Ongi Etorri Errefuxiatuak

Migrazio-politika duin eta eraginkorrak exijitu dituzte gaur Algortan

Iker Rincon Moreno 2021ko ira. 19a, 13:55

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, Europar Batasuneko egungo politiken, horren kide diren estatuen eta munduko beste toki batzuetako gobernuen politikak salatzeko asmoz, mobilizazioa egin dute gaur, domekan, Algortako Ereaga hondartza eta Portu Zaharrean: "Horien ondorioz, milaka migratzaileren hilobi bihurtzen ari diren itsasoen aurrean manifestatzera gatoz".

Urtero legez, aurten ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Europar Batasuneko eta bere kide diren estatuen gobernuen politika migratzaileak salatu dituzte "Itsasoak dakarkiguna" ekimenaren bitartez. Deitoratu dutenez, politika horiek gerrak, baliabideen ustiatze eta arpilatzea, goseteak eta muturreko pobrezia sortzen dituzte, "eta ondorio horiek migrazio-prozesuen jatorrian dute".

Dozenaka lagunek parte hartu dute gaurko mobilizazioan, zapi eta banderola horiz lagunduta. "Ez dugu geldirik egon nahi moralik gabeko neurri ankerren multzo horren aurrean", aldarrikatu dute.

Ereaga hondartzan hasi dute mobilizazioa, itsasoetan hildako migratzaile guztiak oroitzeko asmoz. Bertan, 10 minutu egon ondoren, bidezaintzako lege- eta segurtasun-bideak eta haien eskubideak bermatzea eskatu dute, harrera-lekuetan eta -lurraldeetan, baita gurean ere. "Alde horretatik, ezin dugu aipatu gabe utzi Afganistango egungo egoera. Europako gobernuek eta gureek harrera- eta asilo-politikak aplikatu behar dituzte beren erantzukizunekin eta giza eskubideen errespetuarekin bat etorriz", gogoratu dute.

Horrez gainera, herrialdeen arteko mugetako "nekropolitika" gaitzetsi dute, Irun-Hendaiakoa nabarmenduta. Halaber, bizitzaren aurkako gerran oinarrituriko migrazio-eredua salatu dute, baita pertsona migratzaileen esplotazioa, tratu txarrak, abusuak eta indarkeria arrazista "globala eta instituzionala" ere.

Horren aurrean, migrazio-politika duin eta eraginkorrak exijitu dituzte, "Atzerritarrei buruzko Legea kentzeko eta 'Erregularizazioa orain' aldarrikapenei erantzungo dizkietenak".

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote harrera-plan duin eta eraginkor bat gara dezala, "giza eskubideak errespetatzen dituena, ekonomikoki ondo hornitua eta udalekin eta foru aldundiekin koordinatuta". Horregaz batera, Europar Batasuneko beste lurralde batzuetarako migrazio-prozesuan, inguruotako herri eta lurrak zeharkatzen dituzten gizon-emakumeei "etengabeko arreta" emateko "benetako programa bat" behar dela aldarrikatu dute.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun