Beste urte batez, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek V. Marea Horia antolatu zuten zapatuan, abuztuaren 21ean. Egun eguzkitsuak lagunduta, dozenaka lagunek egin zuten ibilbidea Astondokotik Plentziako Ontziola plazara arte. Horiekaz batera, itsasotik ere hainbat piraguek ere hartu zuten parte ekimenean.
Ibilbidean zehar, hainbat aldarrikapen oihukatu zituzten; besteak beste, exijitu zuten Kanariar Uharteetara, Ceutara eta Melillara iristen diren pertsonen legez kanpoko itzulketak bertan behera uztea eta Atzerritarren Barneratze-zentroak (CIES) behin betiko ixtea. Horretaz gain, erregularizazio-neurriak ere eskatu zituzten, pertsona etorkinek beraien egoera legalizatu ahal dezaten.
Ontziola plazan egin zuten ekitaldian, "Euskadi solidarioa" aldarrikatu zuten, "beraien jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bati ekin behar diotenekin". Gainera, COVID-19aren pandemiak etorkinen egoera larriagotu duela ere deitoratu zuten, eta, horren aurrean, Europan Batasunari eta gobernuei exijitu zieten "erantzukizunak bere gain hartzeko", eta asilo-eskatzaileei harrera egiteko.
Ekitaldia amaitzeko, itsasoan desagertutako pertsonei omenaldia egin zieten, Agurra dantzatuz eta lore eskaintza eginez.