Getxoko Udaltzaingoak hainbat jarduketa egin ditu asteburuan kale-zurruta ekiditeko

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 11:28

© GETXOKO UDALA

Ama Mesedeetako jaietako asteburuan, sare sozialetatik egindako deialdi baten ondorioz hainbat gazte elkartu ziren Areetan. Bertan, Getxoko udaltzainek Ertzaintzagaz elkarlanean, 68 esku-hartze burutu zituzten; besteak beste, 650 litro alkohol eta 18 bozgorailu atzeman zituztela jakinarazi dute.

Getxoko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek elkarlanean 650 litro alkohol eta 18 bozgorailu konfiskatu zituzten zapatuan, hilak 25, Ama Mesedeetako jai eguneko asteburuan antolatutako prebentzio-dispositibo berezian. Aurreko astean alkateak iragarri zuen ez zela jairik egongo "ohiko formatuan", eta kale-zurruta eta jaiak ekiditeko polizien presentzia indartuko zutela adierazi zuen.

Zapatutik domekara gauean, 18:00etatik 06:00etara arte iraun zuen esku-hartze berezia antolatu zuten poliziek, sare sozialetatik zabaldutako "elkarretaratze" baterako deia atzeman ostean. Bertan, 13 eta 17 urte bitarteko hainbat adingabek parte hartzeko asmoa omen zutela azaldu dute udal-iturriek.

Besteak beste, polizia agenteek Areetako Xake plazan presentzia indartu zuten, eta sare sozialetan ezarritako hitzordura hurbildutako hainbat gazteri hamaika litro alkohol konfiskatu zizkieten. Gainera, azaldu dutenez, Areetako eta Gobelako metro geltokietako eta Bizkaia Zubiko irteerak ere kontrolatu zituzten, baita Evaristo Churruca eta Areetako kaiak ere. Era berean, kalez jantzitako udaltzainek supermerkatuen eta auto-elikadurako dendetan zaintza-lanak egin zituzten, adin gabeei alkoholaren salmenta ekiditeko.

Poliziaren prebentzio-lanaren ondorioz, 68 jarduketa egin zituztela zehaztu dute, horien artean hurrengoak:

  • 650 litro alkohol konfiskatzea eta suntsitzea, bide publikoan kale-zurruta egin gura zuten gazteei.
  • 18 bozgorailu kentzea bide publikoan jaiak egin gura zituzten gazte-talde batzuei (gehienak Areetako Geltokia plazan eta Ibaigane kalean).
  • 10 pertsonen kontrako salaketak, kalean alkohola edateagatik eta COVID-19ko arauak ez betetzeagatik.
  • 15 urteko adin gabeko neska bat artatzea, intoxikazio etilikoagatik laguntza behar izan zuelako.
  • Borroka bi neutralizatzea. Batean laban bat konfiskatu zuten.
  • Gazte baten atxilotzea desobedientzia larriagatik eta agintaritza-agenteei aurre egiteagatik, kalean alkohola edateagatik salaketa jarri behar ziotenean
  • Ostalaritzako bost lokal salatzea, indarrean dagoen araudia ez betetzeagatik.
  • Bederatzi izapide ostalaritzako establezimenduei.
  • Salaketa merkataritzako lokal bati hiru adingaberi alkohola saltzeagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun