. Batez ere gu, kostaldean bizi garenok. Hondartzak ditugu eskura, eta uretan sartzeko erraztasun guztiak ditugu. Denok jakin beharko genuke igeri egiten, bai; baina ez bakarrik igeri egiten, baita uretan erlaxatzeko eta arnasteko teknikak ere.
Demagun igeri egiten dakizula, baina ez gelditzen edo frenatzen. Bada, ito egingo zara nahi gabe. Uretan lasaitasuna mantentzen lagunduko dizun ikaskuntza hori izan behar duzu.

Pandemian bete-betean gaudenetik, ba al dago alderik ikastaroak antolatzeko orduan?

Lehen, ikastaroak erabat betetzen ziren, baina, orain, erdizka daude, araudietara egokitu beharra dugulako. COVID-19aren aurkako neurrietan, hasieran, arrisku handiena adinekoak zirela kontuan hartuta, umeei bakarrik ikastaroak ematea erabaki zen. Baina ez guztiei, adinaren araberako murrizketak ere bazeudelako. 

Horren ondorioz, ikastaro gutxiago egin behar izan dira. Hala ere, 2021-2022 denboraldirako umeen ikastaroakaz jarraituko dugu, eta nagusienakaz hasiko gara, edukierak errespetatuz, noski.

"Denok jakin beharko genuke igeri egiten"

Murrizketek ba al dute eraginik ikastaroen garapenean?

Igerilekuan ez dago arazorik. Kale bakoitzak arauak agintzen duena ezarri du. Bereizketa dago, eta uretan primeran egon daiteke. Egia da aurten edukiera zaildu egiten zitzaigula aldageletan, jendea edukierari begiratu gabe sartzen zelako bertara, beteta egon arren txandari itxaron gabe.

Egoera zein zen jakinarazi zigutenean, konpontzen saiatu ginen, baina ez zen beti gertatzen. Nire ustez, Getxo Kirolak segurua izan da, eta segurua da oraindik ere. Are gehiago, ahal dugun guztia egingo dugu bizikidetza ona eta atsegina izan dadin.

Uztailean eta abuztuan, baina, talde berezia duzu...

Uda hasieran, San Nikolaseko apaiza etorri zitzaigun bere parrokia-eremuan dituen migratzaileei igeriketa-eskolak eman ahal izango genizkiekeen eskatzeko. 

Niri ederki iruditu zitzaidan. Oso esker onekoak dira ematen diezun apurragatik, eta ni oso pozik nago haiekin. Astean bi egunetan etortzen dira igeri egitera, tailerrak amaitzen dituztenean. 

Emakumeak ez dira hain maiz etortzen kontziliazio-kontuengatik. Eskolak irauten duen bitartean haurren ardura hartuko duen norbait bilatu behar baitute. 
Guztira, 10 eta 15 lagun bitartean etortzen dira. Beti tutore bategaz. Gehienak, denak ez badira, magrebtarrak dira. 

Finean, beste jarduera batez goza dezaten laguntzen diegu. Aldi berean, kirol pixka bat egin dezaten eta besteekin pixka bat integratuta egon daitezen lortzen dugu. Gustatuko litzaiguke datorren urtean gurekin esperientzia errepikatzeko aukera izango balute. Bestalde, helduak direnez, batzuk badakite igeri egiten, apur bat bada ere. Hala ere, onartu behar da kosta egiten zaiela, igeri egiteko modu naturala dutelako, eta atera egiten zaiela, bai ala bai. Zuzentzea gehiago kostatzen zaie. Batzuek nahiko ondo egiten dute. Sexuen artean, gizonek ez bezala, emakumeek azkarrago hartzen dute estiloa. Gizonei, berriz, indarra erabiltzea eta igerilekua azkarrago gurutzatzea gustatzen zaie.

"Udan, San Nikolaseko parrokiako migratzaileei igeriketa-eskolak ematen dizkiet. Oso esker onekoak dira"

Beldurragaz datoz?

Sinestezina bada ere, inor ez da beldur. Oso ausartak dira, eta adi ibili behar zara inor ez dadin hondoratu. Berdin zaie igeri egiten ez badakite ere. 

Eta lanera etorri aurretik ur irekietan entrenatzen duzu, ezta?

Sei urte daramatzat igeriketa probak egiten itsasoan, eta ia egunero ateratzen gara. Orain, lanagaz bat egiten dudanez, lanera etorri baino lehen Arrigunagara joaten naiz. Taldeok 3.000 metro inguru egiten ditugu igerian ordubetez. Arrigunagatik Portu Zaharrera, joan-etorri. 

Zer dela eta?

Alde batetik, terapia bat bezalakoa da niretzat; bestetik, aktibo mantentzeko. Gainera, igeri egitea gustatzen zaidalako. Igerilarien artean nago, eta taldearekin harremana dut. Egia da hasiberria naizela jarduera horietan.

Hogei urte nituela utzi nion ur irekietan igeri egiteari, eta ia-ia berrogeita hamar urtegaz itzuli naiz horretara. Halaber, lehiaketetan parte hartzen dugunean gaixotasun arraroak agerian jartzen saiatzen gara. Taldean gogo handia dago zerbait egiteko eta gaixotasunen gaia agerian uzteko. Ur irekiak Galeak Williams Sindromea gizarteratu du. Oro har, igeriketa talde askok bandera bat ateratzen saiatzen dira, jendea gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzeko.

Eta helburuak betetzen dira?

Uste dut baietz, igeriketara itzuli arte ez bainekien ezer gaixotasun askori buruz. Orduan, azkar jabetzen hasi nintzen ezagutzen ez ditugun beste errealitate batzuk daudela. Niri bezala, ulertzen dut jende askori eragingo ziola, eta horrek laguntza edo proba taldeetan parte hartzeko eta, ahal den neurrian, laguntzeko prestutasun handiagoa erakusten laguntzen du. 

Jende hori babestuago sentitzea nahi dugu, ikusezinak ez direla jakinarazteko.

"Ur Irekiak taldean gogo handia dago zerbait egiteko eta gaixotasunen gaia agerian uzteko"

Zenbat lagunek osatzen dute Ur Irekiak taldea?

Berrogeita hamar; tamalez, hiru emakume baino ez daude. Ezin da ukatu alde galanta dagoela. Dena den, horien artean dago iraupen-igerilari handia, Andrea de la Hera, hainbat lehiaketatan txapelduna izan dena. 

Lana eta oporraldiak bateratu daitezke horrelako probetan parte hartu ahal izateko? 

Bueno, igeri egitea asko gustatzen zaidanez, oporretan praktikatzeko moduko leku batera joaten naiz beti. Argi dago nire familiaren laguntzarik gabe, haren ulermen eta baimenik gabe, ezingo nukeela hori egin. Badakit pribilegiatua naizela, noski. 

Kanariar Uharteetako lehiaketa batean parte hartzeko asmoa duzu, ezta?

Hala da. Urrian Andy Ortega igerilari kanariarra Tenerifetik Kanaria Handira zeharkatzeko erronka egiten saiatuko da. 62 kilometro inguru dira lerro zuzenean, eta nik neure burua eskaini nuen laguntzeko.

Zelan lagunduko diozu?

Araudia berezia da. Lagunak proba homologatu nahi du. Orduan, lehen eta azken orduan ezin da bere ondoan igeri egin. Bai proban zehar, baita beste ordu batzuetan ere, baina beti ordu batean bai eta bestean ez, norbait joan dakioke ondoan. Araudia nahiko zorrotza da, ikus dezakezunez. Hiru lagun egongo gara. Euskal Herritik neu bakarrik; taldeko beste bi kideak kanariarrak dira.

Nola sortu zen ideia, eta zergatik animatu zinen? 

Adiskidetasunak batzen gaitu. Ur irekietako zeharkaldietako igerilaria da ere, baina ni baino ausartagoa da, bainu-jantzian egiten baititu probak. Nik, ordea, neoprenoa janzten dut, oso hauskorra naizelako. Triple Corona delako bat da, hau da, Mantxako kanalaren zeharkaldiak egin ditu, Manhattan uhartera itzuli eta Santa Katalina uhartetik Los Angeleseraino igeri egin du. Igerilari-curriculuma inbidiagarria du. Ibilaldi honetan, minbizi duten haurren GKEari lagundu nahi dio. Etekinak Pequeño Valiente izeneko GKErentzat izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun