Munduko Sokatira Txapelketa

Igor Duñabeitia: "Gauza izugarria da, bai Euskal Herriarentzako bai kirolarentzako ere"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2021ko ira. 17a, 16:08

Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa egiten ari dira Getxon egunotan. Lehen egun bietan taldekako txapelketa egingo dute, eta zapatu-domekan, berriz, selekzio nazionalen txanda izango da. Uribe Kostak ordezkari bi izango ditu lehiaketan: Getxo Herri Kirol Sokatira Taldea eta Erandioko Goiherri Kirol Elkartea.

Getxoko Fadura kiroldegia sokatiraren erdigune mundiala da egunotan, bertan jokatzen ari baitira Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa. Irailaren 16tik 19ra bitartean, mundu osoko 17 herrialdetako 580 kirolari neurtuko dira Getxon; horien artean Euskal Herriko lau ordezkari daude: Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio), Getxo eta Mutriku (Gipuzkoa). 

"Gauza izugarria da, bai Euskal Herriarentzako bai kirolarentzako ere", nabarmendu du Igor Duñabeitiak, Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakariak. Hala ere, orain arteko bidea luzea izan dela aitortzen du, txapelketa 2020an egin behar baitzen –pandemiaren ondorioz atzeratu egin zuten–. "Alde askotatik baldintzatu gaitu pandemiak, betebehar guztiak eta lan asko suposatu du. Kirolarientzako ere gauza zaila bihurtu da, ezin daitezkeelako hoteletik edo gunetik atera; beraz, ez da aurreko urteetakoa bezala izango. Hala ere, ilusioarekin etorri gara, eta gunea ahalik eta txukunen jartzen saiatu gara".

Irailaren 16 eta 17an, klubak ari dira lehiatzen; zapatuan, aldiz, txapelketa mundialaren inaugurazio ofiziala egingo dute, eta selekzioen txanda izango da orduan. Guztira, 17 dira lehiatuko diren taldeak, horien artean Euskal Herrikoa, Basque Country izenpean. Duñabeitiak adierazi duenez, "aukera dute urrezko domina eta txapela eskuratzeko, irabazleei txapela ere jarriko diegulako, eta esperantza dugu bat hemen geratzea".

Duñabeitiak kontatzen duenez, honek bere historia dauka: "1988an, Mutrikuko taldea, lehen aldiz, joan zen Munduko Txapelketara, eta, 1991an, Nuarbeko taldeak munduko lehen txapela eskuratu zuen. Beraz, urteak daramatzagu hau guztia egiten. Txapelketa ez da egun batetik bestera sortu. Beraz, badu bere historia, eta, gaur egun, hemen hainbat kirolari ditugu, eta ilusio handiarekin gaude".

Nazioarteko kirola

"Sokatira nazioarteko kirol bat bezala ikustea oso garrantzitsua da, azken finean, herrietan egiten den kirol bat da, baina internazionala ere bada: Suitzan, Hegoafrikan eta Ameriketan ere praktikatzen delako, nahiz eta guk pentsatu herriko kirola dela", azaldu du Mikel Aldekoa-Otalora Goiherri taldeko sokatiralariak. Gaineratu du "ohore" bat dela parte hartu ahal izatea eta gogotsu daudela entrenatutako guztia erakusteko.

Erandioztarrek talde bigaz parte hartuko dute txapelketan, eta hirugarren bat 23 urtez azpikoen lehiaketan arituko da. Laukizeko Gaztedi taldeagaz batera, Bizkaian ohitura handienetarikoa duen taldea da Goiherri, eta, horregatik, inguruko hainbat jokalari erakartzen dituela dio Aldeko-Otalorak.

Goiherriko sokatiralariak kontatzen duenez, astean lau egunetan entrenatzen dute, oso prestatuta egon behar baitira fisikoki eta mentalki ere, "gehien entrenatzen duguna soka da, teknika asko behar duelako; teknikarik ez baduzu oso laster nekatzen zara. Beraz, indarra behar den arren, batez ere teknika kontua da". Goiherrik talde gaztea izan arren, jokatzera etorri direla nabarmendu du berak, "irabazteko ahalegina egingo dugu".

Etxeko taldea

Getxo Herri Kirol Sokatira Taldeko sokatiralari eta entrenatzailea da Unai Ardeo. Dioenez, hasiera batean poztasun handiagaz hartu zutela sokatiraren mundiala Getxon egitea, "sokatira eta taldea indartzeko". Hala ere, deitoratu du taldeak baliabide gutxi izaten jarraitzen duela, eta maila hobetzea ere ez dutela lortzen. Hala ere, pozik azaldu da txapelketak emandako aukeragatik: "Guretzako polita da munduko txapelketa bat Getxon egitea, gainera, aspaldi ez dela hemen inguruan egiten".

Gaineratu du txapelketa positiboa izango dela, "agian ez du jende gehiago erakarriko, baina behitzat kirola ezagutaraziko du". Bestalde, azaldu du asteburuan egingo den selekzioen txapelketan Getxoko bi edo hiru jokalarik parte hartuko dutela Basque Country taldeagaz; hala ere, emaitza onak lortzeko aldagai asko daudela azpimarratu du: "Taldeak, pisuak... asko aldatu dezake. Batzuetan, emaitza hobeak eman ahal dituzu talde kaxkar batekin, on batekin baino. Besteetan, suertea ere da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun