Azkorri-Andra Mariko eremuaren ingurumena babesteko eta hobetzeko plan integral bat aldarrikatu du Azkorri Bizirik taldeak

Iker Rincon Moreno 2021ko ira. 19a, 15:23

Dozena bat lagunek parte hartu zuten auzolanean. © AZKORRI BIZIRIK

Gorrondatxe hondartzako sarbidean dagoen zelaiaren ertzean egurrezko hesolak jarri ditu Azkorri Bizirik taldeak, sarbidea mugatzeko. Neurri horregaz, irailaren hasierako irudiak ekidin gura dituzte, naturagune hori aparkaleku erraldoi bat bilakatu baitzen. "Ingurumen-altxor bat daukagu, ez inbaditu", aldarrikatu dute ekologistek.

Irailaren hasieran Azkorri inguruan jazotako auto-pilaketei erantzun guran, Azkorri Bizirik taldeak auzolana egin zuen joan den domekan, hilaren 12an. Azaldu dutenez, dozenaka bat lagun bildu ziren ibilgailuen masifikazioari eta naturagunearen inbasioari muga jartzeko. Horretarako, Gorrondatxe-Azkorri hondartzako sarbidean dagoen zelaiaren ertzean egurrezko hesolak jarri dituzte, horretarako sarbidea mugatzeko asmoz.

Talde ekologistako kideek azaldu dutenez, egun bi lehenago, barikuan, Getxoko Udalak harri handiak jarri zituen zelaiaren sarreran, eta, zapatutik aurrera, Udaltzaingoak isunak ipintzen hasi zen galtzadaren alde bietan eta Goienetxen aparkatuta zeuden ibilgailu guztiei, marra horia gainditzeagatik. "Gidariak aparkatzeko mugarik ez izatera ohitu direnean, isunak jarri dira", deitoratu dute auzokideek.

Neurriok salatu ditu Azkorri Bizirik taldeak, "plangintzarik eta koherentziarik gabe" egin direlakoan. Izan ere, taldearen ustez, Azkorri-Andra Mariko eremu osoan ingurumena babesteko eta hobetzeko plan integral bat behar da, "mugikortasun jasangarriko plan bat jasoko duena".

Ekologistek diotenez, hori guztia azaldu diote Udalari "behin eta berriz, proposamen zehatzekin", baina aldeko erantzunik jaso ez dutela deitoratu dute.

Besteak beste, ibilgailu partikularreko mugikortasunaren alternatiba iraunkorrak jarri behar direla aldarrikatu dute, bizikleta eta autobusa bultzatuta, inguruko aparkalekuak aprobetxatuta, doako lantzaderak eta Getxobizi udal-zerbitzuaren bidez elkartuta, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun