Fase berri horretan, eraikinaren fatxadak, estalkiak eta zoruak berrituko dituzte, eta irtenbide berriak proiektatuko ere, suteen aurkako babesari, zaratari, egiturazko eta erabilerako segurtasunari, osasungarritasunari eta abarri buruzko eskakizun teknikoak betetzeko. Estalki lau bat sortuko da, aire zabaleko terraza gisa erabiltzeko modukoa. Gainera, eraikinaren barruko irisgarritasuna hobetzeko espazioa egokitzea aurreikusi dute, batez ere ekialdeko sarbideari dagokionez; izan ere, bertan kokatuko da igogailu bertikalerako sarbidea. Igogailuaren lanak uztailean amaitu ziren (martxan egon liteke, baina segurtasunez ez da erabiliko lanak egiten diren bitartean) .
Lanak hasteko, desmuntatze selektiboa egingo dute, eta eraikinaren barrualdea hustu. Fase horren ondoren, kafetegia ustiatzeko lizitazioa egingo dute, eta pertsona edo enpresa emakidadunak lokalaren barrualdea egokitu beharko du bere proiektuagaz.
Lanen eragina
Lanak direla eta, astelehenetik aurrera, Genaratxu eta Usategi parkearen arteko oinezkoentzako bidea moztuta geratuko da. Era berean, parkearen ekialdean, obra-eremua itxiko da, eta makineriaren sarbidea eta materialen pilaketa Gazteluzarra kaletik egingo dira. Obraren sarbidearen ondoan edukiontzien gune bat egongo da, eta, beraz, hondakinak gaika biltzeko edukiontzien bateriara bideratutako espazioak aldi baterako doitu beharko dira. Era berean, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako aparkaleku-plazak doitu beharko dira.