Burdineria eta forjaketa konpontzeko lanek bost hilabeteko iraupena izango dute, eta eragozpenak sor ditzakete, eraikinaren kanpoko alde batzuk hartu behar direlako obrako etxolak, aldamioak eta materialak jartzeko, eta makineriaren mugimendua izango delako.
Egindako jarduketei dagokienez, amaituta daude osoko bilkuren soinu-maila hobetzea, hormak pintatzea, tarima lixatzea eta bernizatzea, eta aurten eta 2022aren hasieran egin beharrekoak dira osoko bilkuren aretoko argiak berritzea, beheko eta lehen solairuak eraberritzea, komunak irisgarritasun-arauari egokitzea eta 0 solairuko artxibo-gunea eta bulegoak hobetzea. Halaber, datorren urtean, eraikina inguratzen duen perimetroa egokituko da.
Kanpoko balaustradak
Lau urte igaro dira Getxoko udaletxearen aurreko zabalgunea babesteko baranda metalikoetako bat apurtu eta, goitik behera erorita, hiru ikasle zauritu zirenetik. Ordutik, hesituta egon da balaustrada apurtuta zuen gunea, eta hura guztiz berreraiki du Udalak orain.
Udal-iturriek zehaztu dutenez, udaletxeko balaustrada osorik berreraikitzeko lanak 1925ean datatutako jatorrizko proiektuaren diseinuari jarraituz egin dira, "estilo neoklasikoko eraikinaren eta bere inguruaren estetika eta estilo arkitektonikoa gehien errespetatzen dituen aukera baita". Berreraikitzeko proposamena, jatorrizko proiektuarekiko ahalik eta fidagarriena, ondarearen ikerketan eta aldez aurreko azterketa historikoan oinarritzen da. Azterketa horiek udal Liburutegien eta Artxiboaren funtsakaz eta lankidetzagaz egin dira, balaustradak urteetan zehar jasan ahal izan dituen konponketak eta eraldaketak zehazteko.