Datorren astean, Getxoko Fadura kiroldegian jokatuko da Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa. Irailaren 16tik 19ra, nazioarteko 16 selekziok parte hartuko dute lehiaketa horretan, eta, guztira, 580 kirolari eta 50 epaile eta ofizial izango dira bertan. Zortzi kategoriatan lehiatuko dira, pisuaren eta sexuaren arabera banatuta, eta kluben eta nazioen arabera sailkatuta.
Munduko txapelketaren antolakuntzaren arduraduna Tug of War International Federation (TWIF) da. Nazioarteko Federazio horretara atxikita dauden nazioarteko elkarteek eta herrialdeetako klubek parte hartuko dute txapelketan. TWIF-ek 2015eko Malmoko (Suedia) Kongresuan Munduko Txapelketa antolatzeko Getxoren hautagaitza aukeratu zuen. Hasiera batean, 2020ko irailerako aurreikusita bazegoen ere, pandemiaren ondorioz atzeratu egin zen.
Irailaren 16tik 19ra egingo den txapelketako lehen bi egunetan kluben edo taldekako mundiala egingo da, eta 18an eta 19an, aldiz, selekzio nazionalen arteko mundiala jokatuko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, pandemiaren testuinguruak "izugarri" baldintzatu du parte-hartzaileen antolaketa eta bertaratzea. Horregatik, oraingo honetan, 16 selekzio egongo dira, besteak beste: Ingalaterra, Hegoafrika, Alemania, Txina-Taipei, Herbehereak, Israel eta Suitza. Klubei dagokienez, 39k parte hartuko dute, 73 taldegaz.
Gaur, irailaren 9an, txapelketaren aurkezpena egin dute Fadura kiroldegian. Bertan izan dira txapelketaren antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta erakundeak, hala nola Euskadiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak, Bizkaikoa eta Getxo Herri Kirol Taldea. Ekitaldia aurrea eramateko, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Getxoko Udalaren, Laboral Kutxaren eta Euskal Kirol Federazioaren Batasunen babesa izan dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Elkarte eta instituzio horiek ordezkatzeko, honako hauek egon dira aurkezpenean: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Amaia Agirre, Getxoko alkatea; Igor Duñabetia, Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea; eta Maaike Hornsta, TWIFeko idazkari nagusia.
Basque Country talde nazionala
TWIF-ek euskal talde nazionala eskubide osoko kide gisa onartu zuen 2014an; horrenbestez, Basque Country izenpean, Euskal Herriko taldeak nazioarteko lehiaketetan parte har dezake. Urte bereko abuztuan, lehen aldiz lehiatu zen euskal taldea selekzio nazional bezala, AEBtako Wisconsin hirian jokatu zen Lurreko Sokatirako Munduko Txapelketan.
Lurmutur Hirian (Hego Afrika) egin zen azken Munduko Txapelketan, 2018an, Basque Countryko ordezkaritzak arrakasta handia lortu zuen, eta zazpi dominagaz itzuli zen etxera: zilarra 560 kilotan gizonezkoetan, brontzea 500 kilotan emakumezkoetan eta zilarra azken jardunaldian 720 kilotan, Munduko Txapelketan jokatzen den probarik astun eta lehiakorrenean.
Antolatzaileek adieraz dutenez, Getxo Munduko Txapelketaren egoitza izendatzea Euskal Herrian sokatiraren munduan ofizialtasuna lortzeko egiten ari den ahalegin "gogor eta setatsuaren gailurra da".
2021eko Sokatira Mundialeko egitaraua
- Irailak 14, martitzena: Izen-ematea hoteletan.
- Irailak 15, eguaztena: Izen-ematea eta pisaketa hoteletan.
- 14:00 boten berrikuspena eta onespena Fadura kiroldegian eta bisita egoitzara.
- 16:00 Briefinga Fadura kiroldegian.
- Irailak 16, eguena:
- Goizeko saioa:
- 680 kilogramo gizonak.
- 580 kilogramo mistoa.
- Arratsaldeko saioa:
- 560 kilogramo gizonak.
- 500 kilogramo emakumeak.
- Goizeko saioa:
- Irailak 17, barikua:
- Goizeko saioa:
- 720 kilogramo gizonak.
- 600 kilogramo gizonak, 23 urte azpikoak.
- Arratsaldeko saioa:
- 640 kilogramo gizonak.
- 540 kilogramo emakumeak.
- 18:00 Hasiera ekitaldia:
- Goizeko saioa:
- Irailak 18, zapatua: Munduko Txapelketa.
- Goizeko saioa:
- 680 kilogramo gizonak.
- 580 kilogramo mistoa (WG).
- Arratsaldeko saioa:
- 560 kilogramo, gizonak.
- 500 kilogramo emakumeak.
- Goizeko saioa:
- Irailak 19, domeka: Munduko Txapelketa.
- Goizeko saioa:
- 720 kilogramo gizonak.
- 600 kilogramo gizonak, 23 urte azpikoak.
- Arratsaldeko saioa:
- 640 kilogramo gizonak (WG).
- 540 kilogramo emakumeak (WG).
- Goizeko saioa: