"Elkarbanatu" lelopean, aste-akabuan emango diote hasiera Getxophotori

Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 15:48

Aste-akabu honetan emango diote hasiera Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiari. "Elkarbanatu" gaia oinarri hartuta, publiko guztiarentzako jarduera-programa zabala antolatu dute, irailaren 26ra bitartean; ekitaldiak aurrez aurrekoak zein online bidezkoak izango dira. Daborduko nazioarteko hamaika artisten argazkiak ikus daitezke hiri-eremuan, eta aurreikusitako jarduerek edukiera murriztua izango dute; beraz, horietarako izen-ematea beharrezkoa izango da.

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak programatutako lehenengo proposamena "LOB–Lagunik onenak betiko" da. Eguen honetan izango da, hilak 2, 15:00etatik aurrera, Romo Kultur Etxean. Sortzen ari diren artista bisualen arteko topaketa da hori, eta hainbat eskolatako ikasleek elkar ezagutzeko, beren lanak partekatzeko eta elkarlanerako eta ezagutza trukatzeko sareak ehuntzeko aukera izango dute bertan.

Jaialdiaren aurkezpen ofiziala, Opening delakoa, barikuan izango da, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Jon Uriarte jaialdiko komisarioak eta parte hartzen duten artistetako batzuek euren proposamen artistikoaren errepaso bisuala egingo dute. Penelope Umbrico, Marina Caneve, Noemí (Now You See Me Moria), River Claure, Mikel Agirregabiria, Begoña Salazar, Andrea Muniain eta Blanca Muntek hartzen dute parte. Egun horretan ere, baina goizean (09:30etik 14:30era), Itxialdia-ren  zortzigarren edizioa egingo dute Begoñako Galerietan. Irudi garaikideagaz lotutako gaiak berrikusteko eta bateratzeko gunea izango da, eta sektoreko profesionalek parte hartuko dute bertan.

Zapatuan, hilaren 4ean, 11:30etik aurrera, bisita berezi bat izango da, parte hartzen duten artisten eskutik erakusketetara joateko. 16:00etan, Romo Kultur Etxean, Instadeath Instagram sareagaz lotutako tailerra koordinatuko dute Roc Hermsek eta Daniel Moreno Roldanek. Gauean, 21:00etatik aurrera, Public Protest Video. Elkarbanatu ala ez elkarbanatu? Hori da kontua proiekzio ibiltaria proposatuko dute Raul Goñik, Santi Grauk eta Bartzelonako Elisava eskolako ikasle batzuek.

Azkenik, domekan, hilaren 5ean, 12:00etatik aurrera, Now You See Me Moria topaketa izango da Begoñako galerietan, Lesbos uharteko Moria Europako errefuxiatu-gunean egunerokoa erakusten duen lankidetza-proiektua ezagutzeko. Noemí ekimenaren bultzatzaileetako bat eta Jon Uriarte Getxophotoko komisarioa izango dira bertan.

Irailean programatutako jarduerak www.getxophoto.com webgunean kontsulta daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun